Zurrumurru, zalantza eta ziurtasun erdiekin egin du bidea, baina lortu du Donostiako 68. Zinemaldiak Kursaal aurrean alfonbra gorria luzatzera iristea, Urumearen inguruetan pelikulen iragarkien oholak altxatzea. «Kezka garaiak izan arren, uste dut beti sinetsi dugula jaialdia egingo zela». Hala zioen egunkari honetan Jose Luis Rebordinos zuzendariak atzo, azken hiletako nekea ezkutatu gabe, baina jaialdiari ematea lortutako formaz harro. Aurtengoak ez ditu urtero errepikatzen diren argazkiak utziko, ez da izango sinadura arteko oihurik, publikoak ohi baino film gutxiago ikusi ahal izango ditu, eta apalagoa izango da zuzendari eta artista aupatuen joan-etorria. Jaialdiak, baina, bere ohiko egunei eta egitarauaren zati handienari eutsi ahal izan dio, eta, bestelakoen faltan, litekeena da pelikulek eurek lortzea inoizko zentralitaterik handiena. Gaur hasiko da jaialdia, irailaren 26ra bitarte; emango duenaren aurrerapen bat da ondorengoa.
SAIL OFIZIALA
Antolatzaileek jakinarazi zuten lehen xehetasunetakoa izan zen Woody Allenek irekiko duela aurten Sail Ofiziala. Iaz izan zen Allen Rifkin's Festival filmatzen Donostian, eta lehiaz kanpo erakutsiko du emaitza urtebetera—bera ez da Donostian izango—. Sail Ofizialean baina lehiaketatik kanpo emango duten beste lan bat Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios izango da.
Urrezko Maskorra irabazteko aukera izango dutenen artean, berriz, Cannesko zigiluarekin helduko dira sei film, eta horrek maila igoera bat ekarri duela iradoki du Rebordinosek. Horien artean daude, esaterako, Naomi Kawaseren (True Mothers), Thomas Vinterbergen (Antoher Round), François Ozonen (Été 85/Summer of 85) eta Sarunas Bartasen (In The Dusk) lan berrienak. Jaialdiko sail nagusian ikusiko dira, halaber, Eduardo Crespo, Zhou Ziyang, Antonio Mendez, Julien Temple eta Danielle Arbiden azken filmak.
Klausurako filma Fernando Truebaren El ovido que seremos izango da, izen bereko eleberrian oinarritutako filma. Emanaldi bereziak ere barnebildu ohi ditu Sail Ofizialak, eta halako hiru izango dira aurten: The Great Fellove (Matt Dillon) film luzea, eta Patria (Aitor Gabilondo) eta We Are Who We Are (Luca Guadagnino) telesailak. Guadagnino izango da, hain justu, aurtengo epaimahai ofizialeko burua, eta harekin batera arituko dira Marisa Fernandez Armenteros ekoizlea, Michel Franco zuzendaria, Lena Mossum jantziteria diseinatzailea eta Joe Alsyn aktorea —azken hori atzo baieztatu zuen jaialdiak—. Haien esku izango dira 68. Zinemaldiaren sari nagusiak: film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, emakumezko zein gizonezko aktorerik onenen zilarrezko maskorrak, argazkirik onena eta gidoirik onena.
EUSKAL ZINEMA
Hamalau film luze, hiru labur, telesail bi, film ertain bat eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat. Hori dakar euskal zinemaren uztak 68. Zinemaldian. Zinemirak erakutsiko ditu gehientsuenak: Lara Izagirreren Nora-k abiatuko du gaur saila, eta, horretaz gain, euskarazko beste hiru fikziozko lan izango dira: Ane (David Perez Sañudo) eta Hil kanpaiak (Imanol Rayo) Zuzendari Berriak-en, eta Atarrabi eta Mikelats (Eugene Green) Zinemiran. Sail gehiagotatik ere egingo du zeharkaldia euskal ekoizpenaren 21 laneko uztak: Asier Altunak, esaterako, Culinary-n erakutsiko du bere lan berria (Arzak Zince 1897); Marina Palacios (Ya no duermo) eta Laida Lertxundi (Autoficción) Zabaltegi-Tabakaleran izango dira; eta Pablo Agueroren Akelarre izango da Sail Ofizialean euskara entzunaraziko duen lana.
Gai aldetik, euskal gatazkak azken urteetan baino protagonismo handiagoa izango du aurten. Mikel Zabalzaren erailketa ekarriko du Non dago Mikel? dokumentalak (Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas) eta Alfontso Etxegarai deportatuaren itzulera, berriz, Caminho Longe-k (Josu Martinez). Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke filmak eta Arantza Santestebanen 918 gau-k ere gatazkari lotutako bizipenak izango dituzte oinarrian —ekoizpen fasean da oraindik Santestebanena—.
Euskal Zinemaren Galan, bestalde, Bizimina estreinatuko dute Pablo Ibarburuk, Migueltxo Molinak eta Jon Maiak.
PERLAK ETA BESTE
Nazioarteko beste zinema jaialdientzat ere urte nekeza izan da aurtengoa. Horietan aurkeztutako lanak heldu ohi dira iraila azkenetan Donostiara, eta oihartzuna lortu dutenen erakusleiho izan ohi da Perlak saila. Cannesko jaialdirik ez da izan aurten, baina Venezian zein Berlinen aurkeztu ahal izan ziren lanetako batzuk jasoko ditu sailak. Horien artean dira, esaterako, Wife of a Spy (Kiyoshi Kurosawa), Miss Marx (Susanna Nicchiarelli), New Order (Michel Franco), The World to Come (Mona Fastvold) eta Nomadland (Chloe Zhao).
Zabaltegi-Tabakalera ere sail preziatua izaten da zinemazale askorentzat, estilo zein iraupen aldetik proposamen irekienak jasotzen baititu. Hala izango da aurten ere: bertan aurkeztuko dira Peter Stricklanden Cold Meridian, Carla Simon eta Dominga Sotomayorren Correspondencia, Philippe Garrelen Le sel des Larmes eta Tsai Ming-Liangen Days, besteak beste.
Latinoamerikako zinemaren lagina bederatzi lanek osatuko dute, Horizontes sailean.
SARIAK ETA IZARRAK
Donostia Sari bakarra banatuko du aurten Zinemaldiak. Viggo Mortensen aktore estatubatuarrak jasoko du, eta sari emate ekitaldian aurkeztuko du zuzendu duen lehen filma: Failing. Zinemira saria, berriz, Sara Bilbatua casting zuzendariari banatuko diote aurten, irailaren 22an egingo den Euskal Zinemaren Galan.
Nazioartetik helduko diren izarren berri kostata ematen aritu da jaialdia aurten. Atzora arte, Mortensena zen kasik baieztatutako izen bakarra, baina Johnny Depp, Matt Dillon eta Gina Gershon ere Donostian izango direla jakinarazi zuten atzo antolatzaileek. Oro har, ordea, «Espainiako glamourra» gailenduko dela esan du asteon Rebordinosek, eta Elena Anaya, Candela Peña, Blanca Suarez, Raul Arevalo, Javier Camara, Barbara Lennie eta Roberto Alamo izango dira jaialdiaren bueltan ariko direnetako zenbait. Zaleek, ordea, jaialdiaren webgunearen bidez ikusi ahalko dituzte soilik haien iritsiera eta agerraldiak.
SEGURTASUNA
Segurtasuna bermatzea izan da jaialdiko antolatzaileentzat zeregin handienetako bat aurten. Filmak zinema aretoetan erakusteko «apustu irmoari» eutsi nahi izan diote, eta aretoetako edukiera eta emanaldi kopuruak murriztea ekarri du horrek. Kursaaleko auditoriumean gehienez 600 lagun sartu ahal izango dira (%40), eta gainerako aretoetako edukiera %60ra murriztuko dute —%50 akreditatuentzako saioetan—. Iazko aldean, 65 lan gutxiago erakutsiko dituzte, saio batetik bestera tarte gehiago utziz horrela, desinfektatze lanetarako. Maskara derrigorra izango da une oro, eta emanaldia lau ordutik gorakoa denetan, nahitaez maskara profesional homologatua eraman beharko da (KN95 edo FFP2).
Segurtasun neurri gisa, aurretiazko salmenta Internetez soilik egin ahal izan da aurten. Denak zenbakidunak izango dira, eta gaurtik aurrera, txarteldegietan ere eskuratu ahal izango dira geratzen direnak.
Donostiako 68. Zinemaldia
Gaur abiatuko da inoizko Zinemaldirik ezohikoena
Alfonbra gorriko zein jarleku arteko hutsuneek ezaugarrituko dute Donostiako 68. Zinemaldia. Izen handiko egileak, aldiz, ez dira faltako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu