KRITIKA. Antzerkia

Amodio burgesaren gorabeherak

Agus Perez.
2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun

'La mentira'

Egilea: Florian Zeller. Zuzendaria: Claudio Tolcachir. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Irailak 15.

Fede gutxirekin joan gara Arriaga antzokira Claudio Tolcachir argentinarraren azken lana ikustera, jakitun izanik garai bateko lan miresgarriak —La omisión de la familia Coleman, Tercer cuerpo, El viento en un violín…— gaztaro kontuak izan zirela, eta Espainian errotu zenetik maldan behera hasi zela joaten, frenorik gabe baina bertan goxo, amildegirantz baina pozik.

Lan honen argumentua idatzi duen Florian Zeller frantziarrak sari garrantzitsu batzuk lortu ditu bere lanekin —Moliere saria tartean—, baina honako hau ez da haietariko bat. Ordea, ez da bere obren artean La mensonge izenekolan bat ere, eta usaimenak diost ikusi dugun bertsioan egilearen La vérité hartu eta izenburua eta guzti aldatu diotela, Pirinioetatik hegoalderako ohitura tristeari men eginez.

Egia esateko, ez dakigu zer gehiago aldatu dioten bertsio honetan, baina izenburuarekin horrela jokatuta, pentsatzekoa da ez zutela errespetu handiagoz jokatu gainontzekoarekin. Hala ere, nahiko testu jostagarria irten da moldaketa susmagarri horretatik, betiere amodio burgesaren konbentzionalismoaren parametroetan. Kasu honetan, betiko legez, elkarren lagunak diren bi bikoteren barruko engainuak, gezurrak eta erdi-egiak izan dira matazaren protagonistak, fin harilkatuta, bai, baina ohiko eskema ad nauseam errepikatuta. Ez da harritzekoa Frantzian saririk jaso ez izana.

Benetako zuzendari baten esku dago kementsu jokatzea: moldaketa, dramaturgia, eszenaratzea, musika, argiak… haiek dira bere tresnak, erabiltzen jakin izanez gero, eta batez ere, nahi izanez gero. Zer esan, ordea, goragaleak sortzeko moduko dekoratu hiper-naturalistaz? Zelan zuritu nork eta Juan Gomez Cornejok argi-diseinuan izandako alferkeria? Antzezleak ere harria baino alferrago ibili dira, Carlos Hipolito handia barne, konpromisoz arituko balira bezala eta lehen berrogei lagunentzat hitz eginez, ez Arriagako mila ikusleentzat. Orain arteko guztia neure harrikada izan zitekeen, ados, baina zin egiten dut hamargarren lerrotik gureak eta bost egin behar izan ditugula dialogoen mamia ez galtzeko.

Amaitzeko, hona hemen Tolcachirrek berak esku-programan idatziko lerro batzuk: «Antzezleak bikainak baldin badira, testua distiratsua baldin bada, eszenografia, jantziak eta argiak hoberenek egin badituzte, ekoizpena perfektua izan bada… jaun-andreok, zerbaitek ez badu funtzionatzen, neuregana bidali gaizki-esanak. Ez dago beste aukerarik.»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.