Gaur hasiko da Gasteizko Jazz Jaialdia, New Orleanseko doinuekin

Hancock, Shorter eta Miller hirukoteak Miles Davis tronpeta jotzailea omenduko du, haren heriotzaren 20. urteurreneanRuben Blades, Michel Camilo eta Jamie Cullum ere ariko dira Mendizorrotzan

Maite Alustiza.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Gasteizko 35. Jazz Jaialdia, dagoeneko klasikoa den New Orleanseko picnic-arekin. Urtero bezala, kontzertu eskaintza handia prestatu dute, eta larunbata bitarte jazz doinuak entzungo dira hiriko hainbat txokotan. Mendizorrotzako kiroldegia izango da agertoki nagusia, eta Principal antzokian, XXI. Mendeko Jazza zikloko emanaldiak izango dira. NH Canciller Ayala hotelean eta Montehermoso kultur zentroan ere izango dira kontzertuak. Krisi garaietara egokitutako egitaraua prestatu duten arren, «mailari eutsi» diotela azaldu du Iñaki Añua antolatzaileak.

Sei eguneko programazioa eratu dute, eta hor Miles Davis tronpetistari egingo zaion omenaldia nabarmentzen da. Duela hogei urte hil zen Miles Davis, jazzaren historiako musikaririk garrantzitsuenetako bat izan zena, eta hura gogoratzeko berarekin aritutako hiru musikari elkartu dira: Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller. Kontzertu gutxi batzuk emango dituzte Europan, eta horietako bat, Gasteizen, datorren larunbatean, jaialdiari urrezko amaiera emanez. Beste bi musikari izango dituzte lagun—Sean Jones (tronpeta) eta Sean Rickman (bateria)—, eta Marcus Millerrek esan duenez, emanaldia ez da nostalgia ariketa hutsa izango. «Ez luke bat egingo Davisen espirituarekin». Omenaldia osatzeko, Danilo Perez pianistaren hirukoteak haren musikaren bere interpretazioa eskainiko du.

Hala ere, New Orleans izango da hasierako protagonista. Hango musika entzungo da Mendizorrotzan lehen hiru egunetan. B3 Dixieland eta The Hot Wok taldeek emango diote hasiera jaialdiari gaur, 18:30etan. Graig Adams & The Voices of New Orleansek gospel kontzertua emango dute bihar, eta etzi saio bikoitza izango da: Dr. Michael White & The Original Liberty Jazz Bandek eta Trombone Shorty & Orleans Avenuek Louisianako musika tradizioaren aberastasuna eta haize tresnek hauspoturiko egungo erritmo indartsuak ekarriko dituzte, hurrenez hurren.

Asteazkeneko saioak klasizismoa eta heterodoxia, soiltasuna eta birtuosismoa lotuko ditu, Kyle Eastwood kontrabaxu jotzailearen eta Nigel Kennedy biolinista klasikoaren eskutik. Eta ostegunean, Jamie Cullum helduko da Mendizorrotzara. Jazz estandarrari pop musikaren osagaiak erantsiz eta zuzenekoetan showman baten baliabideak erabiliz, milioika entzulerengana iristea lortu du. Harekin ikuskizuna eta musika ona ziurtatuta daude. Adi haren aurretik ariko den kantariari: Jose James, soul modernoaren ahots goraipatuenetako bat. 2008an Principal antzokian aritu zen, eta oso harrera ona izan zuen.

Ostiralean beste izen handi bat izango da Mendizorrotzan: Ruben Blades panamarra, musika latinoaren azken 25 urteotako erreferente nagusietako bat. Roberto Delgadoren orkestrarekin ariko da. Gau latinoa izango da ostiralekoa, Bladesen aurretik Michel Camilo pianista ariko baita Giovanni Hidalgo (perkusioa) eta Charles Floresekin (baxua) Mano a mano diskoa aurkezten (2011).

Michel Portal, Principalen

Principal antzokian XXI. Mendeko Jazza zikloko emanaldiak izango dira arratsaldero, euskal musikariekin. Jose Gereñu Gere gasteiztarrak eta Lou Marinik irekiko dute zikloa, bihar, eta etzi Michel Portal baionarraren txanda izango da. David Binney saxofonistaren laukoteak, Alfredo Rodriguez pianistaren hirukoteak —Quincy Jonesen gomendioz dator—, Fred Hersch pianistak eta Jeremy Pelt tronpetistaren boskoteak osatuko dute egitaraua.

Emanaldietarako terraza bat prestatu dute Montehermoson; besteak beste, Blue Apple Quartet, Elkano Browning Cream eta Beat'A'Boom taldeak ariko dira. Gauerdiko programan, berriz, Eric Reed Trio, Mitch Woods and His Rocket 88s eta Gerald Claytonen kontzertuak iragarri dituzte NH Canciller Ayala hotelean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.