'Juan de los muertos'
Zuzendaria: Alejandro Brugues.
Aktoreak: Alexis Diaz de Villegas, Jorge Molina, Andrea Duro, Andros Perugorria, Jazz Vila.
Herrialdea: Espainia-Kuba.
Iraupena: 100 minutu.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren DonostiakoAstea amaitzear den honetan, antolatzaileek Alejandro Brugues zuzendari argentinarraren Juan de los muertos dibertigarria aukeratu dute aurtengo edizioari agur esateko. Funk doinuek zalantza guztiak uxatzen dituzte; filmak publikoari barre eginaraztea du helburu, ez dauka beste asmorik. Tarantinok bezala, jolasa atsegin du Personal Belongings (2007) opera prima-ren egileak, eta irakaspenak alde batera uzten ditu. Jai honetara mundu guztia gonbidatu du; hori bai, ikuskizunaz gozatu ahal izateko ongi pasatzeko gogoa edukitzea ezinbestekoa da. Zinemagile gaztearen kezka bakarra publikoa pozik uztea baita eta umorearen bidez dena zalantzan jartzen du. Hasieratik argi geratzen da komedia zoro baten aurrean gaudela eta egileak ez du inor engainatu nahi izan. Egia esateko, helburua primeran betetzen du; barre algara ugariak eragiten ditu eta momentu atsegina pasatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Zonbiak protagonista dituen komedia bihurri eta lotsagabea da, eta pantailan indarkeria askotxo ageri den arren heriotza horiek ez dute gorputz txarrik uzten. Habanako heroientzat euliak akabatzea bezala da, ez duzu ezertxo ere sentitzen. Kubatarrek beste era batera hartzen dituzte gauzak eta zonbien iraultzari ere umore handiz aurre egingo diote. Habanako kaleak zonbiz beteta daude, baina Juan eta haren lagunek dena kontrolpean dute. Ez dute patxada galtzeko asmorik, rona geratzen zaien bitartean zoriontsu baitira. Komunikabideak arazoa ezkutatzen saiatuko dira zonbiak Estatu Batuek gidatutako disidenteak direla esanez, baina gobernuak eta poliziak zeresan gutxi daukate kasu honetan. Juanek ez du inoren laguntzarik behar, jaio zen une beretik bizirik irautea izan baitu bere eginbeharra. Apokalipsia Kubara iritsi da, baina herritarrek ez diote ezeri beldurrik.
Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
'Dance tonight! Revolution tomorrow?'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu