Eszenikaren etorkizunaz galdetu diote Zelaari, gutun baten bidez

Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren inguruko kezka eta jakin-mina agertu dute dantza eta antzerki elkarte batzuekOraindik ez dago argi 2012-2013ko ikasturtean eskola abian jarriko duten

Antzerkiko profesionalak aspaldi hasi ziren eskatzen goi mailako eskola bat sortzeko, baina oraindik ez da halakorik egin Euskal Herrian. Argazkian, Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleak. NAE.
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta, horren harira, Euskal Herriko arte eszenikoetako zenbait elkarte eta eskolak gutun bat bidali diote Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza kontseilariari. Horren bidez, eskatu diote zehatz dezala Eszenika Euskal Herriko Arte Eszenikoen Goi Eskolaren inguruko informazio gehiago. Kontseilariaren orain urte biko aurreikuspenen arabera, antzerki eskola 2012-2013ko ikasturtean martxan jarri behar zuten. Denborak aurrera egin ahala, Eusko Jaurlaritzak ez du argitu horren inguruko informaziorik. Hori dela eta, sinatzaileek zenbait galdera aurkeztu dizkiote Zelaari gutunaren bidez: «Noiz eta non hasiko da Eszenika? Zer ikasteko aukera izango dute ikasleek? Nortzuk izango dira hango irakasleak? Zer hizkuntzatan egin ahalko dira ikasketak?». Erantzun zehatzik gabeko galderak dira oraindik.

Argitu dutenez, 2010ean eskolaren proiektuaren berri izan zutenean berriak asko «poztu» eta «hunkitu» zituen. Hasieran, kontseilariak laguntza eskatu zien, baina gutunaren sinatzaileek azaldu dute gero eta gutxiago dakitela proiektuaz. Gutuna sinatu dutenen artean daude Euskal Aktoreen Batasuna, Eskena Euskal Herriko Ekoizpen Eszenikoko Enpresen Elkartea, Arte Eszenikoetako Teknikarien Elkartea, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkartea, Txotxongiloen Arteetako Bilboko Dokumentazio Zentroa, Arte Eszenikoen Anima Eskola eta Artebi Bilboko Musika, Arte Eszeniko eta Ikusizko Arteen Bilboko Eskola.

Azaldu dutenez, Euskal Herriko arte eszenikoen etorkizunerako proiektu «estrategikoa» da Eszenika, eta, beraz, garrantzitsutzat jotzen dute horren inguruko informazioa izatea. Gutxi falta da 2012-2013ko ikasturterako, eta erantzunak eskatu dituzte aurten eskolan matrikulatu nahi dutenentzat.

2010ean Hezkuntza Saileko arduradunek jakinarazi zutenez, dantzaren eta antzerkiaren inguruko bost gradu eta goi ziklo bat eskainiko lituzke eskolak. Ele anitzeko sistema erabiliko dutela argitu zuten, eta gutxienez Arte Dramatikoko Interpretazioko gradua euskaraz bermatuko dutela. Oso denbora gutxi falta da ikasturteko matrikulazio epea hasteko, eta Jaurlaritzak oraindik ez du esan eskola martxan jartzeko epeari eutsiko dion edobeste epe batzuk ezarriko dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.