Egun bat besterik ez da falta Donostia Festibala hasteko, baina dagoeneko zaleak, parte hartzaileak eta antolatzaileak hasiak dira motorrak berotzen. Bihar hasiko da jaialdia, eta larunbatean ere askotariko eskaintza musikalaz gozatzeko aukera zabala izango da. Donostiako hipodromoan izango da; zaldirik ez, baina doinu urbanoak nonahi egongo dira eremu egokituan.
Bederatzigarren urtez, jaialdiak eskaintza zabala egin du, baina, urtez urteko joerari jarraituz, aurtengoan ere gailendu egingo dira doinu urbanoak. Guztira 32 artista igoko dira hipodromoan atondutako lau agertokietara: Keler, Donostia, Fnac eta Bukowski /Dabadaba —Donostiako bi areto ezagun horietako programatzaileek erabaki dituzte oholtza horretan ariko diren bakarlari eta taldeak—.
Jaialdian parte hartuko duten artista entzutetsuen artean daude Mala Rodriguez, La Pegatina, Beret, Carolina Durante, Gatibu eta Iseo & Dodosound. Sergio Cruzado jaialdiaren zuzendariaren esanetan, proposamen guztiak aberatsak dira sormen aldetik; «ausartak» dira. Gainera, «aldarrikapen kutsua eta belaunaldien arteko estetika dute», gaineratu duenez.
Kartelburuei dagokienez, «jaialdia horizontala da, norberak bere kartelburua aurki dezake» zuzendariak nabarmendu duenez; izan ere, aldatu egin daiteke, bisitaldi kopurua, salmentak edo artista bakoitzaren ibilbidea aintzat hartuta. Cruzadoren iritziz, Beret izango litzateke buru, Youtube plataforman dituen bisitaldiak kontuan hartuko balira; Mala Rodriguez, artistaren ibilbide profesionala aintzat hartuko balitz; Natos y Waor eta La Pegatina, salmenta kopuruari dagokionez; Carolina Durante eta La Plata, underground munduari erreparatuz gero; eta, azkenik, Gatibu eta Iseo & Dodosound, Euskal Herriko ordezkaritzaren ikuspegitik begiratuta.
Artista bakoitzak bere esparru musikalean, baina zale guztiak kantuan eta dantzan jarriko dituzte jaialdiak iraungo duen bi egunetan. Reggae doinuak batetik, indie-pop eta pop-rock ahaireak bestetik, hipodromoa melodia urbano eta alternatiboen epizentro bilakatuko da; gozamenerako beste, baina, aldarrikapenerako gune ere izango da. Hain zuzen, gaur egungo gaiak eta gatazka sozialak jorratzen baitituzte gonbidatuetako askok: La Pegatina, Mala Rodriguez, Ayax y Prox, Bad Gyal, Tremenda Jauria eta Ira taldeek, esaterako.
Nahiz gaztelania gailendu, euskarak ere izango du txokorik jaialdian. Gatibu eta Iseo & Dodosound taldeez gain, agertokira igoko dira Rukula, Kaskezur, Joseba Irazoki eta Ro taldeak ere, Euskal Herrikoak diren eta euskarazko kantuak jotzen dituzten taldeak.
Inoizko bisitari kopururik handiena izango dela espero dute antolatzaileek: aurreikuspenen arabera, 18.000 lagun baino gehiago espero dituzte. Cruzadoren arabera, litekeena da aurtengoan azken urteetako errekorra gainditzea. «Gazteentzako eskaintza» izanik, ikusleen gehiengoa 18 urtetik 44 urte bitarteko zaleak izatea espero dute. Hala ere, hipodromoko ateak zabalik egongo dira familiarekin joan nahi dutenentzat ere. Antolatzaileek doan utziko diete sartzen 11 urtetik beherako haurrei, betiere heldu batek lagunduta. Hala, sarbide berezi bat jarriko dute familientzat, horrela doazen bisitariek ere jaialdiaren eskaintzaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Jende uholdea dela eta, esparruaren azalera handitzea erabaki dute antolatzaileek: 20.000 metro koadroko eremua hartu zuten iaz; aurten, ordea, 24.000 metro koadro izango dituzte jaialdiaren eremua egokitzeko. Lau agertokiez gain, eremu horretan jarriko dituzte janari furgonetak, eta sortzaileen eta merkatarien eskaintzak ere bai. «Eskaintza gastronomiko zabala» izango da, eta berritasun gisa, Mercadabadilloren laguntza izango dute Donostia Festibala Market antolatzeko. Hala, bertako sortzaile eta merkatarien produktuen eskaintza «zaindu eta zabal» bat izango da jaialdian, gaur egungo nahizvintage estiloko jantzi eta osagarriekin.
Halaber, eraso matxisten kontrako sentsibilizazio kanpaina bat ere egin dute. «Eraso eta jarrera sexistek ez dute lekurik Donostia Festibalean» diote antolatzaileek, eta, horretarako, sentsibilizazio kanpaina bat jarri duten abian Donostiako Udalarekin elkarlanean. Informazio gune bat jarriko dute egun bietan, 18:00etatik 03:00etara bitartean. Bertan, emakume hezitzaileen talde batek baliabideen eta egon daitezkeen egoeren berri emango diete bisitariei. Baietzik gabe ezetz da! leloa daramaten eskumuturrekoak eta txapak ere banatuko dituzte; zaleei ez ezik, baita jaialdian parte hartuko duten artistei ere.
Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:
www.donostiafestibala.com/
Donostia urbanoa
Aurten, Donostia Festibalak iazko jaialdian hartutako bideari eutsiko dio, musika urbanoen norabidean. 32 artista ariko dira, bihar eta etzi, hipodromoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu