Hainbat hamarkadaz kultur agente ofizialek baztertua izan ostean, Amma Bonsu idazle apurtzailea Londresko Antzoki Nazionalean estreinatzekoa da bere ibilbide hasierako antzezlanetako bat. Ikusmin handia piztu du The Last Amazon of Dahomey-k (Dahomeyko azken amazona): lehen emanaldia baino aste batzuk lehenago saldu ziren obra ikusteko sarrerak, XVIII. mendeko Afrika mendebaldeko gerlari lesbianen komunitate bat protagonista duena. Ammaren estreinaldiaren aitzakian, Antzoki Nazionalera joandakoen artean daude bere alaba Yazz, bere inguruko helduei beren pribilegioak etengabe gogorarazten dizkien —bereak erabat aintzat hartu gabe— kazetaritzako bigarren mailako ikaslea; eta Roland, bere esperma Ammari eman izanari esker Yazzen aita biologiko bihurtu zena eta Londresko Unibertsitatean bizitza modernoa irakasten duen irakasle gay bat dena. Dominique ere han da, Los Angelestik propio etorrita bere lagun-min eta kolaboratzaile ohiari babesa emateko asmoz. Baita Shirley ere, zeina Peckham langile eta etorkin auzoan Ammarekin batera hazi den eta gaur egun «prostituta, droga saltzaile eta drogazaleen hurrengo belaunaldi[aren]» irakasle dabilen. Azken horren ikasle izandako Carolek —berea bezalako jatorria dutenengandik gizarteak espero duenaren kontra banku bateko presidenteorde izatera heldu denak— eta Morgan izeneko ekintzaile ez-binarioak ez dute hitzordua huts egingo.
Londrestik Barbadosera, 1895etik orainaldira; geografia eta garai ezberdinetara garamatzate Bernardine Evaristoren (Londres, 1959) Girl, Woman, Other (Neska, emakume, beste; 2019) nobelako protagonista diren hamabi emakume britainiar beltzen istorioek. Haien arteko lokarria Ammaren antzezlana da, berez, nobelak jorratzen dituen gaiei begira, esanguratsua dena.
Ikusleen gehiengoa beltza dela aintzat hartuta, Rolandek zera dio: «Emakume beltzei buruzko antzezlanak ez dira inoiz erakargarriak izango, gehiengoaren gehiengoak Les Négresses-en gehiengoa beraiengandik aparte, bestetasunaren errepresentazioa bezala, ikusten dutelako». Bestetasun kontzeptua modu teorikoan erabiltzen du Yazzen aitak, egoera jakin bat antzeman eta haren oinarrian dauden ideologiak izendatzea nahikoa balitz bezala batek jasan ditzakeen bidegabekeriak nabigatzeko.
Evaristoren nobelan, ordea, bestetasuna bizi-esperientzia bat da, hots, emakume protagonisten bizi kalitatean eragin zuzena, sakona eta etengabea duen egoera bat da, eta, ondorioz, konplikatuagoa da kalteari buelta ematea. Oxforden igarotzen duen lehen lauhilekoan, ikaskide batek Caroleri esaten dio «arras ghetto» dela, eta irain horregatik unibertsitate ikasketak bertan behera uztekotan dago. Bummik etxe garbitzaile moduan lana lortzen du halako batean, eta lehen lan egunean nagusiak esaten dio «tiraderarik edo armairurik sekula ez zabaltzeko, patriken edo poltsen barruan eskua ez sartzeko», emakumea eta beltza izateagatik joera kriminalak izango balitu bezala.
Botere dinamikak iraultzea posible ez badute ere, pertsonaiek erresistentzia mekanismoak garatzen dituzte beren buruak indartu eta babesteko asmoz. Shirleyren ama Winsomek eta Barbadosko irakurle taldeko bere lagunek erabakitzen dute idazle kanoniko zuriek haiei buruz hitz egiten ez dutela, eta beren kulturako emakumeen lanak bakarrik irakurriko dituztela. Azken batean, Winsomek esaten duen bezala, «zergatik izan beharko lukete Wordsworth, Whitman, T.S. Eliot edo Ted Hughesek esanahi berezirik Karibeko jendearentzat?».
Norbanakoa eta taldea
Hala ere, Girl, Woman, Other eleberriko emakumeek ez dute fronte komuna osatzen, ez dituztelako beren buruak gu baten parte ikusten. Ammaren antzezlana ikusten ari dela, Carolek aitortzen du agertokia emakume beltzez beterik egoteak bere burua balioetsia sentiarazi beharko liokeela, baina egiazki «nahiko lotsatuta» dago antzezlanak darabilen iruditeriagatik. Bere ustez, egokiagoa izango zen «benetako arrakasta adierazten duen norbait» balitz obraren protagonista, batetik bestera ero moduan dabiltzan gerlari lesbiana talde baten ordez.
Carole ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Sexualitatea eta sexu orientazioa gai arantzatsuak dira nobelako protagonisten artean. Ammaren lagun mina izan arren, Shirleyk nahiago du haren homosexualitateari buruz ez pentsatu, ez zaiolako naturala iruditzen. Bummik ia baztertu egiten du Carole, alaba nigeriar batekin ezkontzekoa ez dela jakiten duenean. Dominique, berriz, frustratuta sentitzen da bere feminismoaren arabera haiei ez dagozkien espazioak infiltratzen dituztelako emakume transexualek.
Girl, Woman, Other-eko pertsonaietako batek ere ez du emakumetasun beltzaren interpretazio unibertsal bat babesten; lehenik eta behin, zenbait nortasun ez lituzkete defendatu ere egingo. Rolanden aburuz, horrek ez du axola eta ez luke axola behar ere. Britainiar zurien antzera, britainiar beltz orok bere buruari buruz hitz egiteko eskubidea du, taldearen ordezkari bihurtu gabe.
Baina Rolandek arrazoia ote duen galdetzen du Evaristoren nobelak. Alde batetik, eleberriak nortasun britainiar beltzaren espektro osoa aintzat hartu, eta ospatu egiten du; baina, bestetik, Winsomek hain gogoko duen Grace Nichols poeta guyanarraren poema batek aditzera ematen duen bezala («gu emakumeok/ zeinen laudorioak abesteko dauden/ zeinen ahotsak entzuteko dauden»), gu baten beharra azpimarratzen du. Gu hori nola osatu heterogeneotasuna arriskuan jarri gabe, hortxe dago koxka.
Literatura
Hamaika ahotsez osaturiko 'gu'-a
Hamabi emakume britainiar beltzen istorioek harilkatzen dute 'Girl, Woman, Other', Bernardine Evaristo idazlearen nobela. Denak lotzen dituena antzezlan bat da, zeina esanguratsua den eleberriak jorratzen dituen gaiei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu