Euskaratik eta espaziotik mundua ulertzeko bidean

'Las letras / Hizkiak' liburuan, hizkuntzaren soinuen jatorrizko zentzuan arakatu du Miguel Garai arkitektoak

mikel lizarralde
Donostia
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Mundua irakurtzeko eta ulertzeko hizkuntzak duen indarraz mintzo da Miguel Garai arkitektoa (Donostia, 1936) Las letras / Hizkiak, una interpretación del mundo. Hipótesis desde el euskara y el espacio liburuan (Artika). Hizkuntzaren indarraz, eta zehazki, euskararenaz, liburua gaztelaniaz idatzita badago ere, euskara baitu abiapuntu, «haren jatorria iraganean galtzen delako eta bere lehen esatearen jatorrizko zeinuak garbi gordetzen dituelako».

A, B, D, E...Zraino... Euskal alfabetoko hizki guztiak aztertu ditu Garaik, eta bakoitzak espazioa eta mundua irakurtzeko ezaugarri batzuk dituela ondorioztatu du. Horrela, adibidez, D-k gorputzen hedadura adieraziko luke, N-k nortasuna eta norbanakotasuna, R-k energia, unibertsoaren motor gisa eta Z-k arrazoinamendua. «Alde batetik, testuan agertzen diren ahots filosofikoen pentsamenduaren eta, bestetik, soinuen zentzuen artean sortzen den elkarrizketak erakusten du ahozko hizkuntza dela existentziaren gaineko lehenengo zientzia». Hain zuzen ere, liburuan filosofo eta pentsalari ugariren pentsamendua ageri da: Gilles Deleuze, Felix Guattari, Lukrezio, Eugenio Trias, Martin Heidegger, Gaston Bachelard... baina baita artistena (Vasili Kandinski, Piet Modrian, Paul Klee), arkitektoena (Gottfried Semper, Aldo Rossi), antropologoena (Claude Levi-Strauss, Joseba Zulaika) eta hizkuntzalariena ere (Resurreccion Maria Azkue).

Joxerra Gartzia idazle eta EHUko irakaslearen arabera, Garaik «bidaia metaforiko bat» proposatu du Las letras / Hizkiak lanean, «heterodoxoa eta estimagarria izateaz gain, ondorio ez akademikoak eskaintzen dituena».

Bihar, liburuaren aurkezpen publikoa egingo dute Donostiako San Telmo museoan, 19:30ean. Bertan, Garaiz gain, Gartzia eta Carmen Vecilla ere izango dira, eta hitzez gain, diapositiben bidez ere emango dituzte azalpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.