Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Andres Orozco-Estrada. Pianista: Michel Camilo. Egitaraua: Peter Eotvosen 'Gliding of the Eagles in the Skies', George Gershwinen 'Pianorako Kontzertua' eta Modest Mussorgskiren 'Erakusketa bateko koadroak'. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriak 18.
Bata Camilorentzat, bestea niretzat. Bai, bai, ron botila atera. Gustura Camiloren ondoan, George Gershwin zanpatu eta gero gau giroan murgildu ginen. Hogei urteko gaztetxoaren bizi nahia du Camilok; indarra eta kemena sobera. Barregarria da tipoa; artista ikaragarria, eta entzuleriak gehiago preziatzen duen nolakotasuna Camilo pianistarengan hirukoiztu egiten da: umiltasuna eta gertutasuna. Halere, sekulako Fa Kontzertua interpretatu ondoren leher eginda egon ordez, hor nuen frantziarra irribarretsu nire alboan, entzule guztiak zoratu berri dituen artista auskalo non genuen, Camilo pozik, alai, eguneroko saltsan zipriztinduta. Beste bi titarekada, mesedez.
Indarra, abilezia, abiadura eta artista gutxik duten erakarpena, swing deritzoguna. Aske da Camilo; Kontzertua-ren lehen urratsetan autoestrata hartu eta hortik galdu egin zen; baina jakituna da Camilo, bazekien non txertatu obraren mamia eta norantz abiatu entzuleriaren arreta. Kursaal auditoriumeko Steinway&Sons piano txundigarriari egurra eman zion: fortissimi lazgarriak, elektrikoak, basatiak, zentzugabe eta liluragarriak aldi berean. Camilo lasai nuen ron titarekada dastatzen, Gershwin zainetan barneratuta duela begibistakoa da, tipo handia Camilo. Beste bi titarekada?
Orkestra fin aritu zen Gershwinen musika ekosisteman, erritmo handian, alai, saltari eta erne pianistaren swing sarreretan. Andres Orozco-Estrada, beti bezala, podiumean urduri, geldiezin, energia handiko melodiei dosi handiagoa txertatzeko irrikan. Haria intentsu eta hain madarikatua den tronpeta soloa jator. Modest Mussorgskiren obran, aldiz, orkestra guztiz lekukotu zen, haize metalak egoki eta perkusio taldea zehaztasun txalogarrian. Orozco-Estradak gehiegi astindu zuen orkestra, giro ponpoxoan obra lasaitasunean dastatu gabe, emaitza berebizikoa izan arren. Camiloren jolas nahia bertan genuen. Gehiegitxo, agian, baina azkeneko bi titarekadak, artista?
Kritika. Musika
Bi titarekada, mesedez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu