Poesia du bidaide. Berriki Galdeak eta baleak (Pamiela, 2014) liburua kaleratu du Josetxo Azkonak (Iruñea, 1953), hainbat poemaren bilduma. Orrialde batean sartzen dira gehienak, berak labur idaztea maite baitu.
Hainbat galdera egin dituzu liburuan: batzuk galdera, besteak erantzun, eta besteak galdera ikurrik gabe zer pentsa ematen dutenak.
Bost urte hauetako lanaren fruitua da liburu hau. Aurrekoa 318 haikuz betetako liburua zen. Haikuan ez da ni-a agertzen, ez badago oso justifikatuta. Nik sumatzen nuen banuela ni-tasuna ateratzeko gogo bizia. Orduan, erabaki nuen haikurik ez zela izanen. Gero konturatu nintzen galde batzuk zeudela. Bazuten testuinguru bat, bazuten zergati bat, eta poemaren barnean sortutako galderak ziren. Beste galde mota bat egin nahi nuen, harira ez datozen galdeak. Pitin bat aparte daude, autonomoak dira. Bi galde mota dira, beraz, oso bestelakoak. Batzuk poemari atxikiak, eta beste batzuk propioak.
Zergatik galdera aske horiek?
Ezinbestekoa baita galderak egitea. Galdetzen ez badugu nekez ulertuko dugu deus, nekez aldatuko dugu deus. Ez norberari dagokionez, ez inguruari dagokionez. Erantzuna izan daiteke edo ez, baina, behintzat, erantzuna sortu ahal izateko aldez aurretik galde bat egitea beharrezkoa da. Neurri handi batean galdea zibilizazioaren oinarria izan da eta da. Ikuspegi mitologiko batetik gatoz, gero logos dator, eta logos-aren funtsa galdea da.
Eta balea?
Egin eta gero, neroni joan naiz arrazoien bila. Zergatik aukeratuko nuen balea? Nik ikusi dut baleak, elementu erreal gisa, historian barna egundoko inportantzia izan duela, euskaldunon historian zer esanik ez. Balea kultura ia guztietan ageri da. Literaturan ere behin eta berriz. Orduan topatu nuen nire lehenbiziko oroimena balearekin: historia sakratua ematen genuen, eta niretzat istoriorik harrigarriena balearena zen, Jonas jaten duena. Eta gero, Pio Barojarekin topatu nintzen balearekin. Trilogia bat egin zuen itsasoari buruzkoa. Bertan euskal arrantzaleen historiak dira. Guk euskal balea izan dugu, baina desagertu zen XIV-XV. mendean. Gero konturatu nintzen: ez dagigula gerta euskal baleari gertatutakoa, desagertu baitzen. Orduan lotu nituen galdeak eta balea. Metafora gisa baleak funtziona dezake. Balearen inguruan badaude babesle mugimenduak. Euskarak ere ozta-ozta egin dezake aurrera, baita euskaldunek ere. Gerta liteke euskal baleari gertatutakoa guri gertatzea. Horretaz gero konturatu naiz, badirudi arrazoimenaren eta alde irrazionalaren arteko jario edo mugimendu bat dabilela poema egin bitartean.
Ahots poetiko bat dabil liburuan, hala esan zenuen. Ahots hori da ni-a?
Seigarren liburua da, beraz, ibilbide bat badago. Badago hari bat liburu guztiak zeharkatzen dituena? Benetan ari naiz ahots hori egiten, sortzen, nire ikuskera propioaz? Horrekin zalantzak dauzkat. Batzuek baietz erran didate. Oso misteriotsua da hori. Neure buruari oso aske uzten diot bai gaia topatzeko momentuan, baita poemaren garapenean ere.
Askatasuna bilatzen duzu. Horregatik, poesia?
Bai, neurri handi batean bai. Idazteak libre behar du, baina generoak dezente markatzen du. Poesiak, bertzeak bertze, libertate hori oso modu naturalean uzten du. Pasa zaitezke gai batetik bestera, poema batetik bestera oso solte antzean, txori baten gisa. Hori oso inportanta da niretzat. Gai bat aukeratuz gero, serieka egiten duzu. Hori gustatzen zait. Askotan gai bat angelu batetik ikus dezakezu edo batzuetatik. Askotariko ikuskera edukita, lortzen ahal da, agian, poema bakar batean angelu guztiak sartzea, baina hori zailagoa da.
Zein helbururekin erabiltzen duzu poesia?
Hori misterio bat da, ez dakit zehazki. Gauza eder baten bila zoaz, nahiz eta, agian, aukeratzen duzun gaia gogorra edo latza izan. Erritmoari garrantzi handia ematen diot, hitzen elkar arteko soinuak, nola egokitzen diren kontsonanteak eta bokalak. Alegia, musikatik gertu. Horretarako termometro bat dut: ozen esatea. Horretaz asko ikasi dut irratian. Gero, beste gauza bat egiten dut: moztu, hitzak kimatu. Hori da poesiaren beste elementu esanguratsua: kentzearena. Kendu beharra dago. Nobela ia guztiei laurden bat kenduko nieke.
Paradoxikoa, askeagoa da, baina era berean, kendu eta kendu, mugatua.
Bai, ados nago.
Eta zein da poesiaren egoera?
Euskaraz oso bariatua da, askotan zerebralegia iruditzen zait.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Nire estiloa ez da barrokoa, ez da hitzen aldetik sobera kargatua, eta lexiko aldetik saiatzen naiz zernahi irakurlek harrapa dezakeena erabiltzen. Hala ere, noizbehinka ezagutzen ez zenuen hitz hori sartzea ongi dago, baldin eta justifikatua badago. Lexikoarekin kontuz ibili beharra dago. Sasoi batean bazegoen halako puzte bat, zenbat eta hitz arrotz gehiago sartu orduan eta hobekiago. Baina ordutik asko ikasi dugu. Guztiok dakizkigun hitzekin poema eder bat egin daiteke.
Mamira joz, poeta bera hor egotea eskatzen dut. Bi molde daude: bata fikzio poetikoa da, zuk asmatzen duzu egoera bat, pertsonai bat eta horren inguruan eraikitzen duzu poema. Niri gisa horretako poesia ez zait gehiegi gustatzen, nik poeta ikusi nahi dut. Nolakoa den, ze kontraesan dituen.
Patata soro bat liburuan narrazioaren alde egin zenuen. Bazterturik duzu generoa?
Narrazio laburrak ziren, beti laburrean aritzen naiz. Biziki gustatzen zait, geroz eta laburrago orduan eta erakargarriago egiten zait normalean. Orain badut ideia bat prosazkoa. Laburrean, baina laburrean izanik ere, pieza guztiek eginen lukete narrazio oso bat. Izatekotan, izanen litzateke nire lehenbiziko prosazko lana.
Josetxo Azkona. Idazlea
«Galdetzen ez badugu, nekez ulertu eta aldatuko dugu deus»
Literatur pieza laburren aldekoa da Azkona, eta horrek bultzatu du poesia idaztera. Edertasunaren eta erantzunen bila aritzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu