urtzi urkizu
Sail Ofiziala

Izua, atzekoz aurrera

2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

'EL LLANTO'

Zuzendaria: Pedro Martin-Calero.

Aktoreak: Ester Exposito, Mathilde Olivier, Malena Villa.

Herrialdea: Espainia, Argentina, Frantzia

. Iraupena: 107 minutu.

Filma: 'El llanto'.
Ester Exposito aktorea, El llanto filmean.

Sail Ofizialean lehian diren hamasei pelikuletatik bat beldurrezko generokoa da, El llanto, eta etorkizunean generoko zinta gehiago sail berean aurkeztea interesgarria litzateke. Sarri ezusteko oso onak badira beldurrezko zinten artean. Zinema oso ona ere izan daiteke beldurrezkoa. Pedro Martin-Caleroren opera prima-ren kasuan, nabari da ahalegin bat zerbait berria eta indartsua proposatzeko. Baina gidoian bada zulo handi bat: ustez ikusten ez dena grabatua gelditzen baldin bada, ondoren ikusi baldin badaiteke, istorioan ageri diren erabaki batzuk ulergaitzak dira. Karta gaztelua erori egiten da, bere pisuarekin.

Lehen minutuetan, filmak badu indar apur bat. Ester Exposito aktoreak jokatzen du Espainiako ikasle gazte baten rola. Urrun bizi den mutil lagunarekin ari da etengabe sakelako telefonoaren bidez mezuka. Lehen parte horretan, senti daiteke zuzendariak konektatzen duela gaur egungo gazteen egunerokoarekin. Eta filmak, neurri batean, bat egiten du beldurrezko generoak izan ditzakeen kontatzeko forma berriekin. Ondotik, jauzi egiten du istorioak: iraganera, beste kontinente bateko herrialde batera (Argentinara), eta beste pertsonaia batengana. Jauzi horrek, ordea, berekin ekar dezake ikusle askok istorioaren inguruko interesa galtzea. Pelikula finago eta harilkatuago egon izan balitz, interesa irabazteko aukerak izan zitzakeen. Baina ez da hala gertatzen.

Hori guztia esanda ere, Martin-Caleroren proposamen zinematografikoa aintzat hartzekoa da. Eta nahiz eta ez den Sail Ofizialeko beste opera prima batzuen mailara iristen, nabari da zuzendariak ahalegina egin duela istorioa ohiko moldeetatik apur bat irtenda kontatzeko. Ez modu urratzailean, baina bai begirada propio batekin, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.