'The Five-Year Engagement'
Zuzendaria: Nicholas Stoller. Aktoreak: Jason Segel, Emily Blunt, Chris Pratt, Rhys Ifans eta David Paymer. Herrialdea: AEB. Iraupena: 124 minutu.
Ezkontza helburu eta, era berean, lasterketa oztopo gisa; horixe izan da azken urte luzetan helduentzako komedia erromantiko estatubatuarraren gai nagusietako bat.
Instituzio horren inguruan eta harekin datorren parafernalia sozialarekin, zeharkako gai mamitsu asko lantzeko materiala sortzen da. Nerabeentzako komedietan institutu giroa izaten da gatazka gune nagusia; helduentzakoan, berriz, adin jakin batekin ia ezinbestekoa ematen duen bizitza berri hori. Giza izaeraren ispilu den amaierarik gabeko urre meategia.
Ezkondu edo ez ezkondu, ez da hori The Five-Year Engagement-ek planteatuko duen zalantza. Ezkontzeko erabakia hartua dago; kontua da nola eta, batez ere, noiz egiten ahal den. Hori da filmaren berezitasunetako bat. Azkenaldiko komedia gehienek prestakuntzaren ingurumaria aprobetxatu dute irri eginarazteko; horietako batzuk emaitza onarekin: The Hangover (Todd Phillips, 2009) eta Bridesmaids (Paul Feig, 2011).
Filmean bikote harremana itxuraz ongi doa; ez dago lainorik haien zoriontasunaren mugaertzean. Elkar maite duten gazteak dira, eta ezkondu behar dute. Baina ez omen da momentua; inoiz ez da momentua. Eta hona Nicholas Stolleren filmaren bigarren berezitasuna. Ohiko rolei buelta ematen asmatu du, ohiko egoera bat modu berri batean planteatuz. Alde horretatik, pena da azkenean filmak zabalduko duen mezua horren otzan eta politikoki zuzena izatea.
Berezitasun horiek kenduta, gainerakoan komedia berriaren eskema ezagunak segituko ditu The Five-Year Engagement-ek. Plataforma bideo jokoetan bezala, langa bat bestearen atzetik gainditu beharko dute protagonistek haien harremana salbatu ahal izateko. Inguruan bigarren mailako pertsonaia galeria xelebrea izanen dute, eta horiek aberastuko dute istorio nagusia. Tarteka ikuslearen harridura piztuko du filmak, ukitu basati eta ozpin batzuen bitartez.
Ezuste handirik gabe —Judd Apatow ezaguna da ekoizlea—, baina artez bete du bere lana Stoller zuzendariak, lehen mailako bi aktoreren laguntzarekin. Beharbada, istorio gehiegi luzatu izana da egiten ahal zaion kritikarik handiena; gainerakoan, generoaren barruko film txukun eta dibertigarria da filma.
Kritika. Zinema
Ezkontzearen zama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu