KRITIKA. Zinema

Eraldaketa eta askapen prozesua

Jimmy's Hall filmaren fotograma bat.
Gontzal Agote.
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

'Jimmy's Hall'

Zuzendaria: Ken Loach. Aktoreak: Barry Ward, Simone Kirby, Andrew Scott, Jim Norton, Brian F. O'Byrne, Francis Magee, Karl Geary Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 106 minutu.

Askatasunaren bidearen bila ari diren herrialdeetarako gaurkotasun handiko gaia dakar Ken Loachen azkenak. Ez da ikasgai berria, baina tarteka horri erreparatzea ez dago sobera. Filmak erakusten duenez, emantzipazio prozesu bat guztiz hankamotz gelditzen ahal da subiranotasuna berreskuratzearekin batera askatasun sozial eta ekonomikoa lortzen ez bada.

Berriro ere Irlandara jo dute Loachek eta Lavertyk historiaren gaineko irakurketa kritikoa egiteko. Herrialdearen zati batek independentzia lortu zuen iragan mendeko 20ko hamarkadan, baina horrek zatiketa eragin zuen irlandarren artean: sinplifikatuz, statu quo mantentzearen alde zirenak, eta aldaketa soziala eragiteko aprobetxatu nahi zutenak.

Behin baino gehiagotan aipatu izan da Euskal Herriaren eta Irlandaren prozesu politikoek ez dutela zerikusi handirik. Nolanahi ere, argigarria da Jimmy's Hall-ek gure herriarekiko planteatzen dituen hainbat parekotasun: iragan mende hasierako gizarte kontserbadorea, eraldaketa sozialerako lehen mugimendu abertzaleen loratzea, Elizaren rol autoritarioa...

Horiek eta sotilagoak diren faktore kulturalak ere bai, hala nola hainbat dantza motaren deabrutzea eta kultura adierazpenen folklorizazioa.

Zoritxarrez, gai interesgarri hau ez zaigu ailegatu Loachen pelikula onenaren bitartez. Azken urteotan behin baino gehiagotan gertatu zaion bezala, gehiegizko manikeismoa antzematen da Jimmy's Hall-en. Zintzo-zintzoak diren borrokalari engainatuak daude, eta horien arerio diren gaizto baino gaiztoagoak diren gaizkiaren indar ilunak. Horren ondorioz, pertsonaiak sobera eskematiko gertatuko dira. Horrekin batera, amodio istorio baten zirriborroa du pelikulak, mamiari deus gutxi ekarriko diona.

Horiek horrela, Innisfreeren itzalpean hasiko den filma gain behera joanen da, eta azkenerako soilik eztabaida politikorako hainbat ideia utziko dizkigu Jimmy's Hall-ek. Akaso hori zen helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.