Uxue Arzelus Lasa.
'Perlak'

Ahots, irudi eta flashen zurrunbiloan

2024ko irailaren 26a
10:34
Entzun

'Maria Callas: Letters and Memoirs'

Maria Callas: Letters and Memoirsfilmeko irudi bat.
Maria Callas: Letters and Memoirs filmeko irudi bat.

Monica Bellucci aktore italiarra 2019tik 2023ra jarri zen Maria Callas opera abeslari ospetsuaren azalean, Maria Callas: Letters and Memoirs ikuskizunean. Munduko hainbat herrialdetako antzokietan ibili zen Bellucci, izen bereko liburuan oinarritutako antzerki obrarekin, eta esperientzia film bilakatu du Tom Volf zinema, antzerki eta opera zuzendariak. Volf da jatorrizko liburuaren egilea, baita antzerki obraren zuzendaria ere, eta filma egiteko garaian Giannis Dimolitsas greziarraren laguntza izan du.

Maria Callasek idatzitako eskutitz eta memorietan daude oinarrituta aipaturiko hiru obrak. Bere ahizpari, senar ohiari, bere bikotekide izan zen Aristoteles Onassisi edo Pier Paolo Pasoliniri idatzitako eskutitzetan, Callasek bere beldur eta kezkez, bere lanarekiko maitasunaz, seme-alabak ez izatearen tristeziaz eta halako gaiez hitz egiten du. Volf eta Dimolitsasen filmak antzerki obrako uneak, eszenatoki atzeko prestaketak eta Maria Callasen artxiboko irudiak erabiltzen ditu Bellucciren ahotsean entzuten ditugun hitzak janzteko. Horiei aktoreak antzerki obraren harira egindako elkarrizketak eta filmerako bereziki grabaturiko eszenak gehitu dizkiete. Eta atzean, opera musika.

Amaigabeko trailer bat edo bideoklip luze bat ikusi izanaren sentipena izan dut filmaren une askotan. Informazio asko zegoen pantailan, iturri ugaritatik zetorrena: Callasen irudiak, flashak, Bellucciren irudiak, flashak, opera musika, Callasen ahotsa kantari, eta aktore italiarrarena eskutitzak irakurriz. Kosta egin zait, era berean, hizketan ari zena Monica Bellucci aktorea zen edo Bellucci Callasen paperean ari zen identifikatzea, eta informazio ugariari beste nahasmen geruza bat gehitu dio horrek. Ulertzen dut Callas eta Bellucciren bizitzaren paralelismo bat egiteko nahia zegoela atzean: garai eta belaunaldi ezberdinetako emakumeak, ospearen zurrunbiloan bete-betean sartuta. Lasaitasuna ere iritsi da uneren batean, baina fikziora eramandako eszenek eta antzerki obrako zati itxuraz nahiko ausazkoen txertaketek egiazkotasuna kendu diote kontakizunari, eta interesgarri izateari utzi dio. Callasez eta Bellucciz beraz gutxi ikasi izanaren sentipenarekin gelditu naiz; pena da, osagai guztiak bertan zeuden eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.