Lekeitio (Bizkaia) erdigunean dagoen Armintxe haitzuloan balio eta kalitate tekniko handiko historiaurreko grabatuak topatu dituzte. Duela 14.000 urte inguru egindakoak dira, gutxi gorabehera. Besteak beste, animalia ezberdinak irudikatzen dituzten Madeleine aldiko 50 bat irudi daudela jakinarazi du Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak. Gainera, lehen aldia da Kantauri isurialdeko leize batean katuaren familiako grabatuak eta irudi abstraktuak agertu direla. «Adituen arabera, Iberiar penintsulan dagoen grabatu multzo zirraragarri eta ikusgarrienetakoa da», iritzi dio Rementeriak.
Armintxen topatutako artelanak Kortezubiko (Bizkaia) Santimamiñen edota Urdazubiko (Nafarroa) Alkerdin daudenen garai berekoak dira, Madeleine garaiko goi paleolitokoak, alegia. Cesar Gonzalez Historiaurreko katedradunak jakinarazi duenez, Frantziako Pirinioetan topatutako grabatuen antz handia dute Lekeitiokoek. «Garai hartan, komunitateen artean egon zitezkeen harremanen teoria indartzen du».
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondarearen Zerbitzua leizeetako ondarea berriz aztertzen hasi zen 2004an, ordura arte aurkitu ez ziren historiaurreko artelan berriak bilatzeko xedez. Horri esker, ezagutu ahal izan da Armintxeko ondarea, besteak beste. Rementeriak jakinarazi duenez, adituek oraindik Lekeitioko haitzuloa ikertzen jarraitzen dute, eta litekeena da aurkikuntza gehiago izatea.
Gonzalezek azaldu duenez, joan den maiatzean topatu zuten grabatu multzoa Gernikako (Bizkaia) Ades espeleologo taldeko kideek, kobaren sarreratik 50 metrora. Hormari osotasunean erreparatuta, zaldi eta bisonte baten irudiak gainontzekoak baino dezente handiagoak direla antzematen da. Alde horretatik, animalien konposizioa «izugarria» dela irizten dio katedradunak. Hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte, bi lehoi eta zehaztu gabeko lau oineko lau animalia identifikatu dituzte adituek, oraingoz. Irudi figuratiboak ez ezik, abstraktuak ere badira; lerro bat eta zirkulu erdiko ikurrak, hain zuzen ere. Lehoien grabatuekin batera, hori da Armintxeko aurkintzaren beste berrikuntzetako bat.
Bestalde, grabatuak egiteko duela 14.000 urte erabilitako teknikak harritu du Gonzalez gehien: «Grabatuak herrestatze teknikarekin daude eginda; horrek horman altxadura txikiak eragiten ditu, eta, horrela, lerro bat sortzen da». Grabatuak egiteko modu horri esker, irudiak «ezin hobeto»ikus daitezkeela gaineratu du. Teknika hori «oso ondo egokitzen da kobazuloaren azalera, eta «efektu ia piktorikoa» sorrarazten du. Harkaitzean animaliak irudikatzeko baliatutako bi dimentsioak ere nabarmendu ditu adituak.
Dena den, historiaren ezagutzan sakontzeko aukera ez dute kobazuloan dauden grabatuek soilik ematen. Izan ere, adituek jakinarazi dutenez, irudien panel nagusia aurkitu den lekua orain arte «zapaldu gabea» da. Gonzalezek argi azaldu du: «Ia segurtasun osoz esan daiteke kobazuloko barrunbearen hondoko lurra duela 14.000 urtetik hona inork ez duela zapaldu». Hala, grabatuak egin zituzten gizakien arrastoak aurkitzeko aukera handia dagoela uste du. Ziurrenik, Armintxeren sarbidea zailtasun handikoa da, eta horrek ahalbidetu du ondarea milaka urteetan iraunaraztea.
Lekeitioko erdiguneko eraikin baten azpian dago Armintxe, eta,haitzuloak gordetzen duena erabat ezagutzen ez den arren, Rementeriak aurreratu du ez dela bisitatzeko aukerarik izango, Armintxeri aitortu dioten «zaintza maila gorena» dela eta. Hala ere, argitu du Santimamiñeren kudeaketan jasotako ezagutzagatik eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerei esker, herritarrek Armintxen «gozatu» ahal izango dutela.
«Iberiar penintsulako grabatu talde zirraragarriena» topatu dute Bizkaian
Duela 14.000 urte marraztutako zaldi, bisonte eta lehoiak azaldu dira Lekeitoko Armintxe leizean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu