'Headhunters'
Zuzendaria: Morten Tyldum. Aktoreak: Aksel Hennie, Synnove Macody Lund. Herrialdea: Norvegia. Iraupena: 100 minutu.
Stieg Larssonek eta haren Millennium sailak sortu duten moda eskandinaviarra ez da literaturara mugatzen. Mundu osoko liburu dendetako apalategiak thriller eta nobela beltz hotzekin betetzeaz gain, zinema aretoetara ere ailegatu da joera. Hori dela-eta, azken bi urteotan ohi baino Europako iparraldeko thriller gehiago heldu zaizkigu, berdin dio Suedia, Danimarka, Norvegia ala Islandia izan. Nonbait, dena marka bera da, Millennium frankizia.
Uhin horren barruan besterik ezin da ulertu Headhunters-ek gurean izan duen estreinaldia eta harekin lotuta egin duten marketin kanpaina indartsua. Bestelako egoera batean, nekez ulertuko zen Norvegiako film batek AEBetatik etorritako azken komedia inozoari lekua hartzea. Baina moden menpe bizitzeak hori dakar, eta azken urteotako diktaduretako bat genero beltz eskandinaviarrarena da.
Testuinguru horretan, normal samarra dirudi Headhunters erreparoz hartzea, are gehiago Millennium-en ekoizleen eskutik datorrela iragarri ondoren. Horiek horrela, filmaren lehen herenak aurreikuspen guztiak beteko ditu, diseinuzko thriller hotza, kasu honetan artelanen lapurreten ingurukoa. Dena dago neurtua, berrikuntza eta emozio handirik ez.
Hortik aurrera etorriko da ustekabea. Filmak erabateko biraketa egin, eta bide berriak arakatzen hasiko da Morten Tyldum zuzendaria. Ordura arte, narrazioak genero beltz estilizatuaren kode guztiak segitzen zituen; bigarren zatian, berriz, logikarik gabeko kontakizun zentzugabea nagusituko da. Eta hasierako sorpresa gaindituta, hor hasiko da pelikula interesgarria izaten.
Genero eta azpigenero askoren nahasketa eginez —gore light-a eta umore surrealista agertuko dira, esaterako— eta Norvegiatik espero ahal zen hoztasuna alde batera utzirik, Tarantinoren gustukoa izaten ahal zen Asia aldeko film eroa bihurtuko da Headhunters.
Hasierako mundu perfektu eta burgesetik kanpo, antiheroiaren ihesaldi amaigabeak B saileko ezaugarri guztiak bilduko ditu. Esperpentoaren mugan, aurreiritzirik gabe gozatzeko filma da Headhunters.
Kritika. Zinema
Danbatekoa aurreiritziei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu