'Le Skylab'
Zuzendaria: Julie Delpy. Aktoreak: Julie Delpy, Eric Elmosnino,Aure Atika, Noemie Lvovsky, Bernadette Lafont. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 114 minutu.
Eskertzekoa da umorea ailegatu izana Sail Ofizialera. Irriak eragin zituen Julie Delpyren emanaldiak, hainbat umore kolpe on badituelako filmak. Hala ere, ez da komedia bat, frantziarrek horrenbeste maite duten azpigenero bateko pelikula da Le Skylab: familia osoa mahai baten bueltan ospakizun baterako elkartu eta horren inguruan sortuko diren liskar, egoera eta elkarrizketak irudikatu ditu.
Skylab satelitearen erorikoak eta hainbat pelikularen aipamenek argi utziko dute pasarte nagusiko garaia zein den: 1979. urtean gaude, 80ko hamarkada hastera da. Garai aldaketa da, aro bat ixtera doa —Aljeriako gerra, 68ko Maiatzeko biharamun luzea— eta beste bat ari da zabaltzen, balio berrietan oinarritua.
Protagonista gaztearentzat ere garrantzi handiko egunak izan ziren; amodioaren ezagutza, lehen hilekoa, inozentziaren amaieraren hasiera… Horregatik, maitasunez gogoratuko ditu.
Hori guztia modu nostalgikoan eta arinean kontatu du Delpyk, baina ez da batere argi geldituko zein den pelikularen azkenhelburua, familiaren gaineko begirada idealizatu batez harago. Gehienbat, filmari zentzua eman beharko lioketen sarrera eta epilogoa oso ahulak direlako tarteko flashback-aren ondoan.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala
Aldaketa garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu