Uxue Arzelus Lasa.
'Perlak'

Musikak elkartuko gaitu

2024ko irailaren 26a
11:10
Entzun

'En fanfare'

En fanfare filmeko irudi bat.
En fanfare filmeko irudi bat.

Thibaut mundu osoan ezaguna den orkestra zuzendari bat da; Jimmy eskola bateko jangelako langilea da, eta tronboia jotzen du musika banda batean. Thibaut Parisen bizi da; Jimmy, Frantzia iparraldeko herri txiki batean. Thibautek jatetxe garestietan afaltzen du, arropa pijoa janzten du, eta egongela zabal minimalista batean entzuten ditu bere diskoak; Jimmyk amaren etxeko egongelan afaltzen du bizilagun eta lagunekin elkartuta, ileko saretxoa erabili behar du lanerako, eta gauzaz beterik dagoen garaje batean entzuten ditu bere diskoak.

Anaiak dira Thibaut eta Jimmy, duela 6 hilabetetik behintzat. Izan ere, Thibaut gaixo dago, eta bere arrebaren hezur muina bateragarria ez dela ikustean, adoptatua dela esango diote. Jimmyren bila joango da orduan orkestra zuzendaria, eta hezur muinaz gain, beste bateragarritasun bat dutela ohartuko dira: musika. Thibaut geroz eta gehiago joango da sartzen anaiaren bizitzan, eta, eduki dituen pribilegioez kontziente, Jimmyk amets handiagoak izan ditzan bultzatuko du.

Ezagunak ditugun komedia frantsesen antzerakoa da En fanfare. Baina ezaguna izanagatik ere ez da gutxiago gozatzekoa; alderantziz, gertukotasun atsegin bat du Emmanuel Courcolen filmak. Ez da erraz aurreikusten diren gertakizunak biltzen dituen film bat, baina ezusteko handirik ez duen kontakizunaren lasaitasuna ematen du. Eta dena du gozagarri: klasikoa bada ere ederki borobilduz doan gidoia, familiaren kide sentiarazten zaituzten bikain landutako pertsonaiak, umore une ugari, eta bere alde hunkigarria.

Anaiek elkarrekin konfiantza hartzen duten heinean, filmak pentsatzeko tartea ere ematen du: Jimmyk dioen bezala, loteria tokatu zitzaion Thibauti, eta txikitatik eskura izandako aukera horiek guztiek egin dute horren ezberdin bi anaien egungo bizitza. Abiapuntua ezberdina denean, ezin dira amets berdinak eduki. Beraz, ez espero pobreziatik aberastasunera, kaskarkeriatik bikaintasunera, zerotik ehunerako transformazio horietako istoriorik. Aldiz, bizitzan elkar berandu aurkitu duten bi anaiaren kontakizuna da En fanfare, bizitza ezberdinak izan arren musikaren bidez gerturatuko direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.