'Kiseki'
Zuzendaria: Hirokazu Kore-eda. Aktoreak: Koki Maeda, Oshiro Maeda, Joe Odagiri, Ryoga Hayashi, Seinosuke Nagayoshi. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 126 minutu.
Haurren begirada garbia berreskuratu du Kore-edak. Bere pelikularik ezagunenean, Dare mo shiranai bikainean, helduen mundutik aparte bizi ziren lau haurren istorioa ondu zuen. Orain berriro gaztetxoak dira protagonista, baina halabeharrez helduekin partekatu behar dute espazioa.
Haurrak-helduak dialektika horretatik eraiki du Kiseki, betiere lehenengoen ikuspuntua lehenetsiz. Desioen, ametsen, mirarien inguruko fabula ederra da filma, samurtasun handiz kontatuta, maisutasun handiz filmatuta. Norabide diferentean doazen bi tren dira, instant iragankor batez elkartuko direnak.
Berez, anekdota hutsetik gertu da motorea, gurasoen bereizketaren ondorioz bananduta bizi behar duten bi anaien arteko harremana. Zinemagile handien bertutea da hutsala dirudien horretarik kontakizun unibertsalak ateratzea. Eta halaxe egin du berriro ere Kore-edak.
Xehetasun ñimiñoei erreparatu, narrazioa modu pausatuan eraman, krisialdian dagoen gizarte baten erretratua egin, umorea taxuz baliatu… Horiexek dira Kiseki-ren sekretuetako batzuk, barnean mirarien magia antzemanezina gordetzen duen filma.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Bi anaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu