Kritika. Musika

Biolinen festa

Arkaitz Mendoza.
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Gerd Albrecht. Egitaraua: J.Dillonen 'White Numbers', E.Schulhoffen '2.Sinfonia', A.Zemlinskyren Cymbeline eta L. Van Beethovenen '3.Sinfonia'. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 26.

Duela hilabete gutxi izaniko sentsazioa guztiz ziurtatu da Euskadiko Orkestrak eskainitako azkenengo kontzertu honetan: egunetik egunera ikaragarri hobetzen ari da biolin taldea, sekulako kalitatea erakusten du uneoro, eta, teknikoki ere, erabat esanguratsu ari da. Bigarren biolinetan musikari gazte berriak gehitu eta gero, energia, kemena eta ilusioa berpiztu egin dira harizko instrumentuen sailean, musikarien arteko lehia osasungarria areagotuz. Beethovenen Sinfonian agertutako estilo txukun, argi eta distiratsua ez da orkestra askotan entzuteko moduko opari gustagarria, eta hauek lortutakoa meritu handikoa da.

Estreinakoz interpretatzen zituzten obrak pilatu zituen Albrecht zuzendari alemaniarrak lehenengo zatian. Aurreko astean entzundako Finnissyren obrarekin alderatuta, Dillonenak egitura trinkoagoa zuen bere barrenean, musika mintzaldia jariakorragoa eta osotasunean ulergarriagoa. Schulhoff txekiarraren sinfonian ziragarriak izan ziren saxofoiaren, gitarraren eta tronpetaren arteko bakarkako elkarrizketa xumeak, tronpeta sordinarekin jorratutako pianissimiak jostagarriak izanik. Albrecht zuzendariak gidatutako bideak ez zuen oztopo larririk aurkitu, mugimendu ñimiñoekin adierazten zituen oharrei jaramon egiteko erne baitzeuden musikariak.

Bakarlari gisa zetorkigun Gerd Froese soprano gazteak parte-hartze laburra izan zuen Zemlinskyren obran. Bost txataletatik hirugarrena den Lied kantuan ahots garbi, emankor baina urduriegi bat nabarmendu zen, oraindik fintzeke dagoen instrumentu interesgarria agertuz. Berriz ere biolinen egitekoa haize instrumentuen adierazpenekin bat ziharduen, guztiz lotuta, soinu biribil eta eder baten magalean. Beethovenen sinfonian Albrecht zuzendariak erritmo arazoak izan zituen adagio assai ataleko batuta zeinuetan, baina orkestra egokitasunean mantendu zuen musikarien abilezia eta trebetasunari esker. Lehen esan bezala: biolinak, zoragarri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.