Egilea: Jean Echenoz.
Itzultzailea: Gerardo Markuleta.
Argitaletxea: Meettok.
Hona Tximistak nobelaren ezaugarri bat: laburra, arina eta trinkoa da, aldi batez. Biografia duzu oinarrian, Nikola Tesla ingeniariaren bizitza. Arina, erran nahi baita, arintasunez idatzia, eta trinkotasunez harilkatua. Bitxia da. Trilogia baten hirugarrena. Hirurak hiru pertsonaren bizitzen (h)arieran eraikiak. Egileak pertsonak pertsonaia bihurtu ditu —askatasun hori hartu du— eta ederto asmatu ere. Asmatu, bi adieratan gutxienez. Kasuon, batetik, Nikola Teslaren bizitza fikzionatzean, eta bestetik, idatz moldean asmatu du, hots, ituan jo du. Gregor pertsonaiaren bizitzako pasarteak geziak bailiran hartuz, geziak hitz bihurtuz, hitz zirraragarriak, irakurleon bihotzean jotzen du idazleak.
Gezien arrastoan abiatuak, ezagutu dezagun apur bat jaurtikitzailea. Jean Echenoz (Orange. Frantzia, 1947) idazle frantziarra ezagutua da (Raymond Roussel eta Gustave Flauberten irakurlea). Nobelagile sendoa. Hainbat bider saritua. Bere garaiko nobelaren hainbat konbentzio bazter laga ostean, estilo zehatza eta askea eraiki duena. Azken urteotan, libre antza, Echenozek hiru pertsona hautatu eta alegia —edo fabula— landu du euren bizitza kontatzeko. Hiru pertsona, hiru historia, hiru mundu arras desberdinak. Mundu bereko hiru lagun horregatik, gure historia garaikidearen argizariak: Ravel (Maurice Ravel), Courir / Lasterka (Emile Zatopek) eta Tximistak / Des Éclairs (Nikola Tesla).
Bizitza alegiazkoen trilogiaren azkena dugu Tximistak. Lehen kolpean galdera bat jalgi dakiguke gogora: zergatik hautatu ditu Echenozek hiru pertsona hauek? Erantzun laburra eman beharrez, demagun, pertsonek gu aukeratzen gaituzten legez, halaxe aukeratu dutela hirurek Jean Echenoz. Izan ere, hainbestetan, hurkoak dira gure bizitzaren motorra. Eta halaxe literaturan ere, gertakariek nola pertsonaiek aukeratzen dute euren eraikitzailea, idazlea.
Nikola Teslak ardura digu orain. Gregor ezizenekoa Tximistak delakoan. Hori morroia, bi metroko tantaia. Ekaitz bortitz batek jo zuen unean jaioa, eguna erdibitzen duen gauerdi irian. Ilunpe burrunbatsu horretan, ez zuen jaio zeneko egun zehatza ezagutu(ko) inoiz, tximista erraldoi batek seinalatu edo «argitu» zuen bere existentzia. Ez nolanahiko existentzia gero, ez edonolako izatea. Arraioa! Izan ere, guretako nork ez ditu Edison, Westinghouse edo Marconi ezagutzen? Nork ezagutzen du, aldiz, Nikola Tesla? Bada, bera dugu alabaina korronte alternoa, hari gabeko telefonia, irratia edo X izpien asmatzailea. Nola ote?
Bada, besteak beste, jaio zeneko tximista erraldoiak jota edo, ez zelako sekula nahikoa hazi. Edota destinoak bakandu zuelako. Perfekzioan jausitako jenioa izaki, harremanetarako ezgauza zelako. Txoriei mintzo zitzaielako... Hitz batez, «eroa» zelako. Zer bestela pentsa daiteke elektrizitatea doan sortu eta mundu guztira doan banatzeko asmoa zuen pertsonari buruz? Zer, bake unibertsala helburu zientzialari lanetan buru-belarri murgildu zen Nikola Teslari buruz, Gregori buruz?
Nire hitzak sobran dituzu, literaturazale hori. Hobe Echenoz maisuarenak irakurtzea, Gerardo Markuletak maisuki itzuliak. Ez alferrik itzultzaile eskarmentatua baita, eta poeta.
Azkenik, gomendio bat eskolako irakasleei —literaturazale izan edo ez—. Tximistak ez ezik, trilogia ezinbestekoa duzue ikasle gazteentzat. Historia, artea, kirola, zientzia... literatura dituzue aztergai. Hitz bitan: politika ikasgai. Argigarria(k) oso.
Literatura.'TXIMISTAK'
Argigarria(k) oso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu