Espainiako Compañía Nacional de Danza 2
Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: apirilak 22.
Espainiako Compañía Nacional de Danza delakoaren bigarren formazioa etorri da asteburuan Barakaldo Antzokira, eta horri esker ezagutu dugu oraingo zuzendari artistikoaren ildo berria. Izan ere, Nacho Duato betierekoaren agintaldia amaitu ostean, behar-beharrezkoa zen konpainia haren estilo zurrunetik askatzea eta munduko beste koreografoei ateak zabaltzea. Frantziar jatorriko Herve Palito-k behin-behinean hartu zuen konpainiaren gidaritza eta, batzuen ustez, berrikuntza garaikide nabarmenegia sortu nahi izan zuen konpainian. Orain Jose Carlos Martinezek hartu du zuzendaritza, eta bere hitzetan, «klasizismoak eta abangoardiak» lekua edukiko dute CNDren aro berrian.
Esan eta egin, gaueko lehen pieza —Toni Fabreren Holberg suite— erabat neoklasikoa izan da, eta konpainiako zortzi dantzarik —lau emakume eta lau gizon— eboluzio geometriko garbiekin apaindu dituzte Edvard Griegek Ludvig Holbergen omenez konposaturiko suitea. Koreografiaren diseinua ia klasikoa izan arren —dantza barrokoetatik hartutako inspirazio puntu batzuekin—, balizko naturaltasunari eta gazteen bizi-pozari dagozkien kontzesio txiki batzuk onartu ditu noizean behin. Dantzarien mugimendu-kalitatean lehen baino malgutasun handiagoa igarri da, nahiz eta haietariko askorengan segurtasun falta txikiak antzeman diren, batez ere zailtasun handiko eboluzioetan.
Bigarren pieza —Pas de deux— Jose Carlos Martinezek berak sinatzen du eta, izenak dioenez, bikote batek fintasunez burutu ditu ballet klasikoaren pauso kanoniko guztiak, pianista batek Domenico Scarlattiren konposizio pare bat zuzenean interpretatzen zituela.
Baina egitarauko harribitxia hirugarren lanarekin etorri da. Johan Inger koreografoaren Walking Mad zeharo garaikidea da, eta Maurice Ravelen Bolero oinarritzat hartu arren, hankaz gora jarri ditu orain arte ikusitako Bolero guztiak. Egurrezko horma dinamiko batek hartzen du eszenako protagonismo nagusia, eta koreografoak etekin itzela atera dio, haren gainetik, atzetik eta ingurutik gauzatuz dantzarien ezusteko agertzeak eta desagertzeak, eta giro erdi pozgarria erdi amesgaiztokoa maisutasun handiz elkartuz.
Une batzuetan, emakumeen soineko apalek eta gizonezkoen txano konikoek kermeza itxura eman diote denari, eta tartean dramatikotasun handiko pasarte batzuk ere egon dira. Baina ekaitzaren ostean dator barea, eta denak amaituta zirudienean azken gizonak eta azken emakumeak lirismoz eta desesperazioz eraiki dute azken eszena zoragarria, Arvo Parten piano sonata delikatu baten soinupean.
Kritika. Dantza
Aro modernoa CNDn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu