'The Artist'
Zuzendaria: Michel Hazanavicius. Aktoreak: Guillaume Schiffman, Jean Dujardin, Berenice Bejo, John Goodman. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 100 minutu.
Cannesen ezustekoa eman ondoren, Zabaltegi-Perlak sailean estreinatu da Michel Hazanavicius frantziarraren azken lana. Espioitza filmen parodiei esker arrakasta eta ospea lortu zuen Frantzian, eta Cannesen aktore onenaren saria eskuratu izanak nazioartean ezagun egin du. Kasu honetan ere, zinema hartu du inspirazio iturri; nouvelle vague mugimenduko egileen moduan, ez zaio errealitatea interesatzen; zinema da mundua begiratzeko erabiltzen duen leihoa. Zinema mutuaren krisiari buruzko hausnarketa plazaratu nahi izan du, eta, bide batez, egungo zinemak bizi duen krisi egoeraz pentsatzeko gonbita luzatzen du. Melodrama atsegin eta umoretsua burutu du, zuri-beltzean eta hitzik gabe. Bizi garen garaiotan, ausardia handia behar da horretarako. Film mutuek aspergarriak dirudite askorentzat, baina, jakina denez, ezezaguna denak ezinegona sortarazten digu. Aukera bat emanez gero, oso gustura ikusten da, eta hitzak ez dira faltan sumatzen. Egileak omenaldi paregabea eskaini die zinemaren hastapenei. 20ko hamarkadaren amaiera aldera, Hollywoodeko zenbait estudio jasaten ari ziren krisia zela eta, soinua sartzea erabaki zuten. Publikoari zerbait berria eskaini behar zitzaion aretoetara nola edo hala erakartzeko. Berritasunak bereganatzeko gaitasuna Hollywooden bertuteetako bat izan da beti; Alemaniako espresionismoari esker itzalei beldurra galdu zieten ekoizle amerikarrek, eta noir generoaren funtsezko ezaugarri bilakatu ziren geroago. Kanpoko joera eta aldaketak kontuan hartzen zituzten, baina beti ere klasizismoa errespetatuz. Jean Dujardinek George Valentin izeneko aktore ospetsua interpretatzen du; Hollywoodeko izar distiratsuena da, baina zorteak ez dio askorik iraungo.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Zuzendari Berriak
Chaplinen dilema
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu