Kritika. Artea

Fusioa eta berrasmatzea

Euskarri handiko eta txikiko obrak jarri dituzte erakusketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
'Ispilua alderantziz'

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: irailaren 2ra arte.

Bilduma oro arbitrarioa eta ideial jakin batzuen isla da, urteetan artelanak bilduz joan ahala identitate bat lortzen doana. La Caixa eta Macbak hurrengo lau urteetarako beraien funtsen fusioa sinatu ostean —arte garaikidearen bildumagintza, pribatua eta publikoa, ulertzeko bi era ezberdin: batez ere 80ko hamarkadako merkatuko artistengan zentratua lehena; arte modu kontzeptual, aktibista eta periferikoan bigarrena—, Bilbon bilduma horien hautaketa biltzen duen erakusketa aurkeztu dute, azken 50 urteetako mugimendu artistiko esanguratsuenetako asko barne hartzen dituena.

Izen handiko 52 sortzaileren hainbat euskarritako 100 bat lanez osatua —izan margolanak, argazkiak, eskulturak zein instalazioak—, oro har abiapuntu estilistiko eta kontzeptualetan oinarritutako gune tematikotan banatzen da erakusketa. Lehen aretoan —historikoena—, espainiar informalismoa ordezkatu zuen gerraosteko egoera artistikoa berpizten eta abangoardia errekuperatzen lagundu zuten Dau al Set (1948-54) eta El Paso (1957-60) taldeen etsenpluak erakusten dira, hala nola Rafael Canogar, Antonio Saura eta Antoni Tapiesen margolanak, bi mugimenduak konparatuz eta garai hartako produkzio artistikoaren gestualitate dramatikoa agerian utziz.

Bere aldetik, argazkigintza oso presente dago. Dusseldorf eta Vancouverreko eskoletako artistek, beste independente batzuekin batera, paisaia urbanoaren kontzepzio berritzailea agertzen dute, formatu handien eta abandonatutako espazioen errepresentazioaren bidez, eta abiapuntu objektibo batetik posizioa hartuz. Thomas Struthen bista alemaniar eta newyorktarrek zein Thomas Ruffen arkitektura deshumanizatuek Andreas Gurskyren ikusgarritasunarekin eta Jeff Wallen eszena koloretsuekin kontrastatzen dute, baina guztietan dago urbanoarekiko eta industrialarekiko ikuspegi estetiko fineko hurbiltze analitikoa. Bestetik, ez dira falta identitatearen eta generoaren ikuspegitik giza gorputza tratatzen duten argazkiak; orokorrean begiarentzat inpaktua bilatzen duten piezak dira, arte erlijiosoarekiko gomuta argiak dituen Vanessa Beecroften Madonna beltza bikiekin (eskuina) (2006) ederra, zein bere familiakideak bezala irudikatuz ikuslea aztoratzen duten Gillian Wearingen autorretratu simulatuak, kasu.

Proposamen kontzeptualei dagokienez, ekintza performatiboen sorreran kokatzen diren lanak ditugu gehienbat, bai gune katalandarrekoak, bai nazioartekoak: Angels Ribe, Fina Miralles, Vito Acconci, Martha Rosler... Alabaina, usu halako lanekin gertatu lez, zailtasunak agertzen dituzte erakusketa espazioan ikusleekin konektatzeko, beren jatorrizko izaera iragankorragatik eta jasotzen dituzten eta erakusgai diren euskarrien izaera dokumentalengatik. Hala, erakusketako gune hotz eta aspergarriena dugu.

Bestalde, ikuspuntu bisualetik oso ondo funtzionatzen du formatu erraldoiko eta egikera anitzeko pieza plastikoak hartzen dituen erakusketako areto handienetakoak. Besteak beste, Julian Schnabel, Enzo Gucci, Gunther Forgen piezen artean, Sigmar Polkeren Triptikoa (1989) erakargarri eta delikatuarekin batera, Michelangelo Pistoletto italiarrak aurkezten duen Ispiluaren arkitektura (1990) barrokoa da, hain justu hala kokatuta beste lanekin eta ikusleak espazioan duen lekuarekin jolas ezberdinak ahalbidetzen dituelako, nabarmentzekoa.

Aipagarriak dira ere Damian Ortega mexikarraren Behar bezalako oinarririk gabeko mugimendua (egonkortasuna eta ekonomiaren hazkundea) (1999-2003), gaurkotasun politiko eta ekonomikoaren proposamen metaforikoa, zein Ernesto Neto brasildarraren Globulocell (2001), taxuera biomorfodun indar estetiko handiko lana. Gibel solas lez, Tapies eta Barcelo, pintura kataluniarraren bi pope nagusien margolan bana, biak ala biak artisten produkzioaren erakusgarri argiak, egikera erakargarri eta antzekotasun kromatikoagatik, elkarrizketa eraginkorra lortzen dutenak.

Elkarren osagarri ditugun bildumak izaki, komisarioak nazioarteko artegintzaren alderdi nabarmenetako batzuk aurkezten ditu, hainbat balio eta zeinutako piezen hautaketa sorta bidez. Hainbat interesekoak ditugu beren baitan, baina beste zenbaitzuek, interes propioagatik ez, egileen entzuteagatik aukeratuak dirudite —Felix Gonzalez-Torres, Francesc Torres, Tony Cragg edo Lothar Baumgartenenak, kasu—; izan ere, erakusketako diskurtso orokorrean ez dira nahitaezkoak, ez baitaude erakusketako bataz besteko mailaren baitan, edota beste autoreek agertutakoa errepikatzen baitute.

Funtsean, fusioaren ostean berrasmatu diren La Caixa eta Macbaren bildumen inguruan kontakizun bakarra barik, irakurketa modu ezberdinak errazten dituen erakusketa dugu, salbuespenak salbuespen, lehen mailako piezen arteko elkarrizketa berriak proposatuz, esperientzia artistiko abegitsu eta askotarikoa eskaintzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.