36ko gerrak lehenik eta heriotza goiztiarrak ondoren artista gisa eman zezakeen guztia ematea eragotzi ziotela pentsa daitekeen arren, Antonio Valverde Casas Ayalde garrantzi handiko margolaria da XX. mendeko Euskal Herriko pinturaren eta artearen historian, 36ko gerraren aurreko eta ondorengo belaunaldien zubi gisa izan zuen zereginagatik batez ere. Aurrekoen lanen ezagutza sakonetik abiatuta, garaian garaiko joera berrien eraginei atea ireki zien bere lan askotan, kubismoarenei eta fauvismoarenei besteak beste. Gaur dira ehun urte jaio zenetik, 1915eko urtarrilak 17 zituela, Errenterian. 55 urte geroago hil zen, 1970eko abenduan, Oiartzunen.
Donostiako San Telmo museoak 2004an antolatutako erakusketa antologikoa izan da Ayalderen lana ezagutzeko azken urteotako aukerarik egokiena. Estilo, gai eta teknika ugariko lanak bildu ziren erakusketa hartan, Ayalderen sormenaren pluraltasunaren ispilu: paisaiak, erretratuak, margolan abstraktuak, askotariko lan esperimentalak, ilustrazioak, kartelak... «Joan-etorriko pintorea zen», adierazi zuen erakusketaren komisarioak, Maria Asuncion Torresek. «Esperimentatzea maite zuen: postkubismora joko zizun, inpresionismora halako batean, abstraktura ondoren, beste batzuetan kubismora... Nahi zuena egin zuen beti; askatasun osoz pintatu zuen».
Hiru urte geroago, 2007an, Oiartzunen izan zen ikusgai Ayalderen beste erakusketa handi bat. «Ayalderen pinturaren esentzia lurrin-flaskotxo batean gorde beharko bagenu, bi substantzia hauen ttanttak konbinatu beharko genituzke: geometria eta kolore leunarenak», idatzi zuen Imanol Irigoien margolariak erakusketa haren katalogoan. «Behin astindu eta irekiz gero sortzen den esentziari pigmentuaren usain gozo eta ona dario». Ayalde ezagutu eta pintatzen ikusteko aukera izan zuen, gazte zelarik, Imanol Irigoienek.
Zuzenbide ikasketak egitearekin batera, pintura ikasten ere ari zen Ayalde —Ascensio Martiarena maisu zuela— 36ko gerra hasi zenean. Olioa, akuarela, marrazkiak, kartelak... askotariko lanak egin zituen. Estimazio handia izan zuten pertsonaia historikoei egindako erretratuek: Bilintx, Juan Ignazio Iztueta, Andres Urdaneta, Antonio Okendo, Miguel Lopez de Legazpi, Manuel Larramendi...
Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketa irabazi zuen 1935ean, gerra aurretik, eta baita sei urte geroago ere, 1941ean, gerra ordurako amaitua zela. 1951n Hispanoamerikako Artearen Biurtekoan parte hartu zuen, Olentzero lanarekin. 1952an Donostiako Eguberrietako Dario de Regoyos saria irabazi zuen, eta 1953an lehiaketa bereko ohorezko saria eman zioten. Industrias Graficas Valverde etxeko enpresan lanean hasita zegoen ordurako, gerente eta zuzendari artistiko lanetan. Arte grafikoak lantzeko joera indartu zion lanbideak. Testuen ilustrazioa ere maiz landu zuen. Lizardiren Biotz-begietan eta Orixeren Euskaldunak liburuen berrargitalpenak ilustratu zituen, adibidez. Bi poeten oso zalea zen.
Idazle eta itzultzaile
Etxean ez zuen euskararik jaso, baina 50eko hamarkadan euskara ikasteari ekin zion, bere emazte Maria Dolores Lamsfusek lagunduta lehenik eta Elvira Zipitriak Donostian sortutako eskola ezkutuan gero. Euskaltzain urgazle eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen.
Pintatzeaz gain, idaztea ere maite zuen. El Bidasoa, Oarso, La Voz de España, Egan eta Olerti egunkari eta aldizkarietan eman zituen argitara bere idazlanak, gaztelaniaz zein euskaraz. Bi liburu ere eman zituen argitara, gaztelaniaz bata, euskaraz bestea: Con fondo de txistu (Auñamendi, 1965) eta Ibar ixillean (Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970). Han-hemenka argitaratutako askotariko ipuin, poema eta saioak bildu zituen bi liburuotan.
Manuel Lekuonak idatzi zuen Ayalderen Ibar ixillean liburuaren hitzaurrea. «Askotan guk ezer esatekorik gabe idazten degu. Ayaldek ez», dio Lekuonak testu horretan. «Esatekorik ez duanean, ixillik egongo zaigu. Idazten badu, zerbait esangarri esateko izango da. Euskeraren gaurko egoera ez bada, gure paisajea izango da; paisajea ez bada, artea; artea ez bada, beste zerbait, bañan beti ere 'zerbait', eta 'zerbait gure'». Itzultzaile lanetan ere aritu zen Ayalde. Thomas Hardy eta Vicente Huidobroren poemez gain, Pio Barojaren Vidas sombrías liburuko Mari Beltxa ipuina ere euskaratu zuen, besteak beste.
Joan-etorriko zubigilea
Duela ehun urte jaio zen Antonio Valverde 'Ayalde' artista eta idazlea.Aurreko artistek egindako lanen ezagutzatik abiatuta, joera berriei atea ireki zien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu