Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Soraya Motos. Idazlea

«Jendeak beldurra izaten dio ezezagunari, eta hemen elkar ezagutzeko gaude»

Aldamenekoei, ondoan dituenei bere kultura, ijitoen kultura ezagutarazteko asmoak bultzatuta egin da idazle Soraya Motos, 'Jani y La Luna y otros cuentos de Soraya' ipuin liburuaren egilea.

Juan Luis Zabala
Durango
2012ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Conocernos más reconocernos, igual a respetarnos». Elkarrizketan hitz horiek ager daitezen nahi du Soraya Motos idazleak (Bilbo, 1969). «Elkar ezagutzea gehi elkar onartzea, berdin elkar errespetatzea», itzul daiteke esaldia. Horretarako baliatu beharko litzateke egun hauetan, haren ustez, Durangoko Azokako kultura gonbidatua ijitoen kultura izatea. Bilboko Txurdinaga auzoan bizi da egun Motos, etxe batean, baina haren arbasoak, baita gurasoak ere, etxerik gabe batetik bestera zebiltzan ijito nomadak izan ziren. Amonak eman zion bizimodu haren berri, eta amonaren kontakizunetan oinarrituta idatzi zuen bere lehen liburua, Jani y la Luna y otros cuentos de Soraya narrazio bilduma (Kale Dor Kayiko, Bilbo, 2005), gaztelaniaz. Liburuaren euskarazko eta romani edo ijitoen hizkuntzako bertsioak ere kaleratu zituen argitaletxeak, Koro Navarrok eta Carlos Cidek eginiko itzulpenetan hurrenez hurren.

Amonak kontatutako istorioetan oinarrituta idatzi zenituen Jani y la Luna y otros cuentos de Sorayaosatzen duten sei ipuinak. Zer kontatzen zizun amonak?

Berak bizi izandako istorioak. Nola ibiltzen ziren alde batetik bestera, zergatik ezin ziren inon gelditu, nola jazartzen zieten, zer ohitura zituzten eta zer jaten zuten… Bostehun urte dira ijitoak hemen gaudela, Euskal Herrian, eta azken urteak arte hemengo ijitorik gehienak nomadak izan dira, halabeharrez. Amonak beti esaten zidan batetik bestera ibiltzen baziren ez zirela ibiltzen gustukoa zutelako, baizik eta Guardia Zibilak ez zielako uzten inon hiru egun baino gehiago egoten. Ni jaio nintzenerako familiak utzia zuen ordura arteko nomada bizitza hura. Ondarroan geratu ziren lehenik, gero Bilbon eta Bermeon. Ni Bilbon jaioa naiz, baina Bermeon hazia.

Nola sortu zitzaizun ipuinak idazteko asmoa?

Ezkondu, eta bi alaba izan nituen. Alabak eskolatik etortzen zirenean beste etnia eta beste kultura batzuei buruz hitz egiten zutela jabetu nintzen: txinatarren kulturaz, galiziarren kulturaz, arabiarren kulturaz… Orduan, nik pentsatzen nuen: «Eta ijitoak?Guk ere badugu ba gure hizkuntza, romania, eta geure ohiturak, geure kultura». Hortik sortu zitzaidan amonak kontatutako istorioak idazteko asmoa. Nire birramonak eta nire amonak ez zuten eskolara joateko aukerarik izan, ezta nire amak ere. Baina gu txikitatik eraman gintuzten eskolara, eta idazteko aukera genuen, haiek inoiz izan ez zuten aukera.

Amonak kontatutakoa zabaldu egin behar zenuela iruditu zitzaizun beraz.

Bai. Nik idatzi nuen liburua idatzitakoa betiko geratzen delako. Eta ipuinaren forma aukeratu nuen, kontatutakoa edozeini kontatzeko modukoa izan dadin, nagusi bati bezalaxe ume bati. Mundu guztiak irakurri eta ezagutu ahal izan dezan. Geure burua ezagutzera eramateko, estereotipoak apurtzeko. Batzuek uste baitute ijitoak geuk nahi izan dugulako izan garela nomadak. Ijitoa pertsona ona da, bihotza irekitzen diona beharra duen edozein pertsonari. Kontu batzuk leunduta kontatzeko aukeratu dut, baita ere, ipuinaren moldea, benetan izan ziren bezala kontatuz gero gehiegizkoa izango zatekeelako, gogorregia edo.

Ijitoen bizimodua dute ardatz ipuin guztiek, ijitoen bizimodua ezagutarazten dute.

Bai. Familia ijitoak agertzen dira ipuin guztietan: aitona-amonak, gurasoak eta umeak. Umeak dira beti etxea alaitzen dutenak. Etaipuin bakoitzak bere gaia dauka, bizitzaren alderdi bat jorratzen duela esan daiteke. Ipuin batean ume batek galdetzen dio aitonari: «Zergatik gu ez gara bizi hauek bezala, etxe batean? Zergatik ibili behar dugu beti batetik bestera?». Aitonak erantzuten dio: «Gu nomadak gara». Eta hortik abiatzen da istorioa.

Ijitoen kultura da aurten kultura gonbidatua Durangoko Azokan. Zer aldarterekin hartu duzue gonbidapena?

Oso aukera ona da. Jendeak beldurra izaten dio ezagutzen ez duenari, eta hemen elkar ezagutzeko gaude, elkar ezagutzeko eta elkar onartzeko. Lau egun egongo gara espazio hauek partekatzen, baina gustatuko litzaidake harreman honek jarraipena izatea gero ere, egun hauek igarotakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.