Ciklus Ensemble
Lekua: Donostiako Miramar jauregia. Eguna: abuztuak 20.
Gazteak eszenan, ilusioa begietan. Musikene ikastetxeko hamar ikasle arduratsu azaldu ziren Miramar jauregian. Beren apustua arriskutsu eta basatia izan zen: gaur egun oraindik ere hain arrotz eta ezezagun ditugun XX. mendeko musikak erakustea. Horretarako, batetik, aurten omentzen ari garen Francisco Escudero euskal herritarra, eta, bestetik, Arnold Schoenberg musikagilearen Pierrot Lunaire obra handia interpretatzeko ausardia izan zuten. Musika horien lotura era dotorean txertatzeko Gustav Mahlerren hiru lieder oparitu zizkiguten. Musika garaikidea hain maiteko duten gazteek argi asko zehaztu zuten aurreko mendeko musika goraipatu nahi dutela. Kontzertu hasierako ikarak edota Ciklus Ensembleren sentipenak beste musiketan lasaiago finkatzen direla eta, Mahler erromantikoa izutiegi landu zuten. Heldutasun handia gomutarazten duen orkestra obra hau bakunegi interpretatu zuten, notak bere lekuan baina esanahia galduta; hortaz, Lucia Gomezen ahotsa epel-epel eta Asier Puga zuzendaria estututa zeinu adierazpenetan.
Bero ikaragarria aretoan, aire falta, baina gazte horien ekimenaz jabetzeko irrika osasun betean. Escuderoren azkenetariko obra dugu Klaberako Kontzertua; klabea eta seikote taldea lehia bizian jarduten dira, eta bakarlari eta taldearen arteko musika trukea zalapartatsua da. Oier Etxabururen lana duina izan zen klabean, nota pila, denak bere lekuan; ez zen helburu makala! Oraingoan, Puga eroso bat azaldu zen, bere saltsan, musikariei erritmo trabak gainditzen erraztasun itzelez laguntzeko prest; horietatik, Elisa Montoya klarinete jotzailea nabarmendu zen, soinu boteretsu eta biribila esaldikapen bakoitzean. Omenaldi jator eta txalogarria Escuderori eginikoa!
Pierrot Lunaire pertsonaia ergel eta eroa ikusgarri izan zen Gomez mezzo-sopranoaren hots, garrasi eta kantatzean, nahiz eta ausardia eta pailazokeria apur bat falta izan, «politegi» bete baitzuen bere rola. Salvador Bolon-ek biolontxeloan denetarik erakutsi zuen, musika atonal horretan teknika esparru guztiak menderatuz, talentu aldetik taldeko helduenetarikoa. Ausardia handiko egitaraua, emaitza polita eta entzuleari emateko grina sutsua piztuta dute Ciklus Ensembleko gazteek.
Kritika. 73. Musika Hamabostaldia. Interprete gazteen zikloa
Ausardia gainezka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu