Artea. Kritika. Artea

Etorkizunari begira, adio

Gorputzari buruzko atal bat dago erakusketan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
'Re.Act.Feminism # 2. A Performing Archive'

Lekua: Montehermoso kulturunea. Gasteiz.Noiz arte: urtarrilaren 15era arte.

Xabier Arakistainek Gasteizko Montehermoso Kulturunean zuzendutako proiektua bere bukaerara heldu da bost urteko ibilbide bizi eta bereziaren ostean. Hark kudeaturik, kultura garaikidea sustatzea helburu duen zentroak identitate markatua lortu du, bereziki artea eta feminismoa elkartuz eta produkzio artistiko gazteenean arreta berezia jarriz. Mainstream politiketatik aldenduz, pentsamendu kritikorako espazio hori, nazioarteko zentro erreferente bihurtu da, instituzio publikoen zereginaren eredu izateraino. Ohikoa izan duen eran, bukatzeko ere, hainbat erakusketa hartzen ditu aldi berean, eta horien artean esanguratsuen deritzogunean jarriko dugu arreta: ur biltegian kokatzen den Re.Act.Feminism # 2. A Performing Archive proposamenean, hain justu.

2008tik aurrera re.act.feminism izenarekin inspirazio feministadun eta genero ikuspegidun performancea aztertzen duen bideo-artxibo proiektuaren zati denak, geografikoki eta kulturalki eurozentrismoaren mugak gainditu nahita, Europako, mundu arabiarreko, AEBetako eta Hego Amerikako 125 artista kolektibo eta indibidualen lanak biltzen ditu. Agian, berezitasun nabarmenena bere izaera ibiltaria du; izan ere, hurrengo bi urteetan Europako beste bost herrialdetara (Kroazia, Polonia, Estonia, Danimarka, Alemania) igaroko da. Hala, ibilbide luzeko ekimenean, Gasteizkoa geltoki bat baino ez da. Erakusketek, proiektuek, elkarrizketek eta performanceek osatzen dute artxiboa; batez ere, film eta bideo lanek, baina badira hainbat argazkia eta testu ere. Zehazki, 60-80ko hamarkada bitarteetan gauzatutako performance feministak eta genero mailara hurbiltzen diren ekintza artistikoak biltzen dira, nahiz eta egungo produkzio artistikoa ere aintzat hartu.

Sortu eta berehala, performancea, ekintza eta diziplina artistiko gisa, mugimendu feministaren barruan genero rolen kritika egiteko produkzio modu garrantzitsua bihurtu zen; batez ere, gorputzarekin daukan erlazio zuzenarekin, aukera asko ahalbidetzen baititu genero ikuspegitik identitatearen gaineko hausnarketa egiteko. Adierazpen artistikoen mugak muturrera eraman ziren, eta, besteak beste, testuinguru horretan emakumeak arte sisteman sortzaile eta eragile bihurtu ziren, mendeetan objektu izan ostean, eta arte kontzepzio tradizionalenekiko erresistentzia aktiboa proposatu zuten, sarritan ekintza performatiboen bidez. Dena den, izaera efimeroa duenez, ikusten duenarentzat benetako esperientzia errepikaezina izan arren, ezinbestekoa da berau erregistratzea.

Feminismoan, queer teorian eta estrategia artistikoan nabarmendu diren lanak aukeratu dira, aniztasun handikoak, eta multzo tematikotan banatuta daude erakusketan, hala nola naturarekiko harremanak, gorputzaren erresistentzia eta kontrol lanak, nortasunaren eta subjektibotasunaren gaineko auziak, feminismoaren barruko mugimendu askotarikoak —sarritan kontraesankorrak—, emakumeen ikuspegitik garaturiko artearen historia, eta abar—. Informazioa hain da handia eta sakona, interesa duenak hainbat bisita egin beharko baititu. Baina, higigarritasunaz gain, haren balio nagusietakoa da artxibo irekia dela; izan ere, denborarekin aberastuz joango baita. Bizirik dago, bere barruan performance bat izango balitz bezala.

Nabarmentzekoa da publikoak material guztiak eskuragarri izatea. Telebista pantaila txikietan, proiekzio handietan zein zintzilikaturiko marrazki eta testuetan ez ezik, artxiboko katalogoko lanak aukeratu eta berariaz ikusteko abagunea du bisitariak horretarako preseski antolaturiko txokoetan ere. Artxiboko informazioa Internet sarean ere bada eskuragarri (http://www.reactfeminism.org), eta hain zuzen horrek ematen dio benetako zabalkundea egungo gizarte globalizatuan.

Iraganaren une batean kokatzen gara mota horretako artxibo baten aurrean, eta gaurko errealitatea —bai artistikoa, bai soziala— interpretatzeko hainbat klabe ahalbidetzen ditu. Inplikazio kontzeptualenez gain, helburu nagusia da gertakari horiek historiaren barruan hartu eta belaunaldi berriei helaraztea, ahalik eta zabalkunde handienarekin. Zaila da halako arte produkzioaren dokumentazioa eskuratzea, eta, horregatik, beharrezko ekimenak ditugu, bere horretan gal ez daitezen.

Kultur politika modu baten oinarriak finkatuta, etorkizunera begira zabalkundea izango duen proiektu batekin diotso adio Montehermosok artegintza eta kudeaketa kulturala ulertzeko modu bati. Egiaz, zaila da lerro gutxitan bost urteko kudeaketaaren balorazioa egitea, baita aldaketaren kausak identifikatu eta epaitzea ere; baina egon ahal izan diren argi-ilunak gorabehera, eta etorriko dena ezagutu barik, euskal sorkuntzaren munduan genero ikuspegiaren barruan erreferente funtsezkoa izan denaren galera ez dugu, inondik ere, berri ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.