Denboran iltzatutako leku bat

Miguel Bergasaren 'Menonitas de Nueva Durango' erakusketa jarri dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Paraguaiko menonitei 30 urtean egindako argazkiekin osatu du

Menonitas de Nueva Durango Miguel Bergasaren proiekturik bereziena da. Nafarroako Unibertsitateko Museoan egongo da martxora arte. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Azken 30 urteetan Miguel Bergasa argazkilari iruindarrak lau bidaia egin ditu denboran barna: Paraguaiko Nueva Durangoko koloniara egin dituen lau bisitak. Han bizi da aurrerapen oro baztertu eta erlijioa zorrozki jarraitzen duen komunitate bat: menonitak. Bergasak, bidaietan, komunitate horretako biztanleak fotografiatu ditu, eta, orain, 40 irudi aukeratu eta Nafarroako Unibertsitateko Museoan jarri ditu. Aste honetan aurkeztu du Menonitas de Nueva Durango izeneko erakusketa, eta 2019ko martxora arte egongo da zabalik.

Menonita izeneko komunitateak XVI mendean du jatorria: Europako erreforma luteranoan Menno Simons apezpiku anabaptistak bultzatutako zatiketa erlijiosoaren ondorioz sortu zen, eta apezpiku horrengandik hartu zuen izena. Menoniten printzipioak oso zorrotzak dira. Ez dute aurrerapenik onartzen, uste baitute horiek bekatura eramaten dutela gizakia, eta, hortaz, uko egiten diete egungo gizartearen erosotasun guztiei.

Bergasak kasualitate baten ondorioz ezagutu zuen menoniten komunitatea. 1983an Hego Amerikara bidaiatu zuen, argazki erreportajeak egiteko, eta, beste herrialde batzuen artean, Paraguai bisitatu zuen. Hain justu, garai hartan, Bergasa nostalgiari lotutako lan batean murgilduta zegoen: denboraren joanarekin desagertzen diren tokien argazkiak egiten zituen. Orduan, Asuncioneko kaleetan zebilela, haren arreta erakarri zuten bi pertsona ikusi zituen: bi menonita. «Denborak daramanaren bila ari nintzenean, menonitekin topo egin nuen», adierazi du argazkilariak. «1988an joan nintzen lehen aldiz Nueva Durangora, eta nire inpresioa izan zen denboran barna bidaiatu nuela».

Menonitak haien bizimodua onartuko duen toki baten bila aritu dira beti: jatorriz Herbehereetan, Suitzan eta Alemanian bizi ziren; handik Errusiara alde egin zuten, eta, ondoren, Amerikako Estatu Batuetara eta Kanadara. Egun, ordea, Mexikon, Belizen, Bolivian eta Paraguain bizi dira, kolonia txikietan eta hirietatik aldenduta, bekatua hiriguneetan dagoela uste baitute. «Herrialde batera heltzen direnean, menonitek hiru pribilegio negoziatzen dituzte gobernuarekin: soldadutza ez egitea, beren hizkuntza erabiltzea —deitscha, alemanaren dialekto zahar bat— eta beren eskolak mantentzea», azaldu du Bergasak. Haurrek eskolan Biblia baino ez dute ikasten, eta hori da bizitzan eskuratu dezaketen liburu bakarra.

Menoniten artean berezitasunak daude: batzuek zorrotzago jarraitzen dituzte jatorrizko printzipioak, eta beste batzuek, berriz, zenbait aldaketa onartzen dituzte. Nueva Durangoko koloniak mantentzen ditu tradizioak zorrotzen: 400 urtean apenas izan duten aldaketarik. Hori dela eta, Bergasarentzat ez zen erraza izan haiengana iristea eta haien etxeetaraino sartzea. Esan duenez, hori lortzeko ezinbestekoa izan zen Jacob Wall izeneko menonitaren babesa lortzea. «Haren laguntzarik gabe hau guztia oso zaila litzateke», erantsi du.

Menoniten bizitza «monotonoa» dela nabarmendu du argazkilariak: «Astelehenetik larunbatera arte lan egiten dute; igandeetan, berriz, goizean goiz elizara joaten dira, eta, ondoren, senideak etxeetan elkartzen dira tarte batez. Hori da guztia». Menonitak nekazariak eta abeltzainak dira, eta inguruko herri eta hirietako biztanleei salerosten dizkiete produktuak; hori da haiekin duten harreman bakarra. Hala ere, truke horiek gizonen ardura dira; horregatik, soilik haiek ikasten dute gaztelaniaz; emakumeek, ez.

Euskarriak batzeko erronka

Erakusketa osatzen duten 40 argazkietan menoniten koloniako hainbat toki agertzen dira: etxeak, eskola, zelaiak... Bergasak fotografiatu ezin izan duen toki bakarra eliza da, ez diotelako sartzen utzi. Argazki gehienetan pertsonak dira protagonistak, eta argazkilaria haien «duintasuna» harrapatzen saiatu da. Erakusketa osatzeko, Una patria lejos del mundo. Menonitas de Paraguay dokumentala ere jarri dute ikusgai. Bergasak filmatu zuen, 1988an egindako bidaian, Enrique Urdanoz kamerariarekin eta Alicia G. Montano kazetariarekin.

Proiektua hasi zuenetik gaur arte, argazkigintzak aldaketa asko izan ditu; besteak beste, analogikotik digitalerako jauzia egin du. Horregatik, Bergasak hainbat teknika nahastu ditu haren lanean: zuri-beltzeko eta koloretako diapositibak, argazki digitalak... Erakusketa osatzeko, ordea, horiek guztiak bateratu behar izan ditu. Lan hori «erronka zaila» izan dela aitortu du: «Digitalizazio lan zorrotz bat egin behar izan dut, eta, horretarako, Carlos Canovas argazkilariaren laguntza izan dut».

Bergasa 1970eko hamarkadan hasi zen argazkigintzan, eta ordutik egin dituen proiektu guztiak aukeratzeko «zortea» izan duela ziurtatu du. Guztietan bereziena, ordea, menonitena izan dela adierazi du: «30 urte igaro ditut komunitate horri erreparatzen, eta ikusi dut denbora horretan ez dutela inolako aldaketarik izan. Hori oso erakargarria iruditu zait, bai pertsonalki, bai fotografikoki». Haren lanik kutunena konpartitzeko aukera izateagatik «eskertuta» dagoela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.