Hegelen kontrako artelanak

Jesus Pastor artista bizkaitarraren azken urteetako 40 bat pieza bildu dituzte Bilboko Rekalde aretoan

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Bakea ukatu nahi dio ikusleari Jesus Pastor artistak (Santurtzi, 1954). «Nire piezetan beti dago dialektika bat, eta ez dut nahi Hegelek konponduko lukeen bezala konpontzerik: tesia, antitesia, eta gero sintesia. Ez! Nik tesia eta antitesia nahi ditut etengabe borrokan. Ez dut nahi dialektika hori konpontzerik. Horregatik, aurrez aurre ageri dira nire piezetariko elementuak maiz, baina ez dago soluziobiderik. Tentsioan mantentzen du horrek ikuslea, eta soluzioaren bila murgiltzera bultzatu. Tentsioa sortzen dut, hutsunea, eta hori interpretatu behar du ikusleak». Sortzaileak hogei urte hauetan egindako 40 lan inguru bildu dituzte orain Rekalde aretoan. Bi zatitan antolatu dute hori ere, baina ez aurrez aurre. 1990etik hona egindako lanak daude lehen erdian, eta 2013tik hona egindakoak bigarrenean. Artistaren izena darama bildumak, eta maiatzaren 4ra arte izango da zabalik erakusketa.

Itzulera berezia izan dela dio Pastorrek. Santurtzin jaio, baina urteak daramatza Galizian, eta Euskal Herrian erakusketarik egin gabea zen 1990az geroztik. Eguneraketa moduko bat da horregatik bilduma. EHUko Arte Ederren Fakultatean egin zituen arte ikasketak, eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen filosofia. Eta bi alorretako erreferentziak uztartzen ditu bere lanak. Grabatugintzarekin esperimentatzen aritu da luzaro. Horregatik jaso zuen 1997an Espainiako Grabatu Saria. Eta horretan dihardu orain ere lanean. Grabatugile baten modura, bai, baina eskultorearen hiztegiz maiz; bolumena, espazioa, dentsitatea, sakontasuna, pisua... Irudiaren eta objektuaren artean zalantzan dabiltza horregatik pieza asko.

Izan ere, muga esturik gabe ulertzen du grabatugintza Pastorrek. Zabal. Beti beste arte esparruekin igurtzian. 2010ean azaldu zuen bere jarrera Estampa izeneko Arte Anizkunari buruz egin zen lehen foroan, Madrilen. Eta han esandakoak balio dezake erakusketara ekarri duena ulertzeko: «Ez dut argi alor grafikoa beste eremu eta arlo artistiko batzuetara hedatu den, lehertzeko mugimendu zentrifugoa eginez, edo, aitzitik, mugimendua zentripetoa izan ote den, inplosiokoa, eta ahal izan duen guztia xurgatu duen beste arlo artistiko batzuetatik (...). Ez dakit grabatuak zabaltzen ari den nova edo supernova baten moduan jokatu duen, zati kontaezinetan zatikatuz; edo dena xurgatzen duen zulo beltz baten modura jokatzen ari den». Baina,hain justu, puntu horretan kokatzen da Pastorren sorkuntza. Barruranzko edo kanporanzko leherketa horren erdian.

Imanekin sortutako piezak

Sorkuntza prozesua. Hori nabarmendu du Miguel Fernandez-Cid Bilboko erakusketako komisario eta Santiagoko Gonzalo Torren Ballester Fundazioko kideak (Galizia). Bere hitzetan, garrantzi handia eskaintzen dio Pastorrek horri. Presarik gabe. «Ez zaizkio balio bide laburrak, bidezidorrak edo erreferentzia errazak: nahiago du ibilbide osoa ibili, horren ondorioz hasieran prozesua mantsotu behar izan arren, uste baitu azkenean emaitza sendoagoak lortuko dituela».

Imanekin sortutako piezak dira horren adibide. Energia irudi bilakatzea izan du bere erronka. Urrundik hormatik zintzilikatutako koadro lauak baino ez diruditen arren, gerturatu ahala, milaka metal alez osatutako gainazala dela igarriko du bisitariak. Iman baten bidez mantentzen ditu itsatsita artistak metal ale horiek koadrora, eta polo positibo eta negatiboak kontrolatuz osatzen ditu erritmo eta irudiak. Eta areagotu egiten du jolasa pieza horien ondoan marmolezko neurri bereko piezak jarrita. Aurrez aurre. Dialektikan.

Etengabea da urrunetik ikusten denaren eta gertutik ikusten denaren arteko jolasa ere. Hori da bildumako lehen piezaren kasua. Urrundik, hainbat kolore mantxa urdinez osatutako zirkulu handi bat dirudi lanak. Irudi abstraktu bat, funtsean. Gerturatu ahala, ordea, detaileek hartuko dute garrantzia, eta hala ohartuko da ikuslea, mantxa uste zituenak, metal hautsez eta imanez sortutako figura txikiak direla. Pastorrek azalpena: «Pentsamendua sentsibilitatez hornitu nahi izan dut, eta sentsibilitatea pentsamenduz».

Zulatutako liburuak

Artista ez da soilik pieza zehatz bati buruz ari, ordea. Bere azken lanetan ere igarri daiteke ideia horren eragina. Arte pieza bilakatu ditu kuttun zaizkion filosofia liburu eta musika partiturak, adibidez. Bere etxeko liburutegiko liburuak hartu, orriak goitik behera zulatu, eta lortutako paper txatalak metatuta, eskaneatu egin ditu gero orri multzo horiek, eta hala sortu ditu erakusketako bigarren atalean dauden piezak. Materia bilakatu ditu ideia zirenak. Xehe-xehe. Deseginda eman ditu sinfoniak. «Niretzat garrantzi berezia izan duten liburuak zulatu ditut. Liburu konkretuak». Eta ale zehatz horien datuak ageri dira, horregatik, piezen izenburuetan: Diálogos IV. República. Platón (1998), Ed. Gredos, Madril. ISBN 84-249-1027-3.

Erakusketari buruzko bideoa ikusteko, bisitatu gure webgunea:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.