Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Gerran galdu, eta gerra galdu

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Mientras durela guerra'



Zuzendaria:Alejandro Amenabar. Aktoreak: Karra Elejalde, Eduard Fernandez, Santi Prego. Herrialdea: Espainia-Argentina. Iraupena:107 minutu.

Gerrak irauten duen bitartean, ez du bere lekua zein den aurkitzen, galdu egiten da, eserlekuz aldatu aldiro, agian Unamunori aurpegiratu izan zaion bezala. Amenabarren azken filmak lanak ditu hartu duen erronkari eusteko. Zuzendariak Miguel Unamuno pentsalariaren inguruko pasarte ezagunenetako bat hartu du bizkarrezur moduan. 1936ko gerraren hastapenetan kokatuko gaitu zuzendariak, altxamendu nazionalaren testuinguruan, eta Salamancako Unibertsitatean errektore lanetan zegoen Unamunoren ibilbide ideologikoan.

Filma indarrez hasten bada ere, eta Unamunoren irudia sinesgarria egiten bazaigu ere, tramak aurrera egin ahala —estropezuka tarteka— irudikatutako pertsonaia txatxutzen ikusiko dugu, zirriborratzen, karikaturizatzen. Tamalez, pentsalaria beharko lukeena aitona marmarti hunkigarri izatera pasatuko da.

Tamalgarria da zuzendaria eskuartean duen gaiari heldu ezinik dabilela sumatzea. Modu sinpleegi eta manikeo batean landutako pertsonaien bitartez doa aurrera trama irregularra. Asmoa, antza, Unamuno bere zor etikoaz libratzea litzateke, eta ezin izango du, erritmo balantzatian garamatzan in crescendo nahasi batek azkenik pentsalariak egin zituen deklarazioetan paratuko gaituen arte.

Erretratuak ez dio mesederik egiten; agian ez dago zer salbatzerik, horrelakoxea izan zelako gertatutakoa, baina Unamunoren sakontasunaren absentzia nabaria da, eta horrek ez dio gehiegi laguntzen. Bestalde, interesgarria da gertakari historikoen azalpena, eta aktoreen lana ere goraipagarria dela esan beharra dago, batez ere Patricia Lopez eta Santi Pregorena, Unamunoren alabaren eta Francoren roletan, hurrenez hurren.

Ausardia behar da —hau onartu beharrekoa da— hautatutako gaiaz hitz egiteko, noiz eta egunotan, klima politiko ezegonkor eta eskuindarraren lotsagabekeriaren kiratsa muturrean dugunean. Historiaren atal ilunenez hitz egitea saihestu izan da Espainian, eta Amenabarren apustua eskertzekoa da neurri batean. Baina apustuetan muturrekoa izatearen aldekoa naiz: edo dena edo ezer ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.