KRITIKA. Antzerkia

Bueltan dago Tolcachir

Próximo antzerki obrako irudi bat. TIMBRE 4.
Agus Perez.
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

'Próximo'

Konpainia: Timbre 4. Egilea eta zuzendaritza: Claudio Tolcachir. Eszenografia: Sofia Vicini.Argiak: Ricardo Sica. Jantziak: Cinthia Guerra. Antzezleak: Santi Marin, Lautaro Perotti.Lekua: Donostiako Gasteszena aretoa. Eguna: Martxoak 11.

La omisión de la familia Coleman zoragarri hura lehen aldiz ikusi genuenetik, 2009an, seko maiteminduta geratu ginen Claudio Tolcachirren lanarekin, hain izan zen sakona, aurreratua eta konprometitua antzezlan hartan Timbre 4 konpainiak eskaini ziguna. Baina gauzak zer diren, amodioak ez zuen betiko iraun: Tercer cuerpo (2009) eta El viento en un violín (2011) lanekin sumatzen zen jada hasierako eztanda hura bere distira galtzen hasia zela, eta Emilia-rekin (2013) hondoa jo zuen egile argentinar alternatibo espainiartuak.

Urte batzuetan haren lanek interesa galdu ondoren, aurten zuzendu du Michael Frainen Copenhague antzezlan bikaina, parametro konbentzionaletan, hala ere; eta orain dFerian ezagutu dugun Próximo-rekin esan daiteke konpainiaren aspaldiko jatorrietara bueltatu dela. Ongi etorria izan dadila benetako antzerkiaren lurraldeetara.

Taula gainean eremu erdi kaotiko erdi absurdo batean ibili dira bi gizon gazte, elkarrengandik hurbil baina elkar ikusi edo ukitu gabe, eta, hala ere, haien arteko solasaldi etengabean. Beranduago jakin dugu elkarren antipodetan bizi direla fisikoki, eta bai telefonoz bai ordenagailuz eusten diotela beren laguntasunari. Ikusten denez, gaurkotasunaren aldeko apustu garbia egin du egileak, horrela bizi delako jendea gaur egun, pantailei beti adi, haien mendekotasun osoan eta haien bidez bilatzen bizitza errealean aurkitzen ez duten giza kontaktua.

Bizi ere elkarren antipodetan ere bizi dira bi lagunak, bakoitzaren jatorri, posizio sozial eta bizi espektatibei begira. Baina Interneten magiaz eta bakoitzaren bakardadeak bultzatuta, elkarrenganantz joango dira hurbiltzen, ez zailtasun eta estropezurik gabe, ordea, bizitzan bertan ere horrelakoak izaten direlako benetako adiskidantzak. Alde horretatik, argumentuaren garapenak une askotan izan du gehiegizko sentiberatasunean eta are milikerian jausteko arriskua. Egileak, baina, beti jakin du erreietatik irteteko zorian zebilen trena azken momentuan birbideratzen, eta jakinduria handiz eraiki eta konbinatu ditu bi protagonisten izaerak. Era berean, aipatzekoa da trebetasun handiz txertatu dituela printzipioz istorio pertsonal hutsak ziruditenak gaurko munduan ditugun arazo sozial eta politikoetan.

Azkenik, aktoreen lana aipatu behar dugu, bakoitzak bere pertsonaiari eman dion dentsitateagatik —beharbada, Santi Marin makalago ibili da hasieran, baina laster aurkitu du bere rolaren tonua— eta bien artean izandako elkarlan eredugarriagatik. Hauxe da teatroa, benetako gai pertsonal eta sozialei heltzen diena eta molde garaikidean egina dena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.