Musika

Aldapeko Basque Latin Jazz, euskal musika latinoa

'Irigoienetik Plazara' disko bikoitza aurkeztu du taldeak, euskal musika eta musika latinoa elkartzen dituen lana. Habanako Jazz Plaza jaialdian egon ziren taldekideak aurreko hilean, eta hiru kontzertu eman zituzten Kuban.

Nahia Valle, Peio Irigoien, Imanol Iribarren eta Harkaitz Bastarrika, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeko musikariak. GORKA RUBIO / FOKU
Nahia Valle, Peio Irigoien, Imanol Iribarren eta Harkaitz Bastarrika, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeko musikariak. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko otsailaren 23a
05:10
Entzun

Saltsa, merengea, bachata, cumbia... Latinoamerikako doinuak dira, baina, gaur egun, Euskal Herrian ere entzun daitezke, eta euskaraz, gainera. Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak bere bigarren diskoa atera du, Atlantikoko beste aldeko doinuak eta euskal musika elkartuz: Irigoienetik Plazara. Imanol Iribarren taldeko kidearen ustez, taldeak euskal musikari «buelta bat» ematen dio, eta disko «dantzagarria» da kaleratutakoa. Disko bikoitza da, Irigoienetik eta Plazara lanek osatzen dute.

Rotterdamen (Herbehereak) sortu zuen Iribarrenek Aldapeko Basque Latin Jazz. Lehen diskoa duela hiru urte kaleratu zuen taldeak: Iri barrenetik. «Barrutik ateratako musika zen Iri barrenetik. Rotterdamen nengoela, herritik ateratako musika zen, Euskal Herritik, baina hirian sorturiko lana zen. Horregatik izan zen hura diskoaren izena, nire abizenagatik eta hiritik ateratako lana zelako». Musika latinoan erabiltzen diren instrumentuak erabiltzen ditu taldeak, hala nola perkusioan ikus daitezkeen congak, eta haizezko instrumentuetan tronpeta eta tronboia, adibidez. «Instrumentu latinoz betetzen dugu oholtza taldeko zortzi kideok, baina Euskal Herriko tresnak ere baditugu. Iri barrenetik diskoan txistuaren presentzia bagenuen, gure musikaren ikur bilakatu den instrumentua. Kontzertuetan txistuak garrantzi handiagoa hartu zuen, eta horren eragilea Peio Irigoien txistularia izan da, Euskal Herriko txistularietan erreferente bat dena».

Disko berriko lehen lana Irigoienen abizenetik dator, eta lehenengoaren bideari jarraituz egina dago. Orain, baina, txistuak protagonismo handiagoa du. «Irigoienetik diskoan txistuaren jatorrizko errepertorioa izan da abiapuntua, sokadantza eta banakoa, adibidez. Kanta horiek gaur egungo eta Latinoamerikako erritmoetara moldatu behar izan ditugu, baita jazz harmonietara ere, hau da, guregana hurbildu ditugu, baina betiere txistuaren garrantzia nabarmenduz. Solista moduan entzun daiteke txistua diskoan», adierazi du Irigoienek. Txistulariak «erronka» moduan deskribatu du kaleratu berri duten lana, eta, era berean, esan du egindakoa «berritzailea» dela.

Txistuaren jatorrizko errepertorioa Latinoamerikako erritmoetara eta jazz harmonietara moldatu behar izan du taldeak.

Bost kantuz osatutako bilduma da Irigoienetik. Hala azaldu du txistulariak: «Banakoa-rekin hasten da diskoa, eta bertan silboteak hartzen du solistaren lekukoa. Jarraian Soka dantza entzun daiteke, bost atal laburrez osaturiko suite bat. Eperrak da hirugarren kanta. Gaur egun denok ezagutzen dugu Zuberoako kanta, eta, haren doinutik abiatuta, txistuaren tinbrea gailentzea lortu dugu. Esan dezakegu Malko Beltzak kanta guk egiten dugunaren kontrakoa dela. Lagrimas negras doinu latinoa euskal musikara ekarri dugu, gure zortzikoetarako, arin-arinetarako eta kalejiretarako moldatuta. Azkenik, Ze politak dira kantaren bertsioa dugu, eta bertan txistuak luze egiten du bakarlari moduan».

Iribarrenek esan du Plazara diskoa «aldaketa bat» izan dela taldearentzat. Aurreko diskoa, 2021ean kaleratu zutena, instrumentala izan zen, ez zegoen ahotsik. Orain, berriz, Plazara diskoan ahotsak txertatu ditu Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak. «Beti izan dugu gogoa ahotsak sartzeko, instrumentala abeslari batekin edo koruekin osatzeko. Koru txiki batzuk egiten hasi ginen behin, eta erabaki genuen horrelako zerbait hurrengo diskoan sartu egin behar genuela». Ahotsak kolaborazioen bitartez sartu dituzte: zazpi kanta, zazpi abeslarirekin. Kolaborazioen artean Xabi Solano, Asier Gozategi, Ines Osinaga eta Thierry Biscary daude. Iribarren: «Frank Delgado abeslari kubatarrarekin kanta bat osatzeko aukera izan dugu. Europatik bira batean zebilela grabatu genuen, eta kanta oso polita atera da».

Habanako plazetan

Kuban egon da Aldapeko Basque Latin Jazz taldea aurreko hilabetean. Habanako 2024ko Jazz Plaza jaialdira gonbidatu zituzten, eta, han, bi kontzertu emateko aukera izan zuten. «Kuban harrera oso polita jaso zuen gure musikak. Irigoienetik Plazara diskoko kantu batzuk jo genituen, eta kubatarrentzat ikusgarria izan zen nola gure instrumentuekin, txistuarekin, haien musika jotzen genuen», Iribarrenen esanetan. Irigoienek dio haien musika beste ikuspuntu batetik jotzeak arrotz puntu bat izan zezakeela, baina ez zuela halakorik sumatu kubatarren artean: «Eskerrak baino ez genituen jaso herritarren aldetik; bizipen handia izan da Euskal Herriko musika haraino eramatea», ospatu du Irigoienek. Jaialdian ez ezik, euskaldun batek bideratzen duen La Bombilla Berde tabernan ere beste kontzertu bat eman zuen taldeak.

Disko berriarekin kontzertu bira bat antolatzen dabil taldea. «Oraindik ezin ditugu datak zehaztu, baina kontzertuak lotzen gabiltza, udari begira gehienbat», azaldu du Iribarrenek. Zuzenekoetan kolaborazioen ahotsak interpretatzeko, taldeak kide berria izango du: Nahia Valle abeslaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.