Etnografoa. Gai historikoen ikerlaria. Ondarearen defendatzailea. Eta bidaiari amorratua. Hori guztia izan zen Antxon Agirre Sorondo. Hori guztia eta askoz ere gehiago. Donostian sortu zen mundura, 1946an, eta ikerketari eskaini zion bizia, aurtengo urtarrilean zendu zen arte. Errotagintza, industria aurreko hidraulika, albaitaritza, kanpaiak eta bere esanahiak, festak, erlijio herrikoiak... aztertu zituen gogotik, eta gai horiek izan ziren urteetan ondu zituen monografien erdigune. Bizi zela, Albaitares y herradores iker lanari esker, Marques de Lozoya saria eskuratu zuen. Eta orain, hil berritan, beste garaikur bat eman dio Eusko Ikaskuntzak: Manuel Lekuona saria. Haren ibilbidearen norabidea eskertzeko era izan da; omenaldi txiki bat.
Euskal ondarea «zabaltzeko» egindako ahalegina goraipatu dute epaimahaikideek, eta «lan itzela» egin zuela gogoratu dute. Itzela eta mardula. Izan ere, ez da makala haren bibliografia: Tratado de Molinología. Los molinos de Guipúzcoa, Supersticiones populares vascas eta Gazta. El Queso plazaratu zituen, besteak beste.
Ez zen izan, baina, idazte hutsarekin konformatu zen pertsona. Plurala zen bera, eta askotarikoa haren jarduna ere. Horren lekuko gauzatutako ikasketak: ingeniaritza; antropologiarekiko zuen grina nekez islatu zuen diziplina. Ertz gehiago ere bazituen, aurpegi gehiago. Esaterako, ETBrako Oficios tradicionales telesaila egin zuen, eta 1992an, Koldo Lizarralderekin batera, Jose Miguel Barandiaran beka eskuratu zuen, Gipuzkoako ermitak aztertzeko. Bestalde, Trebiñu (Araba) ere aztergaitzat izan zuen makina bat alditan. Horrez gain, prentsarako artikuluak idazten aritu zen hainbat urtetan. Polifazetikoa izan zen, eta bera bezain askotarikoa izan zen haren langintza.
Kolektibotik ulertu zuen gizartea, eta horregatik elkarlanean egin zituen hainbat lan. Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea izan zen, Eusko Ikaskuntzakoa eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere. Hamaika saltsetan ibilita, denetan utzi zuen marka.
Orain, haren senideek hartuko dute Eusko Ikaskuntzak eskainitako garaikurra. Remigio Mendiburuk brontzez sortutako eskultura bat da. Sortzaile ezagunek eraman izan dute Manuel Lekuona saria: hala nola, Jorge Oteizak, Jose Maria Jimeno Juriok, Elias Amezagak, Menchu Galek eta Micaela Portillak.
PERTSONAIA. Antxon Agirre
Euskal kosmobisioa zabalduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu