Sei urteko etenaldia urratuz, Zintzoen saldoan (Txalaparta) argitaratu du Jon Alonsok (Iruñea, 1958), gizartearen aurrean beren burua eredutzat jartzen duten ustezko zintzoen munduaren alderdi ilun batzuk erakusten dituen nobela beltza. Enekoitz Ramirez Lanbas etakide ohi, preso ohi, arte salerosle ohi eta ohoin profesionala hartu du bidelagun horretarako, Camembert helburu (Susa, 1998) saiakera-nobela laudatuko pertsonaia nagusia. Nobela berrian, ordea, zintzoen saldoan lerratu da Lanbas, beste erremediorik gabe, Kepa Pedrotegi sukaldari ospetsu eta mediatikoaren hilketa bidegabeki lepora diezaioten saihesteko. Ez da irakurlea lasai uzteko modukoa Lanbasek zintzoen saldoan ikusten duena.
Ez da giro zintzoen saldoan.
Hemen ematen du batzuk delinkuente potentzialak garela; edo behintzat hainbat urtetan jende jakin batek estigma hori izan du bere gainean, delinkuente potentziala dela edo izan zitekeela. Horri buelta emanda, ikusi beharko litzatekeela kriminalizatzen dutenen arteko giroa nolakoa den. Horiek dira zintzoak. Leku guztietan daude kontuak eta istorioak, baina askotan beren jokabideak adibidetzat edo eredutzat jartzen dituzten horiek izaten dira justu moralki nazkagarrienak, edo zalantzazkoenak behintzat.
Liburua artean argitaratu berria zela gertatu zen Santiago Cerveraren kasua. Nafarroa berezia da horretan?
Hemen ezda gertatzen beste inon gertatzen ez denik, baina dena esperpentikoagoa da. Cerveraren kasuan, askori entzun diet esaten ergela izan dela, baina niri, alderantziz, tipo azkarra iruditu izan zait beti, eta uste dut harrapatu duten bezala harrapatu badute izan dela ohituta dagoelako horrela ibiltzen. Ez zen izango informazioa modu horretan jasotzen zuen lehen aldia; ez justu harresiko zulo batean, baina bai antzeko modu batean. Harentzat ibiltzeko modu normal bat izango zen; eta, harentzat bezala, beste askorentzat.
Nobela beltzak idazteko inspirazio iturri oparoa, horrenbestez.
Bai, bai, dudarik gabe. Katebegi galdua [Susa, 1995] idatzi nuenean ere, saiatu nintzen horretan. Izan daiteke, baina uste dut, oraingoz behintzat, ja beste nobelista batentzat izango dela. Nik ez dut horretarako gogo berezirik.
Zintzoen saldoan nobelak kritika gordina egiten die zuk «zintzoen saldoan» kokatzen dituzun horiei. Gizartean ere oso errotuta dago kritika hori. Baina badirudi horrek ez dituela dagoeneko «zintzoak» ikaratzen.
Zoritxarrez hala da. Gaur egun gizartean eta kalean gertatzen ari dena ikaragarria da. Kristoren iruzurra egin digute, argi eta garbi, iruzurra beste izenik ez baitauka gaur egun dagoen egoerak, eta inork ez du ezer esaten. Seme ezindu batekin bizi den 75 urteko emakume bat etxetik kalera botatzen dute, eta bien bitartean argi eta garbi lapurtzen digute guztioi. Ez dakit lozorroa, beldurra edo ezina den, edo dena batera, baina halakoxea da egoera.
Egungo gizartearen erretratu gordina egiten du nobelak, baina bada samurtasunerako tarterik ere, Lanbas eta Florindaren arteko harremanetan bereziki.
Bai, bai. Azken finean, ibili-ibilian konturatzen zara nork bere inguruan atxiki dezakeen maitasunean, rollo onean, komunikazioan edo dena delakoan dagoela salbazio bide bakarra, salbazio biderik baldin badago, edo gutxienez munduan ongi edo ahalik eta ongien ibiltzeko modua.
Camembert helburu nobelan agertu zen lehenengoz Enekoitz Ramirez Lanbas, eta berriro jarri duzu martxan Zintzoen saldoan-en. Nobela beltzetan detektibeak dira idazleek nobelatik nobelara eramaten dituzten pertsonaiak, baina Lanbas ez da detektibea.
Euskal Herrian detektibe bat, garai batean behintzat, nahiko kontu arrotz gisa ikusten genuen, sinesteko zaila. Orain akaso errazagoa da Euskal Herrian detektibe bat imajinatzea. Detektibe izan gabe parekoa izan zitekeen beste pertsonaia bat sortzeko garaian egokia iruditu zitzaidan hau. Zertarako sortu beste bat hura aprobetxatu banezakeen?
Lanbasen hainbat ezaugarri eta ideia ezagututa, pentsa daiteke baduela alter ego-tik pixka bat, nahiz eta autofikziotik urrun egon.
Bai, badu alter ego-tik, eta baita han eta hemen ikusi eta ezagututakotik ere. Horrelako pertsonaia bat beti aprobetxatzen duzu zure ideia eta kezka batzuk islatzeko. Dena den, nik uste dut nobela baten barruan inoren ideologia edo ikuspegia ez dela, azken batean, pertsonaia bakar batekin ematen, pertsonaia denen bidez baizik. Eta pertsonaia guztiek dute zerbait norberarengandik, baina baita ikusi edo ezagututako kontuetatik ere, asmatutakoetatik…
Hurrengo nobelan ere Lanbas izango da pertsonaia nagusi eta kontalari?
Ikusiko dugu. Pentsatzen dut baietz, niri iruditzen zait aukerak badaudela horretarako. Baina lehenik ikusi beharko da liburu honek zer erantzun jasotzen duen. Ikusten badut inori ez zaiola interesatzen, orduan… Baina ikusten badut funtzionatzen duela, seguru asko beste bat etorriko da.
Nobela eta saiakera batzen ditu Camembert helburu-k. Oso bestelakoa da Zintzoen saldoan, arinagoa...
Askoz ere arinagoa. Diferentea zen. Camembert helburu-ren kasuan, saiakera bat idazteko beka jaso nuen, eta saiakera edukia zuen testu bati mozorro narratiboa jarri nion, atseginagoa izan zedin. Zintzoen saldoan, berriz, nobela beltza da.
Lanbas ez da, ordea, kultur kezkarik gabeko gizona, eta kulturari buruzko gogoetak egiten ditu nobelan. Kulturari «bizitzaren ankerkeriaren aurkako leungarri guztiz dezepzionagarria» deritzo, adibidez.
Klasiko bat da hori. Denetariko gauzak asmatzen ditugu gizakiok bizialdian zehar beldurretatik eta abarretatik libratzeko, eta horietako bat kultura da. Beste bat futbola izan daiteke, adibidez. Une batetik aurrera horiek denek dezepzionatu egiten gaituzte, ikusten dugulako azken finean leungarriak baino ez direla. Hori da Lanbasek duen ideia, kultura leungarri txatxu bat baino ez dela. Leundu egiten du, baina ezer konpondu gabe. Felix de Azuaren El aprendizaje de la decepción datorkit orain burura, baina beste obra askotan ere harrapa daiteke ideia honen arrastoa.
Liburuen berezko lekua komuna delakoan dago Lanbas, eta apalategia jarri nahi du bere etxekoan. Jon Alonsok, berriz, honako hau dio Idazleei galdezka liburu kolektiboan (EHU, 2012): «Benetan inporta duena da liburuak dagokien tokian edukitzea: komuneko apalategian». Zergatik?
Batetik, kulturaren dezepzionagarritasunagatik da hori. Bestetik, gaur egungo bizimoduarengatik. Tira, bakoitzak bere bizimodua dauka, baina nik jende asko ikusten dut, neu bezala, lanetik bueltan erosketak egiten, gero bazkaria prestatzen, gero umearen bila, gero ez-dakit-zer… Nahiz eta irakurri nahi, askotan ezin duzu tarterik hartu horretarako. Orduan, noiz irakurtzen duzu? Ohean, komunean, prestatzen ari zaren makarroiei bueltak ematean… Gustatuko litzaidake jakitea gaur egun irakurketarako zer-nolako ohiturak ari diren zabaltzen. Nik uste dut bi alderdi horiei begira erabakitzen duela Lanbasek liburuei komunean egitea lekua.
Nork bere burua «berrasmatu» beharra dagoela dioen aldarriaren aurrean oso kritikoa da Lanbas.
Askotan gertatzen da bat-batean termino bat edo hitz bat boladan jartzen dela, eta bat-batean leku guztietan ikusten duzula. Azken hilabete hauetan modan jarritako esaldia da hori, nork bere burua berrasmatzea, itzulpen bat eginda; ze hori, berez, gaztelaniazko reinventarse-tik dator. Batzuetan pentsatzen dut jakingo bagenu benetan hitz horiek boladan nork jartzen dituen, orduan jakingo genukeela nork, Espainiako estatuan behintzat, agintzen duen. Niri horrelako hitzek, normalean, nazka ematen didate. Kasu honetan, uste dut hitz horren atzean dagoen ideologia benetan lotsagarria dela. Azken finean, prekarietateari, lan baldintza kaxkarrei eta gero eta okerrago egoteari zelofan bat jartzen diote, eta karamelua balitz bezala saltzen digute berez kakazahar bat dena.
Euskal sukaldaritzako izarren gehiegizko ospea eta batzuek horren inguruan muntatutako negozioa ere kritikatzen du nobelak.
Gehiegikeria guztiekin azkenean nazkatu egiten zara. Musikarekin ere askotan gertatzen da. Gustuko duzun kantari edo talde bat behin eta berriz entzunarazten badizute, nazkatu egiten zara. Sukaldariei hori gertatzen zaie. Nik benetan asko estimatzen dudan garapena izan dute; gauza handia egin dutela iruditzen zait, baina denak bere neurria dauka eta uste dut sukaldariak neurriz gain jarri direla. Leku guztietan agertzen dira, eta, gainera, batzuetan sukaldariak gaur egungo filosofoak balira bezala erakusten dizkigute. Hori niri erridikulua iruditzen zait. Gainera, gero eta elitistago bihurtzen ari dira. Merkatuko sukaldaritza egitetik merkatuentzako sukaldaritza egitera pasatu dira. Eta nor joan daiteke gaur egun horrelako lekuetara? Zintzoen saldoan bete-betean sartuta dagoen norbait, zintzoen saldoko zuzendariak bakarrik.
Erretzaileen eremua narrazio bilduma (Susa, 2006) argitaratuz geroztik, sei urte eman dituzu beste libururik argitaratu gabe. Hura argitaratu eta gero idazten jarraitu edo ez ere planteatu zenuen. Baina idazten jarraitzea erabaki duzu.
Bederatzi edo hamar bat liburu nituen argitaratuak, eta bidetxo hori egin eta gero pentsatu nuen bazela ondorio batzuk ateratzeko unea eta planteatzeko benetan merezi al zuen jarraitzea. Eta utziz gero, zer irtenbide eman nire kezkak agertzeko premiari. Ibili-ibilian, erabaki nuen, nahiz eta jakin hau ez dela zoragarria izango, nahiz eta jakin jardun minoritarioa eta bazterrekoa dela, jarraitu egingo nuela, editorialik dagoen artean eta editorialek nire lanak argitaratu nahi dituzten artean behintzat. Erantzunaren arabera, hori bai. Benetan ikusten badut egiten dudana ez zaiola inori interesatzen utzi egingo dut, baina interes minimo bat dagoen artean jarraituko dut.
Literatura jardun «minoritarioa eta bazterrekoa» dela diozu. Gero eta minoritario eta bazterrekoagoa?
Bai, liburua beheraka egiten ari da. Oso poliki, aspalditik datorren kontua baita. Orain dela 15 urte ere esaten zen liburua desagertu egingo zela, baina oraingoz ez da desagertu eta ez dirudi berehalakoan desagertuko denik. Eta, agian, inoiz ez da desagertuko. Baina argi dago birmoldaketa bat izango dela horretan.
Horrek arduratu egiten zaitu.
Bai. Bakoitzak bere moduan ulertzen du literatura, jakina, baina literaturaren osagarri bat baldin bada —eta niretzat hala da— komunikazio bat, gauzen gainean ikuspegi kritiko bat edukitzea eta konpartitzea eta eztabaidatzea, orduan kezkatzen nau hori desagertzeak. Eta galdera izango litzateke: horren ordez, zer dago? Zein izango da gauzen gainean eztabaidatzeko foroa edo modua? Ez dakit. Alde horretatik iruditzen zait kezkagarria. Inork esaten badit horren ordezkoa sare sozialak izango direla, ez zaizkit iruditzen inondik inora ere ordezko egokia.
Argia aldizkariaren 2007ko urtekarian argitaratu zenuen artikulu ospetsu batek (Euskadi Sariak) jarri zuen plazan Euskadi Literatura sarien inguruko eztabaida eta polemika. Badirudi orain bareago daudela kontuak eta onarpen zabalagoa dutela sari horiek. Zer iritzi duzu?
Nik uste dut, gai honetan, orria pasatzeko ordua dela. Maccarthysmoa desagertzen ari da, poliki-poliki bada ere, euskal gizartetik; beraz, literaturatik ere bai. Eta guztiz desager dadin, segurutik, onena litzateke kontu hau ahaztea. Horretan ere asko lagunduko luke saria bera aldatzeak eta berritzeak («berrasmatzeak» esatekotan egon naiz). Baina gertatzen dena da, zoritxarrez, artikulua eta sei urte geroago ere, oraindik badagoela publikoki esaten duenik salaketa hori txarra izan zela euskal literaturarentzat. Nola izango da txarra literaturarentzat urte askotan ustelkeria, adiskidekeria eta maccarthysmoa osagarri nabarmen eduki dituen sari bat salatzea? Hori literatura maite ez duen batek edo analfabeto funtzional batek baizik ezin luke defenditu.
Jon Alonso. Idazlea
«Eredutzat jartzen direnak dira, maiz, moralki nazkagarrienak»
'Camembert helburu' saiakera-nobelako pertsonaia nagusia, Enekoitz Ramirez 'Lanbas', berreskuratu eta, halabeharrak hartaratuta, ustezko zintzo eta zuzenekin lerratu du Jon Alonsok 'Zintzoen saldoan' nobelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu