Kritika. Zinema

Biktimak

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
'Livide'

Zuzendariak: Alexandre Bustillo eta Julien Maury. Aktoreak: Chloe Coulloud, Beatrice Dalle, Jeremy Kapone, Catherine Jacob, Felix Moati. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 92 minutu.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 22. Asteari gaur arratsaldean ekingo diote, Livide filmaren bitartez. Jende askok ezin du ulertu nola arraio gozatu daitekeen film horiekin; baina zientzialarien aburuz, amorruak, beldurrak eta poztasunak modu berean eragiten dute norberaren fisiologian eta, beraz, emozio bat bestetik bereiztea ez da uste bezain erraza. Livide Alexandre Bustillo eta Julien Maury zuzendarien bigarren lan luzea da, eta, Torontoko jaialdian zer esan handia eman ostean, Sitgesen ekoizpen diseinurik onenaren saria irabazi berri du. Indarkeriaz bustitako filma da; hortaz, gore generoa atsegin dutenek primeran pasatu ahal izango dute. Bestetik, azken urteotako Asiako beldurrezko filmetan gertatzen zen moduan, ezustekoak eta intriga funtsezko osagaiak dira, eta larritasuna sentiaraztea lortzen du.

Film laburra da, eta arnasa hartzeko aukera handirik ez du ematen; hasieran protagonista aurkeztuko zaigu, eta identifikazioa berehala ematen da. Chloe Colloude aktore gazteak jokatzen duen pertsonaiak garai bateko heroia dirudi; zintzoa, ausarta eta zentzuduna. Erizain gisa praktikak egiten ari da emakume batekin batera, eta euren lana etxez etxe joan eta zaharrak ongi dauden ziurtatzea da. Lehenengo egunean bertan koman dagoen atso baten etxera joango dira eta nagusiak bertan altxor bat ezkutatuta dagoela esango dio. Mutil lagunari altxorraren kondaira kontatuko dio lana amaitu orduko.

Maskulinotasun hegemonikoaren ondorioz ausardia eta erokeria nahastu egiten dira gehienetan eta Williamek benetako gizona dela demostratu nahirik abentura odoltsu eta ikaragarri baten partaide egingo gaitu. Amaieran ez zaigu diskurtso psikoanalitikorik eskainiko, eta bakoitzak bere ondorioak atera beharko ditu. Ikus-entzuleari dagokio kaosaren erdian ordena jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.