Lau lagun, ilargiaren argitan, gaurkoak bezain betikoak diren auziez eta gaiez gogoetatzen. Abiapuntu hori du Agustin Arrieta Urtizberearen Gaueko eztabaidak filosofia liburuak. Kongresu batera joan diren lau gazte dira protagonistak: Unai, Josu, Ane eta Miren. Baina izan zitezkeen EHUn filosofia ikasten ari diren beste lau gazte ere. Izan ere, elkar ezagutu berri duten eta mundu bat galdera eta kezka duten lau gazteren lekuan jarri da idazlea, eztabaida batek izan ditzakeen ertz eta aurpegi guztiak solasaldi bakarrean josteko. Erein argitaletxearekin eman du argitara nobela berria.
Filosofia irakaslea da Arrieta Urtizberea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aurrez ere argitaratu ditu gaiaren inguruko lanak: fikziozko bi ipuin liburu eta hainbat saiakera, beste askoren artean. Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak azaldu duenez, ordea, Gauezko eztabaidak liburuaren berezitasunik aipagarriena idazketa estiloa da, kontakizuna eztabaida gisara jaso baitu idazleak.
Idazlearen hitzetan, formatu «klasikoa» da eztabaidarena filosofian; aurrez, beste idazle batzuk ere sarritan erabili izan dute. «Badago halako tradizio bat. Platonen obra da aipagarriena agian, baina badira gehiago ere: Cicerone, Galileo...». Arrietak aitortu du, ordea, David Humeren Erlijio naturalari buruzko solasaldiak lana hartu duela oinarri liburua idazterakoan. Hau da, gazteen hitzartzeak «modu orekatuan» tartekatzen dira testuan, soseguz eta errespetuz egindako eztabaida baten adierazgarri gisara.
«Elkarrizketa oso argumentatiboak dira», esan du Arrietak. «Auziak jartzen dira mahaiaren gainean, eta aldeko eta kontrako argudioak txandakatzen dira». Baina ez hori bakarrik; «oso enpatikoak» ere badira, «pertsonaiek entzuten dakitelako». «Saiatzen dira ulertzen bestearen ikuspegia, eta orduan hasten da argudioen bidezko borroka».
Arrietak aitortu du formatuak zenbait buruhauste eragin dizkiola, halere: erritmoa da horietako bat; izan ere, oso bestelakoa da lana lehenengoz idatzi zuenarekin alderatuta. Elkarrizketarik apenas zuen testu hark, eta iritzi ezberdinak jasotzen bazituen ere, modu gordinean plazaratzen ziren. «Oraingoan badago iritziak partekatzeko ahalegin bat. Hobekuntza bat egon da alde horretatik», azpimarratu du.
Irati Zubia Landak ere hartu du parte aurkezpenean; Arrietaren ikasle izandakoa da, eta filosofian doktoregaia da gaur egun. Haren hitzetan, antzezlan baten gidoiaren itxura du lanak ia-ia. «Ematen du aukera eszena irudikatzeko eta pertsonaiak gorpuzteko». Elkarrizketen egiazkotasuna nabarmendu du Zubiak, batez ere. «Ez dira horren artifizialak; gertatzen dira elkarrizketetan ohikoak diren dinamikak: eztabaida pertsonalizatzea, adibidez».
Estereotipoetatik aldenduz
Pertsonaiekin izan du bigarren «arazoa» Arrietak. «Oso prototipikoak ziren hasieran, estereotipatuegiak. Azkeneko bertsioan, ordea, badago aldatzeko joera bat, edo bestearekin iritziak partekatzeko ahalegin bat». Idazleak lau errepiderekin alderatu ditu protagonistak: batzuetan modu paraleloan dabiltza; bestetan, gurutzatu egiten tira; eta, tarteka, oso tarteka, bat egiten dute. Baina askotariko gaien inguruan hausnartu eta beraien ikuspuntua azalduko dute laurek.
Hain zuzen, hiru gauetan izandako eztabaidak jasotzen ditu kontakizunak. Aurrenekoan, zientziaz, erlijioaz eta egiaz gogoetatuko dute gazteek; bigarrengoan, arteaz, generoaz, maitasunaz eta balioez; eta, hirugarrenean, zoriontasunaz, besteak beste. Unibertsitatean, bere ikasleen arten eztabaida pizten zuten gaiak dira oro har, sakonak bezain egunerokoak. Eta ez zaio arrotza egin idazleari bakoitzaren aldeko nahiz kontrako argudioak fikzionatzea. «Ariketa hori sarritan egin dut klasean. Entzun ditut ahots asko, eta askotan ez naiz ados egon haiekin. Baina kontuan izan ditut, eta saiatu naiz haiek konbentzitzen ere. Uste dut hori dela ahalegin hori egiteko izan dudan oinarria».
Ikasleei begira
Arrietak ez du terminologia teknikorik erabili liburuan; aitzitik, edonork edonoiz izan ditzakeen elkarrizketak jaso ditu kontakizunean. Filosofia gizarteari hurbiltzeko saiakera bat da liburua finean, eta, beraz, irakurle orori zuzenduta dago. «Autoreak apustu bat egiten du filosofia egiteko eta erakusteko modu baten alde. Eta hori ikusten da edukian eta kontatzeko moduan», azpimarratu du Zubiak.
Idazleak aitortu du, hala ere, gazteak izan dituela gomutan liburua idazterakoan: DBHko eta unibertsitateko ikasleak, zehazki. Eta nahiko luke liburua hezkuntzaren esparrura iristea ere. Izan ere, uste du liburua «tresna interesgarria» izan daitekeela haientzat, «arrazoitzeko, argudiatzeko, argudioak aztertzeko, entzuten jakiteko...». Liburuaren azkeneko helburua irakurleak eztabaidan parte hartzea baita, Arrietak nabarmendu duenez: «Gustatuko litzaidake irakurle orok ariketa bat egitea, eta bere ikuspuntua azaltzea liburua irakurtzean».
Gazteen gogoetak ilargi argitan
'Gaueko eztabaidak' nobela kaleratu du Agustin Arrieta Urtizbereak. Sakonak bezain egunerokoak diren gaien inguruko gogoeta filosofikoak ditu oinarri, eztabaida formatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu