Artea. Kritika. Artea

1, 1, 2, 3, 5, 8...

Itziar Okariz, Bilbon jarri duen erakusketan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Itziar Okariz. '1, 1, 2, 1...'

Lekua: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Apirilaren 27a arte.

Galerian bertan astebetez jardun zuen lanean Itziar Okarizek (1965, Donostia), 2011ko urrian. Azkenik, hilabete batzuk geroago, ekintzaren eta horren inguruan sortutako hainbat sorkuntza aurkeztu ditu, Ghost Box eta How Do You Do proiektuen parte diren artelanekin batera. Performance berri horren izenburupean aurkezten den erakusketa Guy de Cointet artista frantziarraren (1934-1983) lanekin lotuta dago, lengoaiak berezkoa duen keinuen arteko konbinazio mugagabean eta horien esanahi aldakorren antolaketan oinarrituta.

Okarizen lanak gai multzo jakin baten inguruan biltzen dira: pertsona eta gizartearen arteko harremana, ideologia feministak eta zeinu kulturalen esanahiak; askotan, gai horiek espazio publikoaren perspektiba ideologiko, sozial eta politikoaren erabilerarekin nahasten ditu. Kasu honetan, erakusketari izena ematen dion artelanaren bitartez, zenbakien inguruko gogoeta bat aurkeztu du, horiek artelan modura eduki dezaketen balioa aztertuz. Okarizek berak dioenez, «zenbakia, orokorrean, oso elementu abstraktua izan daiteke, baina horiek, hitza eta ikurra erabilita aurkezten direnean, elementu plastiko bilakatzen dira». Okarizek irudi horien eraldaketa bisual bat sortu du nolabait, segida modu performatiboan aurkeztuz. Bertan, ikusleari begira eta bata bestearen ondoan kokatzen diren bi pertsonak zenbakizko segida simetriko bat errepikatzen dute, daukaten hatz kopuruak mugatutako segida.

Azken lan hori ikusitakoan, artistak artelan plastiko horiek sortzeko erabiltzen dituen elementuak datozkit burura. Kasu honetan, kontaketan oinarritutako aurkezpen bisual bat da. Aurreko lan batzuk, berriz —Irrintzis, Trepando edificios eta Mear en espacios privados y públicos, besteak beste—, irrintzian, eskaladan eta pixa egitearen ekintzetan oinarritzen ziren. Hark dioen bezala, bitxia izan daiteke ekintza soil bat testuinguruz kanpo aurkeztea..., eta ekintza horiek eragiten duten gogoetan aurkitzen da artista donostiarraren artelanen funtsa.

Oraindik gogoan dut Guggenheim museoaren 10. urteurrena zela-eta Chacun son à goùt izenburupean inguruan antolatu zen euskal artisten taldekako erakusketa: bertan, Okarizek Irrintzis artelana aurkeztu zuen. Bideo lan batean, Guggenheim museoko hainbat aretotan, herri nortasuna adierazten duen oihu bat behin eta berriro errepikatzen zen emakume baten ahotsetik (Okariz bera). Artelan horiek, lehen aipatu ditugun gaien inguruko gogoetan ez ezik, berez artistikoak ez diren elementuen erabileran sortzen dute daukaten urratzeko indarra, duela ia mende bat Marcel Duchampek sortutako ready-made-ek sortzen zuten modura.

Halere, gaur egun erakusketak bisitatzen ditudanean — azken hau, adibidez—, orokorrean, arteak zeukan hausteko indar hori eta haren esanahia behin eta berriro zalantzan jarri, birmoldatu eta garatzeko gaitasuna galdu duela iruditzen zait. Duela mende bat, Duchampen garaian, artea definitzen zuten mugak finkoak ziren; terminoa bera mugatua zen, eta artista frantziarra horiek apurtzen saiatu zen, artearen oinarriak zalantzan jarriz. Gaur egun, berriz, artearen bilakaera dela eta, arteak urteetan eduki dituen mugak zabalduz joan dira, eta gaur egun zail egiten zaigu jada arteak zentzu orokor batean eduki behar dituen ezaugarriak zehaztea; eta ezinezkoa da zehatza ez den zerbait zalantzan jartzea, ez baitago argi non dauden zalantza sortzeko mugak.

Kulturak pixkanaka inguru masiboetarantz egin duen bideak eta Interneten sarrerak artearen eta masa industrien arteko lotura estuagoa eragin dute. Garai batean, espazio fisikoek artea mugatzeko gordetzen zuten indarra, fisikotasunaren mugetan oinarritua, espazio birtualak deuseztatua izan da. Mugarik gabeko informazio artistikoaren hedapenak eta jakintza globalaren garapenak artearen inguruko iritzi orokorraren hazkundea eragin du, eta horrek artea termino mugagabe eta zehaztugabe bilakatu du. Arteak, kontzeptu orokor gisa, jada ez du funtzionatzen, gaur egun edozer gauza edo ideia arte modura onartua izan baitaiteke. Bilakaera horrek zalantzan jarri du arteak urratzeko eta bere burua garatzeko daukan gaitasuna.

Horrela, Fibonacciren segidaren moduan, artearen bilakaera gehituz joan da zenbaki serie baten modura, aurretiko elementuak erabili eta berriak sortuz. Baina badirudi serie hori oso urrun iritsi dela jada, eta, kalkulagailurik ez duen ikaslearen modura, kosta egiten zaigu artearen hurrengo mugak zehaztea. Artea ere keinu, elementu eta gogoeta ugariren konbinazio mugagabea bilakatu da, eta artistak, gaur egun, zehaztugabeko eremu horren antolatzaile bilakatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.