Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia

Gospela baino askoz gehiago

2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Jose Gereñu 'Gere' & Lou Marini / Craig Adams & The Voices of New Orleans

Lekuak: Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia.Eguna: uztailak 11.

Ikusleen kopuruari erreparatuta asteleheneko kontzertu nagusia Mendizorrotza kiroldegikoa izan bazen ere, Principal antzokiko kontzertuak merezimendu osoz irabazi zuen tarte zabala lerro hauetan. Izan ere, Euskal Herriko eta atzerriko musikariak elkarrekin aritzeko aukera ematen duen Konexioa egitasmoan, aurten, Jose Gereñu Gere gasteiztarra eta Lou Marini saxofonista estatubatuarra entzun genituen.

Azken hori ezaguna da The Blues Brothers taldearen sortzaileetako bat izan zelako. Hasieratik nabaritu zen saxofoi jotzailearen lidergoa, berez banda Gererena izan arren, musikariak berak markatutako eremura erakarri zituelako. Hala ere, biek eskuzabal jokatu zuten kontzertu osoan zehar, beste partaideei leku zabalak eskaintzen beren inprobisazioak egiteko, eta, adibide gisa, Gereren baxu elektrikoaren lehen soloa kontzertuak ordubetea igaroa zuenean entzun genuen. Ordura arte, bigarren plano batean geratu zen, bere lana txukun egiten eta bere burua nabarmendu gabe. Jokaera hori ezohikoa da, bereziki kontuan hartzen bada bera dela izenburuan agertzen den artista behinena.

Izenburu bitxia duen Hippity, Hoppity, Bippity, Boppity piezak eman zion hasiera saioari. Lou Marinik konposatu zuen pieza hori duela urte batzuk eta funky eta bebop estiloak nabarmentzen dira bertan. Gereren Tribal Dance etorri zen gero, argitaratu berri duen La gran casa diskotik ateratako tema bat. Lan pertsonalagoak landu zituzten gero, adibidez, Louk bere emazte Carmencitari eskaini dion Cita con Cita tema jostagarria, eta Gerek urteetan bizitoki izan zuen Buradon Gatzaga herriari oparitu zion Salsa de Buradón. Une hunkigarriena Gerek joan berri den Pedro Gereñuri ahots kraskatuaz eta malko bana begietan Agur Jaunak esan zionekoa izan zen.

Mendizorrotzako aretoan, gospelaren izarretako bat ikusteko aukera izan genuen. Craig Adamsek bizitasun handiz ekin zion kontzertuari eta dena eman zuen oholtza gainean egon zen denboran, gehienetan pianoaren teklak gogotsu sakatuz eta noizean behin zutik dantzatuz. Harekin batera etorri ziren kantariek eta abesbatzak ere saio polita egin zuten.

Entzuleen hoztasuna

Zalantzarik gabe, ikusleok ondo pasatu genuen kontzertuak iraun zituen bi orduetan, baina beharbada artista estatubatuar horientzat gure erantzuna hotz samarra izango zen. Entzutera joaten gara kontzertu batera eta ez daukagu ohiturarik bat-batean altxatzeko eta dantzan hasteko, haiek egingo luketen bezala. Hala ere, festa giroa When the Saints Go Marching In abestiarekin lehertu zen, Craigek jendea oholtzara igoarazi zuenean eta kalejira modukoa egin zutenean. Harez geroztik, jendearen erantzuna animatuagoa izan zen. George Harrisonen My Sweet Lord eta Louis Armstrongek estreinatu zuen What a Wonderful World izan ziren errepertorioko beste bi bitxi ezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.