Kubako Dantza Garaikidea
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.
Eguna: otsailaren 26a.
Arrakasta handiz eta Arriaga antzokia beteta zegoela aurkeztu da gurean Kubako Dantza Garaikideko Konpainia. Ondo diseinaturiko egitarauak hiru zati eduki ditu, eta haietariko lehena —Demo-n/Crazy— Rafael Bonachelak sinatu du.
Bonachela katalana britainiartzat jotzen da Londresen finkatu duelako bere karrera artistikoa, eta orain urte batzuk hiru pieza txiki eta labur ekarri zituen Dantzaldia jaialdira. Oraingo hau, ordea, askoz handiagoa eta luzeagoa da, eta aukera polita eman digu koreografoaren hiztegi aberatsa eta estilo dinamikoa ezagutzeko. Koreografiaren diseinuak zorabiatzeko moduko konplexutasuna eduki du eta dantzariek solista bezala nahiz talde osoan —hogeita bi kide— jardun dute, indar handiko pasarteak eraikiz eta haien guztien birtuosismoa behin eta berriro agerraraziz.
Banan-banakako eboluzioak kementsuak eta leunak izan dira aldi berean, dantzarien mugimendu kalitatearen erakusgarri, eta talde handiko pasarteetan agerian geratu dira guztien arteko koordinazio zehatza eta perfekzio tekniko gaindiezina. Dantzariak ia biluzik ibili dira hasiera batean, gizonek beren muskulatura eta emakumeek beren forma perfektuak erakutsiz, eta denbora aurrera joan ahala beste arropa arin batzuekin jantzi dira, betiere zuri kolorean. Piezaren handinahitasuna gorabehera, taldeka egindako eskultura dinamiko hotzek eta kutsu dodekafonikoko partitura latzek —Razones bolero ederra eta Ne me quitte pas kantaren bertsio polit bat ere egon diren arren— garai bateko futurismoa ekarri digute gogora, nahiz eta oraingo dantzaren panoraman ez dakigun zein betekizun ote duen.
Folia izan da gaueko bigarren saioa, eta badirudi Jan Linkens-en piezak dantza kolektiboen liraintasuna goraipatu nahi izan duela. Erdi Aroko eta Errenazimenduko doinuetan oinarrituta, gortesau-dantza garaikideak garatu dira hasieran eta Gershwinen estiloko zinema-musikak areto-dantzak girotu ditu geroago. Gorri kolorekoa izan da dantzari guztien arropa, besoak eta hankak begien bistan utzita, baina beranduago gona luze dotoreak jantzi dituzte gizon zein emakumeek eta nabarmenagoa izan da koreografiaren helburu bakarra dantza hutsarekin gozatzea zela.
Azkenik, Mambo 3XXI etorri da. George Enrique Cespedes Aguileraren lan honek Kubako dantza aberastasun itzela erakusten du, gimnastika kolektiboko ariketetatik hasi eta irlako alaitasun koloretsura heldu arte, betiko doinuak eta gaurko joera teknologikoak soinu-banda sormentsuan elkartuz. Hiru piezak ikusi ostean, ordea, nolabaiteko nekea sortu didate maila estetikorik harago emoziorik bidali ez diguten koreografiek, eta pentsakor geratu naiz dantza hutsaren gozamenaz.
Kritika. Dantza
Dantza hutsaren gozamenaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu