'Tinker, Tailor, Soldier, Spy'
Zuzendaria: Tomas Alfredson. Aktoreak: Gary Oldman, Colin Firth, Tom Hardy, John Hurt, Benedict Cumberbatch, Mark Strong, Ciaran Hinds. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 127 minutu.
Gerran borrokatu ziren horiek haien pentsamoldearen araberako mundua zuten helburu. Urteak pasatu ahala, zahartzearekin batera, oker zeudela hasiko dira konturatzen. Garai bateko lagunak etsai bihurtuko dira; adiskidantza giroa, mesfidantza eta susmoa. Aspaldiko hitz potolo horiek —askatasuna, justizia— arrotz gertatutako zaizkie guztiz. Ustelkeria eta saldukeria nagusitu ziren aspaldian, garai baten akabera da.
Aro iluna da George Smileyk bizi duena. Espioi isil eta patxadatsuak —aparta Gary Oldmanen lana— jakin badaki sator bat dela erakunde barnean, baina askoz ere satorgai gehiago dituela inguruan. Bilaketa hasiko du, eta bide horretan ohartuko da denbora ez dela alferrik pasatu, dena grisago bihurtu dela, burokraziak irentsi duela gaztaroko ilusio eta kemena.
Espioitza generoaren mozorropean, Tinker, Tailor, Soldier, Spy garai baten amaieraren zinemaratze bikaina da. Erritmo ezin egokiagoan, gaur egun gogaikarri bihurtu dituzten akzio, tiroketa eta jazarpenik erabili behar izan gabe, Tomas Alfredsonek ederki girotu du krisialdian dagoen sistema ustel baten gainbehera.
70eko hamarkadako Gerra Hotza da, baina igual-igual izaten ahal dira kapitalismo garaikidearen edo demokrazia deitzen duten kutxa beltz hondoratze estrukturalak. Ez da nostalgiarik pelikulan, eta atzera begirako izanik, gaur-gaurkoa da Smileyren begirada isila.
Pelikulak ihes egiten dio generoaren araberako sailkapenari. Tematikoki zein girotze aldetik, The Good Sheperd (Robert de Niro, 2006) hotzarengandik hurbil egotean ahal da, baina atzean dagoen asmoa oso bestelakoa da. Norman Mailerren Harlot´s Ghost eleberri mardula legoke amets bihurtu den amesgaizto honetatik hurbilago. Dena den, espioitza mundutik kanpo bilatzea litzateke zuzenena, belaunaldi oso baten desilusioa marrazten duen C'eravamo tanto amati (Ettore Scola, 1974) horretan, esaterako.
Zaila izaten da halako eleberri baten istorioa pantaila handira taxuz eramatea; oraingoan bete-betean asmatu du Tomas Alfredsonek. Sobera zeuden elementu guztiak baztertu —liburuan askoz ere protagonismo handiago duen Smileyren emaztea itzal bihurtzeraino—, eta trama eta azpitrama artisauaren trebezia harilkatu ditu. Matrioska bat da kontakizuna, eta eredugarria da filmak bere barnean gordetzen dituen zeharkako istorioak —Budapest eta Istanbulekoak— nola dauden kontatuta.
Kritika. Zinema
Garai ustelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu