Sei urte baino ez zituela hartu zuen lehen aldiz soinu txikia eskuen artean, eta jotzeari ez dio azkenera arte utzi. «Soinua uzteagatik diru mordoa emango balidate ere, ezingo nuke utzi. Trikitiak zoriontasuna ematen dit», kontatu zion Iñaki Garmendia Laja-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1944) kazeta honi, 2009an emandako elkarrizketa batean. Poza ematen zion berari trikitiak, eta haren doinuekin poza banatu zuen berak plazaz plaza. Aristerrazukoa (Aia, Gipuzkoa) zuen kutunetako bat. Han zela, ondoezik sentitu zen iragan igandean, eta, astea ospitalean eman ostean, atzo eguerdian hil zen, 74 urterekin. Harekiko «errespetuz» eta «oroimenez», Aristerrazun gaur egitekoa zen erromeria bertan behera utzi du Andatzako erromeria elkarteak.
Azkoitiko Laja baserrian jaio zen, eta aitaren eskutik hartu zuen lehen aldiz soinu txikia. Hura izan zuen lehen maisu, eta, beste hainbaten artean, Elgetarekin ikasi zuen ondoren. Gazterik hasi zen erromerietan jotzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailearekin bikotea osatuta ibili zen plazaz plaza urte askoan, eta, hark jotzeari utzi zionean, Mikel Alustiza lagun hartuta. Baita beste hainbatekin ere han-hemenka. Jendaurrean noizbehinka bazen ere, oraindik ere jotzen jarraitzen zuen. Baita trikitilari belaunaldi berriei zekiena irakasten ere.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an plazaratu zuen Lajaren biografia. Laja, trikitixaren zubia izenburua jarri zion lanari Joxemari Iriondo egileak, eta titulu horrek oso ongi laburbiltzen dumusikariak trikitiari emandakoa, elkarteko idazkari Andoitz Antzizarren ustez: «Trikitiaren jatorrian Elgeta aipatu ohi dugu, bakarra izan ez bazen ere, izen esanguratsuenen artean. Haren ikasle izan zen Laja, eta geroztik berak ere beste hainbati irakatsi die, oso esanguratsuak izan diren hainbati». Agurtzane Elustondo, Imuntzo eta beste hainbat aipatu ditu ikasle horien artean Antzizarrek.
Trikitia molde klasikoan jotzeko ereduaren ordezkari agerikoenetako bat izan arren, maite zuen gerora belaunaldi berriek ekarritakoa ere. Bien arteko zubi izaera hori aitortzen diote denek. «Elgetarengandik jasotako horren jarraipena izan zen, eta eredu horrekin jarraitzen zuen, baina besterik gutxietsi gabe», Antzizarren hitzetan. Horren lekuko dira Lajaren beraren hitzak, aipatu elkarrizketa hartan esandakoak: «Lehengo trikiti zaharra dezente mantendu dugu, eta gaur egunera arte ekarri dugu. Beste zenbaitzuek, Kepak [Junkera] eta Tapiak-eta aldakuntzak ekarri zituzten, eta hori ere beharrezkoa da. Beti iguala ezin liteke egin. [...] Gero jendeak erabakiko du zer gustatzen zaion». Atzetik etorritako trikitilari belaunaldientzat hitz onak izaten zituen; Antzizarrek ere ez zion «sekula» kontrakorik entzun. «Nahiz eta berean jarraitu, bestea ere maite zuen».
Erromeriak eta txapelketak
Ibilbide luze eta oparoa egin zuen Lajak trikitiaren munduan, izen nabarmenetako bat izateraino. Horren aztarna bat eman dezakete plazaratu zituen diskoek, Iturbiderekin 1974an ateratako Trikitilariak lanetik hasita, Eguren eta Ziolar lagun hartuta 2005ean kaleratutako Azken Jazzbana-raino —Landakandarekin atera zituen gehienak—. 2015ean izan zen disko batean parte hartu zuen azken aldia: hiru pieza osatu zituen Trikitixa Elkarteak ateratako Geure kolkotik bildumarako. Pieza berriak sortzen ez ezik «bere garaian modan zeuden kantak hartu eta trikitira ekartzen ere oso abila» zela azaldu du Antzizarrek. Baita plazetan jendearekin «konektatu» eta leku bakoitzean behar zen huraxe jotzeko ere. «Errepertorio ikaragarria zeukan».
Horregatik, uste du Laja «erromerietako erregea» izan dela. «Iruditzen zait Euskal Herriko txokorik txikienean ere ezagutuko dutela». Aristerrazu zuen plaza kutunetako bat. «Ausartuko nintzateke esatera bera izan dela han gehien jo duena. Uste dut hutsik egin gabe urtero-urtero jo izan duela han, eta urte batzuetan behin baino gehiagotan».
Eta erromerietako errege izan bazen, «txapelketetan zer esanik ez». Loiola irratiaren bidez 70eko urteetan hasi eta 1991ra bitarte egindako txapelketa haietatik zazpi irabazi zituen, inork baino gehiago. 80ko hamarkadan Martin Aginalderekin zeukan «lehia izugarria» ekarri du gogora Antzizarrek. «Urte batean berdinketa izan zen, eta biek jantzi zuten txapela. Erromerietan ere bazen, komatxo artean, lehia bat, batzuk Martinen aldeko sutsuak baitziren, eta beste batzuk Lajaren aldeko sutsuak. Oso pertsona berezia izan zen trikitiarentzat gauza horiengatik guztiengatik». Berezia, eta oso maitatua ere bai. «Oso gizon umila zen, goxoa, harrokeriarik gabekoa, eta oso hurbilekoa».
Azken urteotan, maite zituen bi-hiru plazatan aritu ohi zen Laja urtero —horietako bat izaten zen Aristerrazukoa—. «Horiek egiten zituen, nire ustez, odolean zeraman har hori asetzeko».
Lajaren aldeko hileta elizkizuna bihar iluntzean egingo dute, Azkoitiko parrokian.
Musika. Iñaki Garmendia 'Laja'
Bizi osoa trikitia hartuta
Trikitiaren molde klasikoaren ordezkari agerikoena zen, baina maite zuen gazte belaunaldiek ekarritakoa ere. Bien arteko zubia izan zen, askoren ustez. Ehunka plaza alaitu ostean, 74 urterekin zendu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu