'Americano'
Zuzendaria: Mathieu Demy. Aktoreak: Mathieu Demy, Salma Hayek, Geraldine Chaplin, Chiara Mastroianni, Carlos Bardem. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 105 min.
Jacques Demy izan da aurten Zinemaldiko protagonistetako bat. Atzera begirakoa eskaini zaio eta, hona hurbildu dira haren emaztea, Agnes Varda zuzendari ezaguna, eta haren aktore kuttuna, Catherine Deneuve.
Omenaldia borobiltzeko, sail ofizialean Mathieu semeak bere lehen filma aurkeztu du. Berez fikzioa da Americano-k kontatzen duena, baina oso kutsu autobiografikoa du. Ez soilik zuzendaria bera delako protagonista; amaren bila abiatuko den pertsonaia horrengan erraz aski ikusten ahal da aitaren bila joan nahi duen zinemagilearen erreflexua.
Are gehiago, haren oroitzapenak ilustratzeko Vardak familiari buruz egin zuen dokumental bateko irudiak baliatu dituenean. Erreferentzia biografiko nabarmenen jokoarekin amaitzeko, protagonistak bilatu beharreko amaren lagunak Lola du izena, Demyren lehen filmak bezala.
Meta-zinemaz harago, road-movie ezohiko eta gorabeheratsua da Americano, hasiberriaren ilusio eta bizioak uztartzen dituen lana. Frantzia-Los Angeles-Tijuana ibilbidean aspaldian desagertutako amaren oroimena berrosatzen saiatuko da Martin inozoa.
Hildakoaren arimaren bila, hasierako errealismotik mundu oniriko batera egiten du lanak. Baina bere bilaketa alderraia infernuan murgiltzeko gonbidapen izaten hasten da. Eta orduantxe Demy gazteak gelditzea erabakitzen du; norabide horretan segitu ordez, amaiera eztitzen saiatzen da. Erabaki horrek herren utziko du ordura arte dezenteko interesa zuen istorioa. Bidaiarekin segitu beharrean, ama-aitarekin ahaztu eta etxearen epelera itzultzea erabakitzen du Martinek.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Denbora galduaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu