'Bridesmaids'
Zuzendaria: Paul Feig. Gidoilariak: Kristen Wiig, Annie Munolo. Aktoreak: Kristen Wiig, Maya Rudolph, Rose Byrne, Terry Crews. Herrialdea: AEB. Iraupena: 125 minutu.
Milurte berria hastearekin, arnasa pitin bat hartu zuen guztiz herdoilduta zegoen helduentzako komedia estatubatuarrak. Farrellytarren salbuespen ia bakarrarekin, 90eko hamarkadan barre algarak egin nahi zituzten ikusle helduak haurren modura tratatzea erabaki zuen Hollywoodek. Horrez gain, komedia erromantikoaren etiketapean gero eta bigunagoak ziren istorioak, gero eta txepelagoa umorea.
Ausartago jokatu nahi zuen zuzendari talde baten agerpenak buelta eman zion egoerari, eta pixkanaka-pixkanaka, generoak garai batean izan zuen duintasuna berreskuratu du. Argi dago ez dela ailegatu garai klasikoaren mailara; baina sikiera, umorea baliatuz, nahiko galduta dagoen belaunaldi baten erretratu soziologiko eta psikologikoa egiteko aukera ematen dute gaurko komedietako hainbatek.
Hala ere, gainerako genero guztietan bezala, komedia estatubatuar garaikideak ia %100ean gizonezkoen ikuspuntutik eman dira, komedia erromantikoetan izan ezik. Egoera horri nolabaiteko erantzuna eman dio, gizonezko batek zuzendu arren, Bridesmaids-ek, emakumezkoen erabateko protagonismoa duen komedia dibertigarri eta azkarrak. Horixe baita filmak duen berezitasunetako bat: behingoagatik, gizonezkoak ez dira ia agertzen, dekoratuko beste elementu bat izateraino.
Abiapuntua ez da sobera originala, lagun baten ezkontzaren inguruko film ugari egin baitira azken urteotan. Dena den, honetan ere bide berritzaile bat hartzen asmatu dute sortzaileek. Azken finean, ezkontza aitzakia hutsa bihurtu da gizarte erradiografia zorrotza egiteko, arrakasta eta porrotaren inguruan hausnartzeko eta benetako adiskidetasunaren balioa defenditzeko.
Horrekin guztiarekin batera, Bridesmaids Kristen Wiigen erabateko erakustaldia da. Hura da pelikularen arima, eta bere pertsonaiaren bitartez ezin hobeki definitu du 30etik gora dauden gazte askoren egoera, baztertuta izateko arriskuan daudenena arau sozial eta ekonomikoen bide estuak ez segitzeagatik. Edalontziak uzteko lekurik ez duen auto zahar baten jabe, zoriontasuna saltzera kondenatzen duen lanbide baten morroi eta gizonkeriaren ikurra den maitale batekin, Annieren askatasunak eta bizipozak gizarte balio zurrunak hankaz gora jartzeko balio dute.
Kritika. Zinema
Arrakasta eta porrota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu