Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Guridi txukuna

Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Cuarteto Quiroga

Lekua: Kursaaleko ganbera aretoa. Eguna: abuztuak 18.

Duela hamarkada gutxi Madrilgo Reina Sofia Musika Eskolak gaitasun handieneko musikariak bildu zituen. Gaur egun, musika ikasketak garatzeko, kontserbatorio anitz ditugu gure inguruan, eta ez dira bizpahiru eskolatan biltzen etorkizuneko musikarien ezagutzak. Quiroga hari laukoteko kideak Madrilgo aipatutako eskolan elkartu eta egin zuten ibilbidea, eta, nahiz eta Casals laukotearen mailara ez iritsi, lan duin eta dotore bat azaltzeko soberako argudioak dituzte.

Jesus Guridi gasteiztarra omentzen ari dira Musika Hamabostaldian, eta honakoan haren Bigarren Laukotea genuen entzungai. Melodia errepikakorrak, erritmo biziak laukotean sakabanatuta eta lehen biolinaren lidergo nabarmena. Obraren lau ataletatik Adagio sostenido pasartea izan zen interesgarriena, txukuntasun bereziz eskainia, harmoniak asmo biziz zintzilik utziz. Hala ere, Aitor Hevia biolin jotzailearen soinu distiratsua gehiegizkoa izan zen laukotearen soinu oreka ederki mantentzeko garaian, kontzertu osoan lau izan ordez hiru gehi bat ziruditelako.

Indarra, barneko sentipen guztiak barreiatzeko grina eta entzuleria sorgintzeko asmoak argi asko utzi zituen Quiroga laukoteak. Irizpide gogotsu horietan bikain aritu arren, laukotearen musika eratzean desorekak pilatzen joan ziren. Nahiz eta Hevia zital azaldu —askotan gehiegizko indarkeria erabili zuen arkua eratzean—, ez du aldamenean musika elkarrizketetan parte hartzen duen hirukote lotsagabe bat. Cibran Sierraren lana ezkutuegi, erosoago sentitu genuen bigarren maila batean, Heviaren egundoko soinuarekin ondo txertatu beharrean. Denes Ludmany talde interpretazioan bakarkakoan baino ziurrago aritu zen, eta Helena Poggio biolontxelo jotzailea sostengu sendoa izan zen bere adiskideentzat. Beethovenen obran laukotea zalantzati azaldu zen melodien arteko garapenetan, talde laneko zailtasunak gainditzeko askotan borondatezko indar eta kemena larregi erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.