Maitaldia jaialdia
Konpainiak: Chantier-Georges Momboye eta Ballet Contemporaine d'Alger.
Egunak: irailak 14 eta 15.
Lekua: Gare du Midi (Miarritze).
Afrikaren ekarpen ahalmentsuak ezagutu ditugu egunotan Miarritzeko jaialdian. Asteazkenean Boli Kostako Georges Momboye konpainiak L'anneau de Salomon aurkeztu zuen David Drouarden koreografia baten arabera.
Perspektiba asimetriko sakona ematen zuen agertoki batean dantzatu zuten konpainiako bederatzi gizon-emakumeek, oinutsik eta besoak eta hankak agerian zituztela, eta sinfonia garaikide latz batek lagundu zituen haien mugimenduak. Drouarden koreografiak ere muturreko abstrakziora jo zuen Nelson Mandelaren askatasunaren bilaketa irudikatzeko. Hala ere, azpian egon zitekeen istorioak beste jatorri asko zituen —Salomon erregearen testamentu apokrifoa, Koranaren iruzkinak, Mila eta bat gau-etako ipuinak eta Mandelaren beraren oroitzapenak— eta horrek zeharo lausotu zuen kontakizuna. Gauzak horrela, dantzarien energiarekin eta beso, buru, begirada eta keinu ororen zehaztasun itzelarekin geratu ginen, proposamenaren hermetismoa gorabehera.
Bigarren zati batean, ordea, zuzenean jotako musikak afrikar mundura gidatu gintuen eta taldeko kideek dantza afrikarraren eta koreografia garaikidearen integrazio perfektua eskaini ziguten.
Ostegunean, berriz, Aljerko Ballet Garaikideak Nya izeneko lana ekarri zuen, Ravelen Bolero-aren musikarekin lehen zatian eta Magrebeko doinuekin bigarrenean. Nya hitzak bizitzarengan konfiantza izatea esan nahi du, eta Abou Lagraa koreografoak hip-hop arloko bederatzi mutil hartu eta haien trebetasun akrobatiko itzela lengoaia garaikidera ekarri du. Zalantzarik gabe, Lagraaren meritua da kaleko estilo harrigarria dantza maila gorenera igoaraztea, argi dagoelako benetako koreografo batek zuzendu dituelako dantzarien gaitasun ukaezinak, beraien inprobisazioetatik abiatuta, baina aldi berean norabide jakin batetik bideratuta.
Bigarren zatian Houria Aichi-ren ahots gardenak salmodia moduko bat gidatu zuen Hossam Ramzy-ren perkusioarekin tartekatuta, eta dantzariak purifikazio moduko erritu batean murgildu ziren, dantza garaikidearen alorrean gero eta gehiago sakonduz eta aldian behin begirunezko keinuak eginez bizitzaren balioak ordezkatzen zituen tapiz bertikal ederrari.
Kritika. Dantza
Afrikaren ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu