Alicia Amatriain. Dantzaria

«Ikasteari uzten dionak utz diezaiola dantza egiteari»

Dantzari ibilbidea garatzeko, Alemaniara jo behar izan zuen Amatriainek, baina Donostiara itzuli da egunotan, lehen aldiz zapaldu zuen antzokian bi emanaldi egiteko. Egungo dantzari gazteek berak baino aukera gehiago izan ditzatela eskatu du.

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Oso gaztea zela, amets baten atzetik Alemaniara abiatu zen Alicia Amatriain (Donostia, 1980). Han garatu du bere dantzari ibilbide osoa, Stuttgarteko Balletean, eta sari ugari eskuratu ditu urteotan, tartean, dantzaren munduko Oscar saritzat jotzen den Benois gutiziatua (2006an). Atzerrian laudatua izanik ere, gutxitan egin izan du dantza bere hirian; duela sei urte izan zen azken aldiz emanaldi bat egiten. Asteon itzuli da berriro sorterrira, zapaldu zuen lehen antzokira hain justu, Viktoria Eugeniara, Donostia bihotzean ikuskizunarekin [atzo eta herenegun taularatu zuen]. «Fisikoki oso indartsua» den emanaldi bat ekarri du, «bihotzera» iristen zaizkion sei piezaz osatutakoa, Juan Mari Beltranen musika daraman bat tartean. Hunkituta eta urduri zegoen lehen emanaldiaren bezperan. «Sentsazio asko nahasten zaizkit: beldurra, urduritasuna, poza, ilusioa... nire barruan pilotatxo bat bilakatuz doan korapilo batean dago dena. Hemen dantzatzea oso berezia da niretzat, eta oso polita. Beti eman izan dit beldur handia, beste inon baino hobeto egin nahi dudalako hemen». Aurrez, omenaldia jaso zuen udaletxean, eta dantzarekiko instituzioen inplikazio handiagoa eta dantzari gazteentzako aukera gehiago eskatzeko baliatu zuen hitzartzea.

14 urterekin utzi zenuen Donostia, Alemaniara joan eta dantzan ibilbide bat garatu ahal izateko. Jauzi handia izango zen...

Bai, gogorra izan zen, baina uste dut urte haietan nire familiarentzat izan zela gogorragoa. 14 urterekin, abentura baten moduko zerbait zen. Baina urteak pasatuta, eta pasatutako guztia ikusita... bai, oso zaila da. Ez nuke ezergatik aldatuko, baina orain pentsatzen jarrita... indarra izan nuen hara joateko, jakin gabe nora nindoan, zer zetorkidan...

Stuttgarten osatu duzu ibilbide osoa. Hango balletean zabiltza duela ia hogei urtez geroztik. Nolako konpainia da?

Stuttgart Balleta nire bigarren familia da. Haiekin hazi naiz, haiekin ikasi dut, arazo bat dudanean haiengana jotzen dut... oso lotura estua dugu, eta oso konpainia berezia da niretzat.

Ballet horretako lehen dantzaria zara 2002tik. 22 urte zenituen postu horretarako aukeratu zintuztenean. Pozgarria ez ezik, ardura handia ere izango zen...

Bai, ezustekoa izan zen erabat, ni ez bainintzen bakarlari mailatik igaro, eta ez nuen inondik ere halakorik espero. Une zaila izan zen, egia esan, nik nahi nuelako gainerako dantzariek ni errespetatzea ez bakarrik hara iritsi nintzelako, baizik eta hor egotea merezi nuelako. Erakutsi nahi nien moduren batean ni ez nintzela aldatuko goian edo behean egoteagatik, lehengo berbera nintzela. Eta hala izan da; ez da deus aldatu.

Nolakoa da zure ohiko egun bat dantzari profesional gisa?

Ohiko egun batean, 10:30ean ekiten diogu klaseari. Ni ordubete lehenago iritsi ohi naiz beti; errutina bat da niretzat, lasaiago ibiltzen naiz horrela. Gure ordutegia bulego bateko lanaren antzekoa izaten da, 10:30etik 18:30era, tartean ordubeteko atsedenaldia eginez... tira, oso gutxitan hartzen dudana bide batez, gehienetan beste lanen bat egiteko baliatzen dudalako [barrez]. Eta, bukatutakoan, beste edonork egiten dituen gauza bertsuak egiten ditugu: lagunekin elkartu, edo etxera joan... Ikuskizuna dugun egunetan, berriz, lehenago bukatzen dugu, 14:00etan; halakoetan, emanaldia baino bi ordu lehenago prestatzera joatea izaten da nire errutina.

Diziplina, sakrifizioa, sufrimendua, lesioak... horrela irudikatu izan da maiz ballet klasikoa kanpotik. Hala bizi izan duzu zuk barrutik ere?

Ez da soilik klasikoa, dantza orok dakar berarekin diziplina bat. Sufrimendua? Bueno, gimnasiora joanez ere sufritzen da... [barrez]. Nire ustez, nahi duzun hori lortzeko gogor lan egin beharra dago, eta dantzan ere hala da. Baina iruditzen zait alde positiboa askoz ere handiagoa dela negatiboa baino, eta horregatik merezi digula dantzarioi horrek guztiak.

Beste dantza moten aldean, perfekziotzat jotzen da ballet klasikoa...

Bai, egiazki ballet klasikoak linea argi horiek ditu, irudi edo bisualizazio hori... Benetan ez da horrela, baina nolabait dantzariak airean igeri egiten duela dirudi, aise, loturarik gabe... badirudi lurra ez duela ukitzen. Eta horrek perfekzio bilakatzen du; ezin duzu publikoa une horretatik atera. Niretzat ere hala da erabat, zeren eta eseri eta aurrean klasiko bat duzunean, benetan uzten zaitu...

Baina aldi berean, nolabait, utopikoa ere bada alde horretatik, perfekzioa ezinezkoa baita...

Hala da, perfekzioa ez da existitzen. Nik beti esan izan dut: «Dantzaria perfektua izatera iristen den unean, utz diezaiola dantza egiteari». Dantza ez baita perfektua, ez eta dantzaria ere; ez gara makinak, gizakiak gara, dantzariak, eta emozioak ditugu. Eta ikuskizuna bizitza da, milioi bat gauza gerta daitezke aldi bakoitzean. Esperientzia izatea da gakoa, nire ustez, jakitea nola erantzun egoera bakoitzari. Eta egunero ikasten segitzea, dantzari batentzat oso garrantzitsua baita hori; ikasteari uzten dionak utz diezaiola dantza egiteari.

Beraz, nahiz eta perfekzio hori inoiz ez eskuratu, ez da frustrazioz bizi den zerbait…

Ez, eguna beti berria da. Gure lan tresna fisikoa da, gure gorputza, inoiz ez dakigu bi aldiz egingo dugun bira, edo hiru aldiz, edo behin ere ez, eguna txarra izan delako. Beraz, egunean-egunean zoaz ikasten une bakoitzean sortzen diren zailtasunei nola erantzun.

Dantza klasikoan eta garaikidean aritzen zara. Bata zurrunagoa dela esan ohi da, eta askeagoa bestea. Zuretzat ere hala da?

Bai, bueno, ballet klasikoa ere oso ballet garaikidea izan daiteke, segun eta nola ikusten duzun... Klasiko zurrun hori ez da polita ikusteko, baina klasiko dantzatua, berriz, mugimendu garbia eta arintasun hori dituena... Osagarriak dira. Baina kortsearen edo zurruntasunaren kontu hori oso aspaldikoa da; jada ez da eramaten.

Fisikoki ez ezik, mentalki ereariketa ezberdina da zuretzat bata edo bestea egiteko prestatzea?

Piezaren araberakoa izaten da hori, estiloaren araberakoa baino gehiago. Badira izugarri gogorrak diren pieza garaikide edo modernoak, eta baita hainbesterainokoak ez diren pieza klasikoak ere. Beraz, piezaren araberakoa dela iruditzen zait. Edozein modutan, niri nahastea gustatzen zait, bestela aspertu egiten naiz [barrez].

Noraino zara aske obra klasiko batean zuretik emateko?

Kaxatxo moduko bat dago hor, beti, eta kaxatxo horren barruan mugimendu asko daukazu... betiere kaxatxotik ateratzen ez bazara [barrez].

Nola egiten diozu aurre obra edo rol berri bati? Nondik hasten zara lanean?

Hasierara itzuliz. Beti hasi beharra daukazu hutsetik, nik behintzat hala egiten dut lan, baita lehenago dantzatu izan dudan rol bat denean ere; beti itzultzen naiz hutsera. Beti daudelako berriro aurkitzen dituzun gauzak, edo lehenago ikusi ez dituzunak. Adibidez, demagun duela hiru urte Julieta dantzatu nuela, eta aurten berriro dantzatuko dudala; bada, duela hiru urteko nire Julieta hartan, ni une jakin batean nengoen fisikoki eta emozionalki, eta, hiru urte geroago, beste batean nago. Beraz, hutsetik hasten naiz, eta berriro eraikitzen dut une bakoitzeko Julieta, nirea dena.

Nolako rolak dituzu gogokoen?

Tatiana ikaragarri maite dut, niretzat Onegin oso berezia da. Drama izugarri maite izan dut beti, Dama kameliaduna, Julieta... Baina komedia ere oso gogokoa dut.Pixka bat denetik naizela esango nuke, baina bai, drama oso gogokoa dut oro har.

Antzeztetik ere asko du dantzak alde horretatik.

Bai, niretzat oso garrantzitsua da hori; nahiz eta dantzatu beharreko pieza abstraktua izan, zerbait eman behar diozu beti. Ez da beharrezkoa istorio bat azaltzea; nik ez dizut istorio bat kontatu behar, baina zerbait eman behar dizut; ezin zara oholtzan robot bat izan, inolako emoziorik agertu gabe.

Noraino da garrantzitsua dantza bikotekidea zure lanean?

Oso garrantzitsua da. Nire partenaire-etako bat, Friedemann Vogel, Alemaniara iritsi nintzenetik ezagutzen dut, 14 urte nituenetik. Monte-Carloko eskolara joan zen bera, eta konpainiara biok batera sartu ginen gero; beraz, 17 urte inguru daramatzagu elkarrekin dantzan. Eta gure artean ez dugu hitzik behar. Ez nukeen inoiz pentsatuko partenaire batekin horrelako zerbait izan ahalko nukeenik. Zehatz-mehatz dakigu besteak une oro zer behar duen, nola sentitzen den; egun horretan ongi ez badago, ni hor egongo naiz, eta ni ongi ez banago, badakit bera hor egongo dela. Ez da hitzik behar. Konfiantza handia behar da: nire partenaire-aren esku %100 egon naitekeela sentitu beharra daukat, hark nire esku bezala. Bat bihurtu behar dugu.

Ibilbide luze eta oparoa egin duzu, eta hainbatetan jaso izan duzu aitortza; Benois sariarekin, esaterako. Gailurrera iritsi zarela esango dute askok, baina zuk ikasten jarraitzen duzula esan duzu lehen…

Bai, ez baitakit gailurra zer den; agian jada pasatu dut, edo agian ez naiz iritsi, edo agian inoiz ez naiz iritsiko. Ni egunez egun noa; egun bakoitza berria da, eta egun bakoitza eskertzen dut. Ikuskizun bakoitza azkena izan daiteke, inoiz ezin da jakin. Niretzat garrantzitsua da egunez egun joatea; ez dakit bihar zer gertatuko den, ikusiko da...

Baina zure mailara iritsita ikasten jarraitzen duzula esatea deigarria ere gerta daiteke…

Ikasten jarraitzen dut, eta ikasteari uzten diodanean, benetan esaten dizut, bukatu da. Eta ez soilik dantzan, nire ustez bizitzan ere gauza bera da.

Donostia utzi eta atzerrira joan behar izan zenuen zure ibilbidea garatzeko. Egun Euskal Herrian dantzan ari diren haur eta gaztetxoek zure garaian baino aukera gehiago dituztela iruditzen zaizu?

Uste dut aukerak orduko berberak direla, hau ez dela asko aldatu. Eskolak badaude, noski; arazoa da zer gertatzen den eskolak bukatu eta gero. Eskolak eta irakasle bikainak daude hemen, hori ez da inoiz dilema izan; dilema da zer egiten dugun gero. Eta, 18 urterekin joatea erabaki behar baduzu, bada, horretarako gauza bera da 14 urterekin joatea, kanpora berdin-berdin atera beharko duzu. Polita litzateke kanpora ateratzera bultzatuak izan behar ez bagenu; zeren, noski, beti egongo da kanpora joan nahi duen dantzaririk, hori normala da, baina erabaki hori izan dadila: «Ados, kanpora noa, baina itzul naiteke etxera, eta ez diot dantza egiteari utzi behar etxera bueltatzeko». Dilema hori, gaur egun, ez da oraindik konpondu.

Zuk sari asko jaso dituzu, baina, oro har, dantzak nolako aitortzaduela uste duzu arteen eta kulturaren munduan?

Ez da aitortza kontua soilik. Donostian, Euskal Herrian, antzokiak beti daude beteta! Ez da publikoak ez duenik hori eskatzen. Ez dakit nor den hau antolatu behar duena, baina Alemania, esaterako, eredu bat da. Hiri bakoitzean antzoki bat dago, hiri bakoitzak du opera bat, ballet bat, publiko bat, publiko oso hezia gainera... Eta ez naiz hori gauetik goizera egiteko eskatzen ari, noski, han hamarkada luzez landu den zerbait baita, tradizio bat da, baina han dantzari batek lana du, opera abeslari batek lana du; ez badu Hanburgokoa edo Stuttgartekoa bezalako konpainia bat, agian txikitxoago bat topatuko du, baina baditu irteerak, eta hemen hori ez dago.

Zer ematen dizu dantzak egunero-egunero hainbeste orduz lan egiteko behar duzun energia hori izateko, eta aurrera egiteko?

Dantzak berak ematen dit energia hori. Dantzarik gabe ezingo nintzateke bizi. Are oporretan, astebete baino gehiago ezer egin gabe pasatzen badut, ezinegona sortzen zait. Oholtza baten gainean egotea, dantza egitea, aktibitatea... oso garrantzitsua da niretzat, barru-barruan daramat, eta ezin naiz hori gabe egon.

Zein dira zure erronkak uneotan eta etorkizun hurbilean?

Egunean egunekoak, horiek dira nire erronkak. Oraintxe Donostia bihotzean, niretzat oso ikuskizun garrantzitsua baita, bihotzean baitaukat. Baina nire erronka da nire bizitzarekin orain arte bezala jarraitzea, pertsona bera izaten jarraitzea, eta poza ekarri ahal izatea ahal dudan jende guztiari, adibidez, omenaldian dantza egin didaten neskato horiei. Niretzat izugarria da ikustea ni zerbait naizela haientzat, niretzat lehenago beste batzuk izan ziren bezala. Inoiz pentsatuko ez nukeen zerbait da hori, eta oso-oso ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.