Londres nagusiki zuri eta erabat arrazista batean hazi zela kontatu du Bernardine Evaristo idazleak Bilbon, baita inguru etsai horretan antzerkiak aterpe moduko bat eskaini ziola ere. «Outsider-ok ongi etorriak ginen teatroan». Antzerki ikasketak hasi, beraz, hainbat lagunekin Theatre of Black Women konpainia sortu, han ofizioko lan guztiak egin, eta, azkenik, literaturara lerratu zuen bere ibilbidea, besteak beste, bere hezur-haragitan bizitako diskriminazio horiek guztiak kontatzeko. 1994an eman zuen argitara bere lehen liburua, baina 2019an kaleratutako Girl Woman Other liburuak eman zion nazioarteko sona. Bertso librean idatzitako nobela horretan 19 urtetik 93 urtera bitarteko hamabi emakumezko beltzen nondik norakoak kontatu zituen Evaristok, eta lan hari esker jaso zuen Booker sari entzutetsua. Hori lortu zuen lehen emakumezko beltza izan zen. «Mainstream-aren arreta jaso nuen», azaldu du, eta arreta hori gizartean eragiteko baliatzen saiatzen dela ere bai. Fair Saturday Fundazioak antolatutako BBK Kultura Social Forum topagunean izan da hizketan idazlea, Bilboko Guggenheim museoko auditorium betearen aurrean, Quindy Akeju Afrocolektiba proiektuaren sortzaile, erizain eta aktibistarekin batera.
Ikusi gehiago
Evaristok azaldu duenez, orain berriz ere antzezlan bat idazten dabil, baina, idazteaz harago, «literaturaren paisaia aldatzeko» hainbat proiektu ere badarabiltza esku artean. «Ni hasi nintzenean, liburuak argitaratzen zituzten oso-oso idazle beltz gutxi zeuden. Industriak ez zuen gugan interesik, ez eta gure istorioetan ere».
Erresuma Batuan argitaratzen ziren idazle beltz eta asiarrei buruzko txosten bat ere eman zuen argitara 2006an, esaterako, eta gardena izan zen haren ondorioa. Bildutako datuen arabera, Erresuma Batuan argitaratutako 100 poesia liburutatik bakarra baitzen idazle beltz eta asiarrek idatzitakoa. Kopuru osoaren %1 baino ez, alegia.
Noa abeslari israeldarraren aurkako mobilizazioa egin dute
Nazioarteko lehen lerroko hamaika hizlari bildu ditu Bilbao Kultura Social Forum topaguneak, eta Noa abeslari israeldarrak ere hartu zuen hitza atzo arratsaldean. Israelen aurkako boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzearen aldeko kanpainaren Bizkaiko adarrak, ordea, mobilizazioa antolatu du Bilboko Guggenheim museoan haren parte hartzea salatzeko. Palestinarren aurkako «genozidioa» martxan den bitartean «ordezkari sionistei» ahotsa ematea txarretsi du taldeak. «Noa kolonizazioa normalizatzeko eta zuritzeko estrategia horren parte aktiboa da, nahiz eta bere sionismoa ahots kritiko etiketarekin mozorrotu». Aurrez, Bilbo-Palestina herri egitasmoak ere arbuiatu egin zuen Noaren parte hartzea.
Eta, hain zuzen ere, kopuru horiek aldatzen laguntzeko jarri zuen martxan Brunelgo Unibertsitateko Afrikar Poesiaren Saria 2012an. Eta, Bilbon esandakoaren arabera, oraindik ere saiatzen da Booker sariak emandako arreta literatura inklusiboago bat lortzen laguntzeko baliatzen. «Jendeak orain aurrez sekula entzuten ez ninduen bezala entzuten nau».
Girl Woman Other baino lehen ere, bazuen poema forman idatzitako beste eleberririk. Hori da The Emperor’s Babe liburuaren kasua, esaterako. Bertan, bertsoz bertso, erromatar agintepeko Londresen bizi den nerabe beltz baten istorioa kontatu zuen idazleak. Eta bertsotan idatzi zuen Lara izeneko nobela autobiografikoa ere. Bilbon kontatu duenez, gainera, BBC telebista kateak egunotan zabalduko du 2014an idatzitako Mr Loverman izeneko eleberriaren telebistarako moldaketa.
Aldaketa «motela»
Royal Society of Literature erakundeko lehendakaria ere bada egun Evaristo, bai eta Idazketa Sortzaileko katedraduna Londresko Brunelgo Unibertsitatean ere. Postu horietan izan den lehen emakumezko beltza ere izan da, baina, aldaketak egon badauden arren, onartu du erakundeetan aldaketa «motela» dela oraindik ere.
Evaristok Bilbon azaldu duenez, «zubiak sortzea» da artearen egitekoetako bat. «Ez pedagogikoa izatea edo jendea heztea, baizik eta gure ikuspuntuaren eta kultura nagusiaren ikuspuntuaren arteko zubiak sortzea, horrela hasi baikaitezke gure gizatasun konpartitua ulertzen, eta orduan hasiko baitira gauzak aldatzen».
2015ean sortu zen Fair Saturday fundazioa, Bilbon, eta, haien hitzetan, kultura eta «enpatia soziala» dira haien jardunaren zutabe nagusietako bi. Haien bidez gizarte «bidezkoagoa» eta «garatuagoa» eraikitzen laguntzea da proiektuaren funtsa, eta asmo berarekin sortu zuten BBK Bilbao Kultura Social Forum izeneko topagunea ere. Ahalmen eraldatzailea duten proiektuak sustatzen dituzten mundu mailako lehen lerroko hainbat sortzailerekin hizketaldiak antolatzen dituzte horretarako. Eta haien artean izan da aurten Bernardine Evaristo idazlea. Baina luzea izan da hizlarien zerrenda, Bilbon izan direlako, besteak beste, Abhijit Banerjee Ekonomia Nobel sariduna, gaur egun Star Wars sagako hurrengo lana filmatzen ari den Sharmeen Obaid Chinoy zinema zuzendaria, eta Noa musikari israeldarra.
Gaur jarraituko du BBK Bilbao Kultura Social Forumen programak, eta, tartean, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak hartuko du hitza, Abesteak gizarteratzen zaitu izenburuko hitzaldia emateko.