«Gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko» sortutako testuak

'Genero-ariketak' liburuak «pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren ekarpenak» jaso ditu

Juan Luis Zabala
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa» egin nahian, Genero-ariketak liburu kolektiboa osatu eta apailatu du Isa Castillo Etxano eta Iratxe Retolazak koordinatutako lan talde batek, eta Edo! argitaletxeak plazaratu du lan horren emaitza. Gorputz ikusezinak ikusarazteko ahalegin horri «pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren gogoetak eta ekarpenak» bilduz ekin diote, Castillok eta Retolazak liburuaren hitzaurrean azaldu dutenez («subjektu feministak eta trans subjektuak bat-egitea baitakar transfeminismoak»). Horrekin batera, (trans)feminismoa «pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri» dela erakutsi nahi izan dute. Ekintza eta pentsamendu (trans)feminista garatzen, eraikitzen eta hedatzen ari diren pertsona eta kolektibo batzuk bildu ditugu, eta irakurlea ohartuko denez, askotarikoak dira ahots horiek».

Amaia-Aimar Elosegi Amaia Alvarez Uria, Judith Butler, Virginie Despentes, Amaia-Aimar Elosegi, Mari Luz Esteban, Ainhoa Guemes, Medeak, Raquel (Lucas) Platero, Beatriz Preciado, Javier Saez eta Itziar Zigaren idazlanak biltzen ditu liburuak, eta honako esparru hauetan jorratu da, batez ere, feminismoaren subjektuen inguruko kezka: mugimendu feminista, unibertsitatea, artea eta literatura. «Are gehiago, arlo horietan lanean diharduten pertsonek zein kolektiboek elkarguneak eta solasguneak eraiki dituzte, eta horien arteko zubi-lana sendotu eta areagotu egin da», Castillok eta Retolazak diotenez. «Egitasmo hau, azken batean, elkargune eta solasgune horien emaitza da, parte-hartzaileok mugimendu feminista, Jabekuntza Eskola eta Emakume Etxeetako sareetan ezagutu baitugu elkar».

«Genero-ariketak liburuaren helburua ez da (trans)feminismoan ekarpen berriak egitea, ez eta testu esanguratsuenen bilduma egitea ere», hitzaurrean ohartarazi dutenez. «Gogoeta egiten lagundu diguten ahotsak ekarri nahi izan ditugu, gure artean tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta liburuak aurkezten izan diren feministak. Horregatik, esperientzia pertsonaletatik pentsamendurantz doan ibilbidea proposatu dugu».

Hiru atal eta 'Glosategia'

Baina gorputzak dio... atalean, «gorputz baztertuen ahotsei» eman diete lekua eta presentzia; Amaia-Aimar Elosegi, Itziar Ziga eta Ainhoa Guemes dira testuen egileak. Bigarren atalean —Baina ispiluak dio…—, hausnarketa eta «iruzkin (trans)feminista zenbait» bildu dituzte, «geure gorputza irudikatzeko ispilu berrietara jotzeko»; Medeak, Raquel (Lucas) Platero, Beatriz Preciado eta Amaia Alvarez Uriaren testuek osatzen dute atal hau. Baina pentsamenduak dio… ataleko testuek «(trans)feminismoaren testuinguru eta eragin soziopolitikoez jarduten dute»; Mari Luz Esteban, Javier Saez eta Judith Butlerrenak dira testuak. Horrez gain, Glosategia ere eskaintzen du liburuak, Amaia Alvarez Uriak taxutua. «Pentsamendu (trans)feministan giltzarri diren zenbait kontzeptu bildu dira atal horretan, liburuan garaturiko iritziak, gogoetak eta pentsamenduak laburbiltzeko, horietan sakontzeko edo horiek auzitan jartzeko». Testu guztien egileen eta itzultzaileen inguruko ohar biografiko labur bana ere erantsi diote egileek liburuari amaieran.

Jatorriz gaztelaniaz edo ingelesez idatziak diren testuen euskarazko itzulpenak Josebe Alkorta Azpirik, Garazi Arrula Ruizek, Irene Hurtado de Saratxo Mendietak, Miren Agur Meabek, Asier Sarasolak, Ainara Sarasketa Alberdik, Danele Sarriugarte Mochalesek eta Iñaki Segurola Amutxastegik egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.