Laguntzak

Jaurlaritzak onartu egin du kulturgileentzako larrialdiko diru laguntzen programa

Kulturgileek 1.200 euro jasotzeko aukera izango dute hilero, gehienez. Maiatzaren 11ko astetik aurrera izango da laguntza eskatzeko aukera.

Donostiako Victoria Eugenia antzokia itxita, osasun larrialdi egoeraren ondorioz. JON URBE/FOKU
aitor biain
2020ko apirilaren 29a
12:53
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran onartu du kulturgintzako langileei bideratutako larrialdiko laguntza programa. Denera, 2,5 milioi euroko diru poltsa da, eta osasun krisiaren eta itxialdiaren ondorioz «egoera estuan» diren langile «autonomo profesionalei» dago bideratuta. Lanbideren bitartez kudeatuko da programa, Kultura Sailarekin lankidetzan.

Kulturgileek 1.200 euro jasotzeko aukera izango dute hilean, gehienez. Alarma egoera hasi zenetik hasi eta sei hilabetez iraungo du programak. Langile bakoitzaren aurreko urteko errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko dute laguntza: iazko diru sarrera garbien hileko batezbestekoaren %70 jaso ahal izango du bakoitzak, gehienez ere 1.200 euroraino. Jarduera ekonomikoa aurten abiatu dutenek ere eskatu ahal izango dute laguntza, baina jasoko duten kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da: 950 euro.

Diru laguntza «profesionalei» zuzendutakoa da, hala ere. Eskatzaile bakoitzak ziurtatu beharko du diru sarreren %60 kultur jarduera horiei esker jasotzen dituela. Horrez gainera, «frogatu» beharko dute itxialdiaren ondorioz kultur jarduera hori bertan behera geratu dela, edo kontraturik egin ezinik geratu direla. Askotariko jarduerak biltzen ditu programak, dena den: zinemagintza eta bideogintza; liburutegiak, artxibategiak, eta museoak; margolaritza, eskulturagintza eta artisautza; alor teknikoa; dantza eta musika...

Bateraezina

Diru laguntza hori bateraezina izango da, beraz, ezingo da larrialdi egoerari aurre egiteko Jaurlaritzak onartutako beste laguntza batekin alde berean jaso. Maiatzaren 11ko astean irekiko da eskaera egiteko prozedura. 

Zenbatek eska dezaketen ez dago argi, hala ere, baldintzak betetzen ez dituztenak ere badirelako, batetik, eta langile horien erregistrorik ere ez dagoelako, bestetik, Bingen Zupiriak BERRIAri emandako elkarrizketan aitortu duenez.  

Nolanahi ere, Jaurlaritzak gogorarazi du aholkularitza zerbitzu bat jarri duela kulturgileei diru laguntzen eta prozeduren berri ematen laguntzeko. Kulturklik Pro-ren bitartez emango da zerbitzu hori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.